Nahitaezkoa dugu trantsizio energetikoa egitea, baina horrek hainbat oinarri izan behar ditu, hala nola aurrezpena eta eraginkortasuna, eskariaren kudeaketa, autokontsumoa, tokiko banaketa-sareak, eta sorkuntza garbia, hurbila, berriztagarria eta demokratikoa. Era berean, beharrezkoa da pobrezia energetikoa desagerraraztea, eta energiaren eskurapena giza eskubide gisa bermatzea. Ezin dugu segitu baliabideak xahutzen lan faraonikoetan, eta ezin da proposatu elektrizitatea sortzeko megazentral berrien eraikuntza (nuklearra, termikoa…) polo industrial eta hiri handiak hornitzeko, trantsizio energetikoak egun irtenbide bideragarriak bezain jasangarriak eskaintzen dituenean. Soiltasunaren alde egin behar dugu eta eskala maila gizatiarrago batera ekarri, bai eta eskualdeko nahiz tokiko maila batera ere. Ez da finantzatu behar erregai fosiletako proiektu berririk. Klima-larrialdiaren larritasuna ikusirik, eta hondamendia eragozteko zeinen denbora gutxi gelditzen zaigun kontuan harturik, inbertsio guztiak energi garbi, berriztagarri eta eraginkorretara bideratu behar dira.
Gure kontsumo eta energia eredua aldatzeko aukera historikoa dugu ingurumena zentzu zabalean errespetatuko duen eredu deskarbonizatu, banatu eta merke baterantz jotzeko, hau da, Trantsizio Ekologiko Bidezko bat eta, horretarako, oinarrizkoa da tokiko eragileen ezagutzak kontuan hartzea.