Skip to content

Pobreziarekin amaitzeko alternatibak eta soluzioak eskatu ditu Gizarte Erakundeen Plataformak

Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformak, urtero bezala, Pobreziaren aurkako nazioarteko egunean Nafarroako Parlamentuan egin den ekitaldian parte hartu du. Pobrezia eta bazterketa ezabatzeko kompromisoaren beharra aldarrikatu eta erantzukizun kolektiboaren garrantzia nabarmendu nahi izan du.

Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataforma, egunerokotasunean bazterketa eta desparekotasuna jasaten duten pertsonekin lan egiten duten 150 elkarte inguruk osatzen dute. “Argi daukagu pobrezia ez dela egoera saihestezina, baizik eta aldatu daitezkeen —eta aldatu behar diren— erabaki politiko, ekonomiko eta sozialen emaitza dela. Horregatik guztiagatik pertsonak erdigunean jartzen dituzten politika publiko erabakigarriak eskatzen ditugu, gizarte babes sistema indartzen dituztenak, pertsona ororen eskubideak bermatzen dituztenak eta inlusiorako aukera errealak sustatzen dituztenak”, esan dute Nafarroako parlamentarien aurrean.

Gogoratu dute 2021-2030 Pobreziaren eta Desberdinkeriaren Aurkako Nafarroako Ituna eraldaketaren ardatz izateko helburuarekin jaio zela, baina kezka agertu dute ez dutelako ezagutzen eman diren aurrerapenak.

“Gure kezka areagotu egiten da datuen bilakaera ikustean. AROPE adierazlea, pobrezia eta gizarte bazterketa neurtzen duena, 2014tik daturik okerrena erakutsi du aurten. Eta are larriagoa dena: bigarren urtez jarraian, Foru Erkidegoak okerrera egin du AROPE tasaren indize guztietan. Nafarroan populazioaren %18,3a pobrezia eta/edo gizarte bazterketak jasateko arriskuan aurkitzen da. Hilabete bukaerara iritsi ezin diren pertsonetaz hitz egiten dugu, emakumeetaz, migranteetaz, lan prekarioak dituzten gazteetaz, edota lana izan arren pobrezia egoeran aurkitzen diren familietaz”, esan dute.

Irizpide berdinetik beste ondorio hau atera daiteke: desgaitasuna duten hiru pertsonetik bat pobrezia eta/edo gizarte bazterketa egoeran aurkitzen da, lan merkatuan sarbidea izateko arazoengatik eta desgaitasuna izateak ekar ditzazkeen kostu altuengatik.

Nazioarteko testuinguruari erreferentzia eginez, Gazako genozidioa salatu dute. “Pobrezia, muturreko gose eta sufrimendua giza eskubideen bortxaketaren eta gerren ondorioen adierazle basatiak dira”.

Egoera honen aurrean alternatibak eta soluzioak aldarrikatu dituzte. “Ekonomia solidarioaren aldeko eredu ekonomiko bat behar dugu. Lanpostu duinak sustatzen dituen, lurran errotuta dagoen, ingurunea errespetatzen duen eta berdintasuna eta inklusioaren alde egiten duen eredu ekonomikoa behar dugu, koperazioan oinarritzen dena eta ez lehia basatian. Ekonomia solidarioa ez da gehigarri bat, gizarte garapen jasangarri baterako bidea da. Nafarroan adierazle asko ditugu; koperatibak, laneratzeko enpresak, aberastasun partekatua sortzen duten komunitate-proiektuak…”

Ezinbestekotzat jo dituzte ere pobreziaren eta desparekotasunaren kontra borrokatzea helburu nagusi duten politika publikoak sustatzea,. Politika horiek “konpromiso tinko bat izan behar dute” nazioarteko garapenerako elkarlan politika serioak sustatzeko. “Pobrezia egoeran dauden gizarteen garapena ahalbidetzen duten politikak izan behar dira, 2030erako Agendan ezarritako kompromezuak betez”, gehitu dute.

“Gaur, Nafarroako Parlamentutik, gure ahotsa entzunda izatea nahi dugu. Ez errudunak seinalatzeko, bideak seinalatzeko baizik. Borondatea, konpromisoa eta ekintzarekin pobrezia eta desparekotasunik gabeko Nafarroa bat sortu daitekeela adierazteko gaude gaur hemen”.

Eta berriz ere azpimarratu dute haien desioa dela urriaren 17a “soilik egutegiko egun bat gehiago ez izatea” eta “inork ez dela atzean utzi” behar. Gizarte justuago baten aldeko bidean “politika publiko ausartak” aldarrikatu dituzte.