Skip to content

11. GJH – Hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea

Lurraldean itxuratzen diren ekimen ekonomiko eta sozialetatik abiatuta pentsatu behar dira egungo erronkak. Ekonomia Solidarioaren ekimenak tokiko ekonomian sustraiturik daudenez, ESk eginkizun garrantzitsua bete dezake tokiko garapena inklusiboa eta jasangarria izan dadin, ez soilik bere jardueren bidez, baizik eta bere sare eta berariazko ezagutzen bidez. Hiriei lotutako kontsumo ereduak jasangarritasunaren erronkaren funtsezko elementuetako batzuk dira; hortik heldu da garapen eredu integratzaile eta jasangarrien beharra, honakoak sustatuko dituztenak: tokiko kultura, hurbiltasunezko zerbitzuak (osasun arreta, hezkuntza eta prestakuntza barne), hiriko eta hiri inguruko nekazaritza (ekologikoa), komunitatearen berrikuntza, etxebizitza eskuragarria eta ondasun komunak eskuratzeko aukera, energia berriztagarria, hondakinen kudeaketa birziklapena, ekoizpen eta kontsumo formak karbono-isuri txikiekin, eta bizi-bideen segurtasun handiagoa.

ESk, halaber, hiri-landa loturak susta ditzake, elkarrekiko onuragarriak; adibidez, nekazaritza eta elikadura arloko balio-kateen sistemen bidez, bai eta merkataritza, garraio eta beste zerbitzu batzuen zirkuituen bidez ere. Horrek guztiak diagnosiak, aurreikuspenak eta aurrekontua behar ditu.

Diru sozialen sistemak tokiko garapen jasangarrirako tresna izan daitezke, eta bereziki dira eraginkorrak ezegonkortasun ekonomikoko garaietan, hainbat arrazoi direla medio. Lehenik, espazio zehatz batean baizik erabiltzen ez direlako, eta tokiko garapen ekonomikoa nahiz tokiko gobernagarritasun demokratikoa sendotu dezaketelako; bigarrenik, ekoizpena etab trukea suspertu ets sustatu dezakete; eta hirugarrenik, gizarte harremanak susta ditzakete. Diru sozialek komunitatea sortzen dute diru hori erabiliz, portaera kooperatiboa sortuta, gizarteratzea sustatuta eta tokiko parte-hartzea bultzatuta. Plan horiek potentziala eskaintzen dute finantzazioa helburu sozialetarantz bideratzeko, eta erresilientzia finantziariorako gaitasuna hobetzeko.