Konfinamenduaren ondoko lehen hilabeteotan, udalek hainbat ekintza abiarazi dituzte tokiko ekonomia suspertzen saiatzeko; denda txikiak, batez ere. Neurri nagusia kontsumorako txartelak dira, bai eta zerga-salbuespenak ere. Neurri batean, larrialdiko laguntza bat da, une jakin baterako.
Jarduera ekonomikoa murriztu izanak krisia ekarriko du ezinbestean, 2008tik hona egosten ari zena, krisi hartatik ez baikinen sekulan suspertu.
Krisiak diru-sarrerak murriztuko dituenez, aurrekontuetan murrizketak egin beharko dira, bai maila globalean bai tokikoan, Europako dirua noiz iritsiko zain.
Egoera hori ikusirik, udalek tresna berriak beharko dituzte udal aurrekontuaren erabilera optimizatzeko. Bada, tresna horietako asko Elkartasunezko Ekonomia Sozialetik etorriko dira.
Ekhilur irabazi-asmorik gabeko kooperatiba REASen bazkidetua dago eta, datozen hilabeteotan, proba pilotu berritzaile bat eginen du gizarte laguntzak kudeatzeko. Ekhilur Sistemak, izan ere, laguntzak eraginkortasunez kudeatzen laguntzeaz gain, hurbiltasuneko merkataritza txikirantz bideratzeko aukera ere ematen du.
Proba pilotua 20.000 bizilaguneko udal batean eginen da. Horrela, 25 bat familiak prestazio sozial bat jasoko dute, eta beste 25 familiak, berriz, sistema erabiltzeko aukera ere izanen dute, baina prestazio sozialik jaso gabe, hau da, txartelak erabiltzeko aukera emanen zaie. Oinarrizko produktuak saltzen dituzten 10 eta 15 dendaren arteko sare bat sortuko da.
Nola egin daiteke hori?
Erraza da egitea. Begira: laguntza horietara zuzendutako dirua “markatuko” da, sare baten barruan dauden herriko dendetan soilik erabili ahal izan dadin. Udalak berak, aurrez, sarea definituko du.
Ekhilur Sistemak diru-kontu elektronikoak sortzeko aukera ematen du. Ia bankuetako kontu korronteen baliokideak dira, baina bankurik gabe eta banku-kontuen lege-berme guztiak dituztela.
Laguntza sozialak aipatu kontuetan sartuko dira, eta sartzen den diru guztia edo zati bat “markatu” daiteke. Horrela, ziurtatu daiteke diru “markatu” hori denda sare horretan bakarrik erabiliko dela.
Sistemak hainbat sare sortzeko parada ematen du. Halako sare nagusi bat osa liteke, udalerriko denda guztiak barnebilduko lituzkeena, eta azpisare bat, oinarrizko produktuak saltzen dituzten dendek osatua.
Horri esker, kontu horien erabiltzaileek beren dirua kontu horietan beretan sartzen badute, erabili egin dezakete oinarrizko produktuen azpisarean sarturik ez dauden beste denda batzuetan, eta horrela ere sistemak onura ekarriko die, Ekhilur kooperatibaren erabiltzailea den beste edozein herritarri bezala. Horrek estigma kentzen die pertsona horiei, dendak ez baitaki erosketarako dirua pertsona haiena den edo gizarte laguntzetatik heldu ote den.
Dendek, aldi berean, deskontu diferituak eskaini eta sistemaren erabiltzaileen kontuetan kargatuko dituzte. Deskontu horiek berriz ere diru markatuan kargatuko dira, deskontu horiek egiten dituzten denden sarean bakarrik erabiltzeko. Oso mekanismo eraginkorra da fidelizaziorako, azalera handietan erabiltzen dutena bezalakoa.
Laguntza sozialetarako baizik ez?
Eta ez soilik laguntza sozialak, hau da, sistema horren bidez bideratu litezke udalerrian egin daitezkeen edonolako udal gastuak eta portzentajeak (dirulaguntzak, gastu orokorrak, soldatak…).
Oso tresna erabilgarria izan daiteke udaletarako esparru askotan, gastu publikoa tokiko ekonomiarantz oso modu eraginkorrean bideratzeko aukera emanen duelako, aldi berean diru publikoaren efektu biderkatzailea tokiko ekonomian nabarmen handituta. Era berean, hurbiltasuneko zirkuitu ekonomikoen osaera sustatzen du eta, era berean, oso datu erabilgarriak eta zehatzak eskuratzen has gaitezke tokiko ekonomiaz, hori bankuen eskura egon baita orain arte.