• Nafarroako 150etik gora gizarte erakundek enpresak animatu dituzte gizarte xedeen laukia markatzera 

Gizarte Entitateen Plataforma osatzen duten lau erakundeek lehen aldiz aurkeztu dute Sozietateen gaineko Zergaren % 0,7 gizarte xedeetara bideratzeko kanpaina. Honatx lau erakundeak: Nafarroako GGKEen Koordinakundea, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sarea, eta Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Batzordea Nafarroako Gurutze Gorriarekin batera. 

Parlamentuak zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Legea onetsi zuen 2021eko abenduaren 23an. Azken xedapenetako hirugarrenaren 1. artikuluan hauxe ezarria dago: “PFEZaren aitorpena eta sozietateen gaineko zergaren aitorpena egitean ‘gizarte intereseko beste xede batzuk’ hautatu duten zergadunen kuota osoen baturari 100eko 0,7 aplikatzetik heldu den zenbatekoak berariazko atxikipena izanen duen aurrekontu-partida bat osatuko du urte bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, ‘gizarte intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funtsa’ izenekoa”. 

Horrela, Nafarroako entitateen aldarrikapenetako bat bete da Estatuko legeriarekin parekatzeko. Estatuan, izan ere, enpresek 2019tik dute gizarte xedeetarako laukia markatzeko aukera. Nafarroan geroago ezarri da, baina, hala ere, lortutakoa zoriontzeko modukoa da. Nafarroan, enpresa guztiek lauki hori markatzen badute, 2 milioi euro inguruko ekarpena eginen dute, hainbat arrazoik eraginda kalteberatasunezko egoeran dauden pertsonendako programak egiteko; pobreziak eraginda, desgaitasunak eraginda, herrialde pobretu batean jaiotzearen ondorioz. Guztiak ere egoera okerragotik abiatzen dira eta, egungo krisiaren ondorioz, haien egoera are larriagoa da hainbat arlotan, hala nola etxebizitzan, osasunean, hezkuntzan eta enpleguan. 

Enpresek laukia markatzeko aukera dute beren interesei kalterik egin gabe, zerga gehiago ordaindu gabe, hau da, laukia markatze hutsarekin zuzeneko konpromisoa hartuko dute hemengo eta munduko beste leku batzuetako pertsonarik kalteberenei arreta eta elkartasuna emateko. 

Prozesua oso erraza da. Enpresek sozietateen gaineko zergaren formularioaren 601. laukia markatzeko aukera dute. Lauki hori aitorpenaren azalean ageri da. 

Bildutakoaren banaketa ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legean bildutako ehunekoen arabera eginen da, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen 100eko 0,7 arautzen duena. 

1. Beharrizan-egoeren aurrean egiten diren gizarte-elkartasuneko jarduerak, hala nola horrelako egoeretarako proiektuak eta programak, xede dituztenak drogazaleak, gizarteak baztertutakoak, guraso bakarreko familiak, Espainiako nazionalitatea duten adingabeak, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak, tratu txarrak jaso dituzten emakumeak, gutxiengo etnikoak, presoak, preso ohiak eta pasadizokoak, bai eta zaharrak, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituztenak eta lanerako ezgaituta daudenak ere, baldin eta laugarren multzoan jasota ez badaude. (% 35) 

2. Prestaziorik gabeko langabetuentzako laguntza. (% 15) 

3. Garapenerako nazioarteko lankidetza, herrialde azpigaratuetako biztanle behartsuenen aldekoa, bereziki gatazka belikoa bizi duten edo pairatu duten herrialdeetan edo hondamendi naturalek larriki kaltetutako herrialdeen garapenerako lankidetza. (% 30) 

4. Autonomia Pertsonalari buruzko Legea garatzeko laguntza. (% 15) 

5. Natur ingurunea eta biodibertsitatea babesteko programak, natur baliabideen erabilera jasangarria eta kutsadurari eta klima-aldaketari aurrea hartzea. (% 5) 

Sozietateen gaineko Zergaren % 0,7ren bilketa gehituko litzaioke PFEZ Aitorpenean gizarte xedeetarako % 0,7ren bidez bildutakoari. Iaz, errenta aitorpeneko gizarte xedeetarako laukian bildutakoari esker, 280 proiektu baino gehiago finantzatu ziren Nafarroan desgaitasuna duten pertsonentzat, edo gizartean bazterturik daudenentzat eta adinekoentzat, bai eta ingurumeneko programetarako eta nazioarteko lankidetzarako ere. Espero dugu enpresek lagundurik, datorren urtean proiektu eta erronka gehiagori aurre egiteko aukera izatea. 

Gaur abiatu den Kanpainaren bidez, enpresei jakinarazi nahi zaie badutela beren zergak non inbertitu aukeratzeko eskubidea, baina era berean, diru horiei esker egin daitezkeen programa eta proiektu guztiak ezagutzera eman eta ikusarazi nahi dira. 

“ZURE LEHEN ALDIA DA. ARDURAZ JOKATU”. MARKATU GIZARTE XEDEAK. 


0 Comments

Leave a Reply

Avatar placeholder

Your email address will not be published.