Saltar al contenido

Sakanako Ekonomia Sozialaren Topaketan hartu du parte REAS Nafarroak

Otsailaren 25an Dinabiden ospatu da Sakanako Ekonomia Sozialaren Topaketa. Bertan izan dira Ekonomia Sozialaren hainbat eragile, eta ESSren balore eta printzipioak nabarmentzeko, REAS Nafarroak hartu du parte.

Sakanako Ekonomia Sozialaren Topaketa Sakanako Ekonomia Sozialaren Mahaia osatzen duten erakundeek antolatu dute ekonomia sozialaren eredua eta haren eragina eskualdean ezagutarazteko eta indartzeko helburuarekin.

Topaketan zehar, ekonomia sozialaren arloan Sakana eskualdean lanean ari diren sare eta erakundeek beren jarduna aurkeztu dute, baita gaur egun dituzten erronkak eta etorkizuneko lankidetza-aukerak ere. Bereziki, zaintzen arloan martxan dauden esperientziak ezagutzeko aukera izan da, eskualdeko beharrei nola erantzuten zaien ikuspegi praktikotik aztertuz.

Jardunaldiaren azken zatian, parte-hartzaileek elkarlanean hausnartzeko eta trukerako gunea izan dute, interkooperazioaren bidez landu daitezkeen aukerak eta erronkak identifikatzeko asmoz.

Xanti Kiroga izan da REAS Nafarroaren ordezkaria. Bere interbentzioan azpimarratu ditu Ekonomia Solidarioaren printzipioak: Ekitatea, Jasangarritasun ekologikoa, Lan duina, Aberastasunaren zuzeneko banaketa, Elkarlana eta Ingurunearekiko konpromisoa. Printzipo hauek neurtzeko balio duen tresna, Auditoria Soziala, balorean jarri du Kirogak. Izan ere, autoebaluaketa tresna honek hainbat arloetan neurtzen du ESSren entitateen inpaktua. Bestetik, ESSren entitateek osatzen duten Merkatu Soziala aipatu du elkarlanerako esparru bezala.

Sakanari begira, Kirogak azaldu du REAS Nafarroaren helburua dela bailaran izan daitezkeen Ekonomia Solidarioaren esperientziak eta proiektuak ezagutzea, eta saretzeko aukera eman baliabideak eta esperientziak trukatzeko.

REASeko ordezkariak adierazi du burujabetzak indartzea helburu duten ekimen guztiak bultzatu behar direla lurraldearekiko konpromisoa indartzeko: “Energia eta elikadura ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko gero eta aukera fidagarriagoak daude logika kapitalistatik kanpo. Ekonomia solidariotik konponbideak daude zainketetara (zentzu zabalean), bizitoki-larrialdietara, finantzaketara, mugikortasunera, konektibitatera, hondakinen berreskurapenera eta berrerabilpenera, prestakuntzara…” REAS Nafarroan dauden hainbat entitate gai guzti hauetan eskarmentu handia dutela azpimarratzeaz gain, elkarlanerako prest daudela ziurtatu du Kirogak.

Bukatzeko, Kontratazio eta erosketa Publiko arduratsua aipatu du REAS Nafarroako ordezkariak, Sakanako tokiko administrazioei elkarlanerako gonbidapena eginez.

Topaketa hau Sakanako Ekonomia Sozialaren Mahaia osatzen duten erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da: ANEL, Olatukoop, REAS, EINA eta Sakanako Garapen Agentzia, besteak beste.