Ekonomia solidarioa alternatiba bat da, ekonomia giza garapen iraunkor eta parte hartzailearen zerbitzura egon dadin, eta gizartea eraldatzeko, justizia eraikitzeko eta bazterkeriaren aurka borrokatzeko tresna indartsua izan dadin.
Ekonomia Solidarioa garai hartako gero eta desberdintasun handiagoei erantzuteko sortu zen, eta beti egon den arren – kooperatibismoaren mugimendua, adibidez –, orain, krisi globalak, ingugiroak eta gatazkek berriro erakusten digutenean dagoen desberdintasun handia, berpiztu egiten da gizartearen ekimenetatik eta indar handiagoko presio-taldeetatik abiatuta; izan ere, REAS Sareen Sareak adierazten duen bezala, Ekonomia Sozial eta Solidarioak “bizitzaren iraunkortasunaren alde guztien zerbitzura dagoen tresna izan behar du”.
ESS praktika ekonomikoen multzoa da – lanekoa, kontsumokoa, finantzetakoa edo monetariokoa –, tokikoaren eta globalaren arteko harremanean oinarritzen dena, eta ingurune sozialarekin eta ingurumenarekin konprometituta daude. Ez daude etekinik handienera bideratuta, baizik eta biztanleriaren ongizatea handitzera.
Elkartasuna, justizia, elkarrekiko lankidetza eta parte-hartze demokratikoa bezalako balioak dira ESSen oinarria. Herritartasun aktiboaren, elikadura-subiranotasunaren, ongi bizitzearen, komunitateen ahalduntzearen, emakumearen emantzipazioaren edo kultura, erlijio eta arraza aniztasunarekiko errespetuaren aldeko borrokaren parte da.
Eredu ekonomiko sozial eta solidarioa
Gaur egun arte ulertu den bezala, eredu ekonomikoak desoreka larriak eragin ditu nazioartean, gizartean eta ingurumenean.
Ekonomia Solidarioak duela hamarkada batzuetatik hona eredu aldaketa bat bultzatzen ari da, honako hauen bitartez: zirkuitu ekonomiko alternatiboak sustatzea; lan kolektiboan oinarritutako gizarte ekintzailetza; ondasun eta zerbitzu komunen kudeaketa komunitarioa eta kooperatiboa bultzatzea edo truke-modu berriak garatzea (merkatuak eta moneta sozialak, elkarlaneko eta lankidetzako kontsumoa, etab.).
Eredu sozial, ekonomiko eta politiko post-kapitalista bat eraiki nahi da. Errentagarritasuna Ekonomia Sozial eta Solidarioaren pean lan egiten duten enpresen helburuetako bat bada ere, nolanahi ere, irabaziak tokiko biztanlerian bertan inbertitzea da joera, helburu sozialekin -ekoturismoa, bidezko merkataritza-.
Kontua da jarduera ekonomikoan baliabideak modu eraginkorrean eta ekitatiboan kudeatzea, tokiko ekonomia sustatzea, lan duina egotea, klima aldaketaren ondorioak lehengoratzen laguntzea eta etekinak ekitatez banatzea.