Energia sortu eta fakturan aurrezteaz gain kontzientziazioa eta hezkuntza sustatuko dituzte.
Argia (Fontellas) eta Andra Mari (Etxarri-Aranatz) ikastolek Nafarkoopen eskuetan jarri dute bere autokontsumoko proiektuak abian jartzeko ardura. Kooperatiben arteko ekimen honen helburua da energia sortzea modu lokal eta banatuan, ardatz nagusia herritarren partaidetza delarik.
Ikastolek autokontsumoaz baliatuz euren argindarraren faktura murrizteko aukera izango dute, eta, aldi berean, programa pedagogiko bat garatuko da ikasleak, familiak eta irakasleak energiaren, iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren inguruan hezteko.
Nafarkoop da proiektu hau aurrera ateratzeko eta finantzatzeko arduraduna. Nafarkoop Goiener Taldearen baitan energia berriztagarriko proiektuak garatzeko sortutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba da. Jatorri berriztagarriko energien instalakuntza ahalik eta banatu, lokal eta deszentralizatuenak sustatzea, eraikitzea eta erostea da bere xede nagusia. Gauzak horrela, gaur egun, 1.500 bazkide baino gehiagok kontsumitzen dute energia Goiener Taldearekin Nafarroan.
Oraingoan, Nafarkoopeko bazkideen borondatezko ekarpenei esker 400.000 euro bildu ditu kooperatibak, 5 instalazio fotovoltaiko eraiki eta martxan jartzera bideratu direnak. Argia eta Andra Mari ikastolako proiektuez gain beste batzuk atera dira aurrera Gasteizko Armentian, Tolosako Laskorainen eta Bermeoko Eleizalden.
Nabarmentzekoa da, instalazio guztiak fotovoltaikoak direla eta sarera konektaturik daudela soberakinei probetxu ateratzeko. Guztira 1800 m²ko azalera hartu dute, urtean 410 MWh inguru sortuz, gutxi gorabehera 160 etxek adina.
Sare elektrikoan energia % 100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain CO2, NOx eta SOx emisioak murriztuko dira eta argindarraren garraioan eman ohi diren galerak ere bai. Ondorioz, Argia eta Andra Mari Ikastolako instalazioekin bakarrik 4827 zuhaitzek urtean xurgatzen duten adina CO2 igortzea ekidinen da.