Elkartasunezko ekonomiak halako ekonomia sozial jakin bat hartzen du aintzat, erakunde eta enpresa sorta zabal batek ekoiztu eta banatzen dituen ondasun eta zerbitzuetan oinarritua. Erakunde eta enpresa horiek helburu sozialak eta ingurumenekoak dituzte, helburu esplizituak, eta haien jardunak lankidetza, elkartasuna, etika eta autokudeaketa demokratikoa ditu oinarri.
Gaur egun, hainbat erronka ditugu eta gizarte gisa egin behar diegu aurre bere osoan. Izan ere, egungo osasun krisiaz eta hark eragindako ondorioez gain, klimaren krisia ere badago, duela urte askotatik hona iragarritakoa, eta halaber, eredu kapitalistak aldian-aldian inposatzen dituen krisiak, ahaztu gabe kezkagarria dela nola ari diren zabaltzen erregimen faxistak eta totalitarioak, jende gehienaren eskubideak eta duintasuna arriskuan jarrita. Horretarako, politika sozialak eta ekonomikoak beste norabide baterantz eraman behar dira, justizia eta ekitate irizpideetan oinarriturik, giza garapenean bermaturiko ereduetarantz, gizarteari eta ingurumenari begira jasangarriak, hori guztia prozesu jakin baten barnean, hau da, jendea ordezkatzen duten erakundeek, gizarte erakundeek eta herritarrek berek zuzenean eta era aktiboan parte hartuta, demokrazian are gehiago sakonduta. Demokrazia, betiere, eskubideen eta aukeren sozializazio gisa ulertuta.
Erakunde publiko askok Garapen Jasangarriko Helburuak lortzera bideratu nahi dituzte beren politikak. Helburuok NBEren baitan sortu ziren, 2015ean. Agenda 2030 hori betetzera hurbiltze aldera, paradigma sozial, politiko eta ekonomiko egituratua aldatu beharra dago, jendearen bizitza erdigunean jarrita, eta premia osoz ekin osasun eta gizarte egoerari nahiz klima-egoerari. Horrenbestez, guztion artean, garapen-eredu jasangarrietarantz bideratu behar ditugu politika sozialak eta ekonomikoak. Horrek berekin dakar lehenetsi behar direla, bai politikoki bai diruz, herritar guztien ongizatean sakontzen duten politikak: hezkuntza, osasuna, enplegua, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, gizarteratzea, etab, bai eta ingurumenaren kontserbazioa eta sustapena ere, herritar gehienen eta ingurumenaren onerako ez den beste edonolako kontsiderazio ekonomikoaren gainetik.
Egungo krisiak eragin dituen pentsamenduarekin eta gizarte-ereduarekin, ezin da gizartea eraldatu eta, ondorioz, ezin dira Garapen Jasangarriko Helburuak lortu. Elkartasunezko Ekonomia (EE) gizartea eraldatzeko eredu bat da, bizitzaren erreprodukzioaren zerbitzuan, prozesu demokratiko, parte-hartzaile eta barneratzaileetan oinarritua, garapen baztertzaile eta jasangaitza atzean utziko duena, pertsonen ongizatea eta eskubideak nahiz ingurumeneko jasangarritasuna lehenetsita.
EE promesa nabarmena da ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko helburuak lortzeko, bai eta garapen jasangarri kontzeptuari datxezkion ikuspegi integratuak lortzeko ere. EE Garapen Jasangarriko Helburuen abangoardian dago, bere ikuspegi integratu eta holistikoak eraginda: izan ere, Elkartasunezko Ekonomia Sozialeko erakunde, enpresa eta sareek helburu berberak dauzkate gogoan aldi berean, ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak, bai eta helburu emantzipatzaileak ere. Ekimen horiek, dena den, erakunde publikoen sostengua behar dute, hainbat neurriren bidez: hala nola, sozialki arduratsua den erosketa publikoa, eta gizarte eta ingurumeneko klausulen aplikazioa, batetik, antolaketa forma berriak sustatzeko eta, bestetik, prekarietatea, behin-behinekotasuna eta lehiakortasuna hausteko.