REAS Sareen Sarea da eta haren funtsezko eginkizuna Elkartasunezko Ekonomia sustatzea da, bizitzaren jasangarritasunaren zerbitzuko tresna gisa, jendea eta ingurumena beste edozein interesaren gainetik jarrita. Elkartasunezko Ekonomia sustatzen dugu egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko paradigma gisa, beharrezkoa eta posible baita, erdigunean bizitzaren jasangarritasuna jarrita. 1995ean eratu zenetik, 25 urteko ibilian, Espainiako Estatu guztian Elkartasunezko Ekonomia sendotzea izan du xede, gizartea eraldatzeko subjektu gisa duen gaitasunean sakonduta, betiere Elkartasunezko Ekonomiaren Printzipioen Gutunean bildutako balio eta praktikak abiaburu harturik. Horren haritik, REAS Sareen Sareak hiru ikuspegitan oinarriturik dihardu: ekonomia kritikoa, ekonomia alternatiborako praktika multzo bat, eta gizartea eraldatu nahi duen mugimendua:
– Izan ere, ekonomia kritikoaren ikuspegitik, ekonomia birkokatzea proposatzen du, pertsonak eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarrita, eta lurraldetasunari dagokionez, tokikora itzulita.
– Horrez gain, praktika ekonomiko alternatiboetan dihardu, aldaketa proposatzen baitu ziklo ekonomikoko esparru guztietako harremanetan (ekoizpena, banaketa, kontsumoa eta finantzabidea), betiere justizian, lankidetzan, elkarrekikotasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarriturik.
– Gizarte mugimendu bat da, egungo ekonomia-sistema nagusia zalantzan jartzen duelako eta hura aldatzea proposatzen duelako.
Elkartasunezko Ekonomiaren Sareak bere konpromisoa berritzen du urteak betetzen dituen bakoitzean, pertsonen alde eta ingurumeneko jasangarritasunaren alde lan egiteko. Hasierako sare hark bi meritu izan zituen, nagusiki: batetik, baliabideak, pertsonak eta herriak esplotatzen dituen sistema baten kontra jotzea eta, aldi berean, bestelako ekonomia garatzeko aukera eta beharra praktikotasunez erakustea, hau da, pertsonen eta ingurumeneko jasangarritasunaren zerbitzuan dagoen ekonomia, alegia.
REAS Sareen Sarea sare konfederala da, 15 lurralde-sarek eta 4 sektore-sarek osatua, ia 800 entitate nahiz enpresa barnebilduta, eta 44.000 pertsonak parte hartuta: 19.000 lagun kontrataturik eta 24.000 boluntario. Urteko diru-sarrerak 700 milioi eurotik gorakoak dira, zertarako eta “gizatasunik gabeko ekonomiari, ingurumenaren hondamenari eta gizarte balioen degradazioari erantzuteko”. “Bestelako ekonomia” hori hainbat sektoretan gauzatzen da, hala nola finantza etikoetan, bidezko merkataritzan, hondakinen berreskurapen eta berrerabilpenean, laneratzean, elikadura ekologikoan, aseguru etikoetan eta komunikazioan.
REASen nortasunean eta hazkuntzan funtsezko ezaugarri bat izan da, hots, kutsadura-gaitasuna, eta horrekin batera, jendea, lurraldea, sektore ekonomikoak, askotariko ekimenak eta beste saretzeko erakutsi duen jarrera irmoa. Izan ere, sare-lanak eta lankidetza-sareak indartsuago egiten gaituzte, eta gaitasun handiagoa dugu bai gizartean, bai politikan, bai ekonomian eragiteko. Elkartasunezko Ekonomia, gainera, ekarpen oso baliotsuekin joan da indartzen; esate baterako, ekonomia feministak eta ekologikoak egindako ekarpenen bidez. Izan ere, bizitzaren jasangarritasunaren paradigman oinarriturik erakutsi digute aurre egiten kapitalismoak dakartzan larrialdi berriei, eta nola ez, lagungarriak ere izan zaizkigu, geure praktikak eta geure antolaketa moldea eraldatzeko.
Elkartasuna da bidea, halaxe da bizia Lurrean agertu zenetik, eta lankidetzarekin batera, horrexek bermatu du giza biziraupena. Berrikitan ikusi dugu Covid-19aren osasun krisian, nola [QR] elkarri laguntzeko eta elkartasunezko ekimen ugariei esker, arindu ahal izan diren krisi horren kalteak, gizarte mugimenduen eta gizarte zibil antolatuaren ekimenez. Krisia aldi berean izan baita ekonomikoa, politikoa eta soziala, urrutitik zetorrena, eta zoritxarrez, hemen gelditzeko itxura daukana.
Horrenbestez, beharrezkoa da egungo prozesua aldatzea, lurralde habitagarriagoak eta erresilienteak eraikiz, ingurumeneko osasuna hobetzeko, biodibertsitatearen alde egiteko, eta gure planetak behar duen trantsizio ekosoziala gauzatzeko. Prozesu horretan, herritar guztien oinarrizko beharrak bermatu behar ditugu, betiere kalitatezko sistema publiko batean eta zainketen gizarte erantzunkidetasunean oinarriturik. Halaber, lanak zuzentasunez banatu behar dira gizarte-eragile guztien artean. Behar-beharrezkoa da herritarren artean lekua eta ikusgaitasuna lortzea, eta batez ere, erdietsi behar da ekonomia sozial eta solidarioa aukera irisgarria izatea edonorentzat; bereziki, talde ahulenentzat.