Ahots askok proposatzen dute merkataritza elektronikoan ari den transnazional erraldoi nagusiari boikota egitea. Kontua da Amazonek %70 diru-sarrera gehiago izan dituela azken urte honetan. Oraindik ere ez dago kalkulu ofizialik merkataritza elektronikoaren inpaktuaz, baina argi dago, dinamika horren eraginez eta egungo mugikortasun-murrizketen ondorioz, kaltetu nagusiak tokiko saltokiak direla. Horrez gain, kontsumo molde horrek hondakin gehiago eragiten ditu, bai eta CO2 isuri gehiago ere. Gaur egun, Europa bigarrena da merkataritza elektronikoan ari diren munduko kontsumitzaileen artean. Ekoizpen deslokalizatuko eredua da eta, gainera, eskala handiko fabrikazioa sustatzen du non eta lan eta ingurumen arloko eskubideen arauketa askoz ere laxoagoa duten lekuetan.
Amazoni boikota egiteko deia borroka sozialetatik instituzioetara pasatu da Frantzian, eta horren ondorioz, atzeratu egin dira erraldoi elektronikoak Black Friday kontsumismoaren jaiaren inguruan ezarritako deskontuak, hau da, ez da deskonturik izanen “ez funtsezkotzat” jotzen diren saltokiak berriro ireki arte. Izan ere, ez dira inola ere txikiak gora doan kontsumo molde horrek gizarte, zerga eta ingurumen arloetara dakartzan eragin kaltegarriak.
Kataluniako instituzioek, bestalde, proiektu pilotu bat sustatzea erabaki dute, 2021eko ekainetik urrira bitarte bete-betean aritzea espero dena. Izan ere, hala Kataluniako Generalitateak nola Bartzelonako Udalak eman dute dirua ekimenei laguntzeko. Tokiko kontsumoa sustatu nahi da eta eragin txikiagoko banaketa-sistemen bidez lan egin. Balio kooperatibistetan oinarriturik, eta Ekonomia Solidarioaren Merkatu Sozialaren jasangarritasun arloko baldintzak beterik, Revista Opcionsek ideiatu du proiektua, kontsumo kontzientearen bultzada oinarri harturik, betiere Kokiki paketeriako enpresa jasangarriak lagundurik.
Tokiko merkataritzaren aldeko mugimendu horren baitan, guztiz aipatzekoa da nola elkartu diren liburu-denda independenteak todostuslibros.com webaren inguruan. Plataforma hori aurretik eratua zegoen, baina orain liburuak online erosteko aukera jarri dute jendearen eskura, eta etekina auzoko liburu-denda independenteetan gelditzen da.
Hortaz, inolako kontsumorik egin baino lehen, dela merkataritza elektronikoaren bidez, dela betiko moldean, ongi dago geure buruari galdetzea egiazki behar ote dudan kontsumitzen ari naizen hori, baina horrez gain, ez ote dagoen alternatiba hoberik dinamika eta zirkulu onuragarriak sortzen laguntzeko, nire gogobetetasun hutsaz haratago. Arrazoi asko eta askotarikoak ditugu tokiko merkataritzan eta Ekonomia Solidarioan erosteko. Ez dira soilik ingurumeneko eta/edo ekonomiako arrazoiak. Izan ere, sekulako eragina dute epe labur eta ertainean aberastasunaren birbanaketan, eta horrek eragina dauka gure herrien, auzoen eta hirien osasunean, jendearen osasunean, alegia. Merkataritza txikia gure beharrean baitago, baina gu ere merkataritza txikiaren beharrean baikaude.