Skip to content

Ekonomia Solidarioaren Printzipioen Gutuna

Gutun honek Ekonomia Solidarioak dituen baloreak aurkezten ditu, REASen arabera.

EKITATEA

Ekitateak justizia eta aniztasuna txertatzen ditu berdintasunaren helburuan. Aukera-berdintasuna, baldintzak eta tratua aitortzea dakar, eta, aldi berean, betebeharrak, baliabideak eta erantzukizunak behar bezala banatzea, unibertsaltasun- eta berezitasun-printzipioen arabera.

LAN DUINA

Enplegua edo okupazioa baino gehiago, lana bizitza ahalbidetzen duen giza jarduera da, eta, horrela, lan pluralak, produktiboak eta ugalketakoak, profesionalak eta boluntarioak, ordainduak eta doakoak aitortzen dira. Gure interdependentzian eta ekodependentzian oinarrituta, gure biziraupenerako oinarrizkotzat jotzen ditugu pertsonen, komunitateen eta planetaren arteko zainketa-lanak, eta gizarte-antolaketarako lehentasunezkotzat jotzen ditugu.

IRAUNKORTASUN EKOLOGIKOA

Natura eskubideen subjektu gisa aitortzen dugu, izaki bizidunak eta bizitzaren ugalketa prozesu sozial eta ekonomiko ororen erdigunean jarriz. Iraunkortasun ekologikoa, giza jarduera ororen ekomendekotasunean oinarrituta, bizitzaren iraunkortasunarekiko konpromisoaren eta izaki bizidun guztien biziraupena ziurtatzeko beharraren printzipio nagusia da, planetaren muga biofisikoen barruan.

LANKIDETZA

Lankidetza funtsezko elementua da elkarlaneko harreman ekonomiko demokratiko eta gardenak eraikitzeko, autoantolaketarako proposamen bat, elkarrekiko laguntzan eta elkartasunean oinarritua, beharrak asetzera eta guztion ongizatea lortzera zuzendua.

ABERASTASUNAREN BIDEZKO BANAKETA

Aberastasuna elementu materialen, sozialen, kulturalen eta naturalen multzoa da, komunitate batek epe labur, ertain eta luzean bere kideen beharrei erantzuteko duen gaitasuna zehazten duena. Horrela, bere bidezko sorkuntza, banaketa eta kontserbazioa erreprodukziorako eta bizitzaren iraunkortasunerako beharrezko estrategia kolektibo bihurtzen da. Horrek esan nahi du diruaren erabilera eta balioa oinarri komunitarioko ekonomia erreal baterako tresna dela, gizarte ekitatiboak, inklusiboak eta autonomoak eraiki ahal izateko.

INGURUNEAREKIKO KONPROMISOA

Ingurunearekiko konpromisoak esan nahi du ehun sozioekonomikoa osatzen duten gainerako eragileekin lankidetzan aritzea eta artikulatzea. Lurraldean zentratutako ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-ereduak sustatzea eta bultzatzea dakar, eta, hortik, hobetzeko proposamen komunitarioak eta tokikotik globalera igaroko den eraldaketa ekosozialeko agenda eraikitzea.