Nafarroa Bizirik Nahi Dugu
Europar Batasuneko aurrekontu-partidarik handiena da (60.000 milioi urteko), eta nola kudeatzen den edo zer helbururekin, zuzeneko eragina du ingurunean, elikaduran, ekonomian, landa-munduan eta gizartean, oro har. Nekazaritzarik kanpo, ia ez da hartan arretarik jarri, nahiz eta garrantzi handia duen elikagaien ekoizpenean, ingurumenean, krisi klimatikoan, despopulazioan, aberastasunaren banaketan, biodibertsitatearen zainketan, etab.
Orain arte, Nafarroan bultzatu eta aplikatu diren politiken ondorioz, egungo nekazaritza-eredua Estatuko eta Europako eredurik intentsibo, industrial eta globalizatuenetako bat da. Gainera, lehiakortasun desleiala egiten du eskala txikiko ereduekin, eta kalitate apaleko lehengai merkea ekoiztea lehenetsi da elikagaietan. Horrekin batera, mugagabe ustiatu dira natur baliabideak eta ahalik eta denborarik laburrenean ekoizten saiatu da, produktu toxiko eta kutsagarri askoz erabiliz. Gogora ekarriko dugu Espainiako Estatuak erabiltzen dituela pestizidarik gehien Europako herrialdeen artean: 71.987 tona, 2018an, Europako Estatistika Bulegoaren arabera (Eurostat). Hori dela eta, ez da harritzekoa Estatuan kontsumitzen ditugun begetalen % 41ek plagizida hondarrak izatea, Elikadura Segurtasun eta Nutriziorako Espainiako Agentziaren arabera (Aesan).
Nekazaritza Politika Bateratuaren diru gehienak zuzenean ordaintzen dira azalera kontuan harturik. Hau da, lurjabe handien mesedetan izan da (mugarik gabe eta errentari laguntzeko beharra ebaluatu gabe) eta lurrak metatzea sustatuta. Ustiategi edo enpresa handi horiek praktika intentsiboak aplikatzen dituzte ekoizpenean, eta horrek kaltea eragiten dio herrien ingurumen, gizarte eta ekonomia arloko jasangarritasunari. Dirua horrela kudeatzeak are nekazari eta abeltzain gutxiago izatea eragiteaz gain, nekazaritza-abeltzaintzako ereduaren areagotzea ekarri du, eta ekarri ere, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren eragin handiagoa klima-aldaketan, lurralde-desoreka, biodibertsitatearen galera handiagoa edota ekoizpen txikien nahiz soldatapekoen prekarizazioa.
Aztergai dago Nekazaritza Politika Batua berritzeko proposamena, baina esan behar da proposamen hori premiaz berrikusi behar dela, ez baititu biltzen gizartean eta ingurunean diren errealitate berriak, ezta egungo osasun krisia ere, ez eta ingurumenean diren gero eta arazo handiagoak, eta hain zuzen ere, arazo horien ondorioz sortuak dira Europan Itun Berdea eta “Etxaldetik mahaira” estrategia.
Covid krisiak agerian jarri du sistema globalizatuaren hauskortasun handia. Ikusi dugu ekoizpenaren deslokalizazioak osasun materialaren eskasia eragin duela. Egungo elikadura-sistemarekin, antzeko zerbait gerta dakiguke, ez badugu argi eta garbi berrikusten eta aldatzen Nekazaritza Politika Bateratua, beste politika batzuen artean. Horretarako, gure iritziz:
- Nekazaritza Politika Bateratuaren berrikuntzak Elikadura Burujabetzaren printzipioetan oinarritu behar du.
- Elikadura Merkataritza Libreko Itunetatik atera behar da.
- Nekazaritza Politika Bateratuak lagungarria izan behar du agroekologian oinarritutako nekazaritza-eredurantz jotzeko, eta egungo eredu kutsagarri eta osasungaitza penalizatu behar du.
- Diruak nekazari eta abeltzainei eman behar zaizkie, trantsizio hori behar bezalako gizarte eta lan baldintzetan egin dadin, elikagai osasungarriak eta kalitatez onak ekoiztuko direla segurtatuta, biodibertsitatea zainduta, krisi klimatikoari aurre eginda eta belaunaldien arteko txandaketa sustatuta.
Teorian, gizarte zibila garen aldetik, Estatuko eta Eskualdetako landa-garapenerako planen zehaztapenean parte hartzeko aukera dugu. Ez dago argi nola bermatuko den egiazki partaidetza hori. Hori dela eta, gonbitea luzatu nahi dizuegu Iruñean azaroan egitekoa den foroan parte hartzera. Laster, xehetasun guztiak emanen ditugu Nafarroa Bizirik Nahi Dugu plataformaren bidez. Etorkizuneko Nekazaritza Politika Bateratua eta haren aplikazioa Nafarroan izanen ditugu eztabaidagai.
Gure iritziz, datozen urteotako nekazaritza politika eta Landa Garapenerako Laguntzak trantsiziorantz bideratu behar dira Nafarroan, hots, tokiko ekoizpen-eredu bidezko eta jasangarrirantz jotzeko. Halaber, “Etxaldetik mahaira” Europako estrategian ezarritako helburuak betetzera jo behar da.