Skip to content

Geltoki, kultura seguruaren aldeko apustua garai zailetan

Geltoki

Egungo egoeran mugak jarri behar badira ere, Elkartasunezko Ekonomia eta kontsumo arduratsuaren gunea kudeatzen duen proiektu kooperatiboak kultur agendari berrekitea erabaki du, errotik eten egin baitzuen pandemiak dena joan den martxoan. Autobus-geltoki zaharrean kokatua, ekitaldiak egokitu behar izan dira, asmamen handiz egokitu ere, segurtasun eta higiene arloko neurriak betetzeko eta, horrela, kulturaren sua piztuta mantentzearen aldeko apustua egiteko, kultur munduko beste gune eta erakunde batzuek egin duten bezala, betiere segurtasunezko baldintzetan oinarrituta.

Horrela, datozen hilabeteetarako jarduera eta ekitaldien programa munta handikoa da eta, ekainaren erdialdean berriz zabaldu zenetik, garrantzitsua izaten ari da erabiltzaileen eta publikoaren erantzuna. Besteak beste, SZnatoki! kontzertu zikloa nabarmendu behar da, tokiko taldeak izan baitziren ardatz uda parteko ostiral gauetan.

Datozen hilabeteetan, hainbat ekitaldi dira nabarmentzekoak, guztiak ere hilean behingoak, hala nola EKOtopaketa eta EKOmerkatua, hil bakoitzeko lehen ostegun eta larunbatetan, hurrenez hurren. Hil bakoitzeko bigarren larunbatean, gainera, Re*Market egiten da, bigarren eskuko arropa trukatu eta saltzeko merkatu parte-hartzailea, geltokiko leihatila eremuan egiten dena, tokiko Dj´s eta musika taldeek musika zuzenean jotzen dutela. Hileko azken ostiraletan, berriz, Geltokin gune bat apailatzen da nekazaritza, abeltzaintza eta arte eszenikoak Gastro Show gastronomia-ekitaldiaren inguruan biltzeko, tokiko ekoizleek beren produktuak aurkezteko eta tokiko artistek beren obrak afari baten arrimuan emateko. Hilaren azken larunbatetan, berriz, Repair Café izeneko topaketa informala egiten da, egunero erabiltzen ditugun objektu txikiak konpontzeko, eta objektu horiei bestela begiratzen ikasteko eta haietan bestelako balioa ikusteko. Tramankulu matxuratuak konpondu daitezke, adituek lagundurik, betiere kafe onaren konpainian eta zuzeneko arte ikuskizunen aurrean.

Hileroko ekitaldi horiez gain, irailaren azken larunbatean eta urriko lehen hiruetan, Ipuinak Ipuin euskarazko ipuin-kontalari saioak eginen dira, egileak, ilustratzaileak eta kultura nahiz kirol munduko jendea bertan egonen direla, hala nola Oier Sanjurjo, Nerea Bermejo, Ene Kantak eta Maider Ansa. Datozen hilabeteotan, halaber, tokiko produktuak bi eskutan dastatzeko aukera izanen da, baina bestelakoak ere eginen dira, hala nola sukaldaritza tailerrak, erakusketak, eta taldeek eta gizarte erakundeek antolatutako beste ekitaldi batzuk. Beraz, erne ibili behar da hemengo agendari erreparatzeko. Den-dena webean dago ikusgai: www.geltoki.red

#mESS edo elkartasunezko ekonomiaren hilabetea azaroan itzuliko da Geltokira.

Urte osoan Geltokin lan egin eta esperientziak trukatzen dituzten erakundeen arteko lankidetza arteko foroak dira antolatzaile, hau da, Ehunen Foroa, Energia Berriztagarrien Foroa eta Finantza Etikoen Foroa. Bada, #mESS azaroan itzuliko da, jardueraz beterik, bigarren edizioa egiteko.

Besteak beste, argazki erakusketa bat da nabarmentzekoa, hots, “Energia ona, ingurumena errespetatzen duena”, bai eta Enerzinema (6-13-20) zine jasangarriko zikloaren bigarren edizioa ere, Energia Berriztagarrien Foroak (Goiener, Som-Energia gara eta E+p), Greenpeacek eta Geltokik antolaturik. Finantza Etikoen Foroak, bestalde, Scape Room tematiko bat antolatu du larunbaterako, Teatrolari antzerki eskolak parte hartuko duelarik. Ehunen Foroak, gainera (Setem, Emausko Trapuketariak, Geltoki eta tokiko ehun-artisauak) Pasarela de denuncia y alternativas izeneko ekitaldia antolatuko du hilaren 14rako, larunbat arratsalderako, Zirika Zirkusek lagundurik. Gainera, hilaren 10ean (asteartea), Ekonomia Sozialaren Egunaren ekitaldi ofiziala eginen da, Nafarroako ekonomia soziala osatzen duten bost familiek parte hartuta. Hauek dira: Anel, UCAN, Gizarteratze eta Laneratze Zentroak, REAS eta Nafarroako Fundazioak. Agintariak ere bertaratuko dira.