Skip to content

Diru Sozialak eta eragina lurraldean.

Diru sozialak ez du diru ofiziala ordeztu edo ezabatu nahi (euroa, guri dagokigunez), baizik eta alderdi sozial onuragarri batzuk garatu, tokiko ekonomiaren bidez: lokarri sendoak sustatzen ditu ekoizleen, saltokien eta kontsumitzaileen artean; hainbat gizarte eragile engaiatzen ditu tokiko garapenean, zeren, bati onura dakarkion gauza onuragarria ere baita gainerakoentzat. Horrez gain, tokiko identitatea berresten du, hau da, denok kolektibo bereko kide izatearen sentimendua, bai eta kohesioa ere, eta hortik abiatuta, sinergia mordo bat dira posible.

Baina, zer da zehazki diru soziala? Komunitateek, taldeek eta herritarrek sortu eta erabilitako tresna bat da produktuen, zerbitzuen eta ezagutzen trukaketa errazteko. Arazoa da dirua bere sortzaileari zaiola baliogarri eta, gaur egun, diru gehiena banku pribatuek sortzen dute “ezerezetik”. Diruak bitartekoa izateari utzi dio, eta xedea da berez. Diru sozialen helburu nagusia egoera horri buelta ematea da tokikotasunetik ekinez. Hau da, dirua zertarako sortu zen, eginkizun hori berreskuratu nahi du: hots, trukerako tresna erabilgarria izatea egiazko ekonomiarako eta komunitatearendako. Laburbilduz, diru-subiranotasuna berreskuratzea da kontua, hau da, komunitateak gobernatzen du bere diruaren gainean, eta diruari buruzko erabakiak demokraziaz hartzen ditu. Gure mahai inguruan hiru esperientzia izan ziren solasgai: Ekhilur, Eusko, eta Iratiko Mankomunitateko diru soziala.

Diru sozial baterako esparruari, edo are, hainbat diru elkarrekin izateko esparruari, bio-eskualdea esaten zaio: hau da, eskualde horretan, era bateko zein besteko zirkuituak ezar daitezke, hala nola energetikoak, monetarioak, hondakinezkoak, produktu freskoenak… Diru sozialerako, funtsezkoa da, batetik, tokiko identitate bat izatea, eta bestetik, erreferentzia eta konfiantza izatea. Hori oso kontuan hartu behar da, zeren, lurraldeak ezin baitu handiegia izan, baina era berean, ezin baita hain txikia izan, bestela ez du barne ibilbide aski izanen. Orekaren erdibideko puntua aurkitu behar da, beti.

Interesgarria izan beharko luke udalentzat. Izan ere, orain, tokiko merkataritzari euste aldera, berariazko bonuak ateratzen ari dira, baina diru sozialak hobeak dira tokiko ekonomia sustatzeko eta, haren bidez, gure auzokideen ekonomia ere, zeren, ez baituzu soilik lehen erosketa sustatzen, alde guztietarako harreman onuragarria baizik.

Eusko Ipar Euskal Herriko diru soziala da; oso erabilia. 2021an sortu zen, eta hasieran, 1, 2,5 eta 10eko billete forma zuen. Orain, halaber, Appe bat da ordainketa elektronikoa ahalbidetzeko, 2017az geroztik. Dagoenekoz, 38 mila erabiltzaile aktibo ditu eta ia 2 milioi Eusko daude zirkulazioan. Erabiltzeko, jendeak gure erakundeko bazkide izan behar du. Erabiltzaileek gure bazkide izan behar dute, eta haiek erabakitzen dute zer talderi lagundu, zeren, Euskoaren bidez, % 3ko ekarpena egin baitezakete negozio horrentzat (edo irabazi-asmorik gabeko erakunde batentzat, hala nola GKEak edota inguruko elkarteak). 2019an, 38.000 eusko banatu ziren elkarteko saltokien artean. Bi konpromiso eskatzen dira: batetik, tokiko enpresekin sarean lan egitea, eta bestetik, euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea. Orain, unibertsitate batekin lankidetzan, Euskoak gure lurraldeari egin diezazkiokeen ekarpenak ari dira aztertzen, Euskoak hamaika arlotan egin dezakeen ekarpena neurtzeko, hala nola ingurumenean, feminismoan…

Irati Ibaiko Mankomunitateak abiarazitako proiektu batek ere diru soziala du oinarri, 2008an sortzen hasia, eta gaur egun oraindik ere jende guztiak ulertzen ez duen egoera batek bultzatua: hots, beharrezkoa dugu edukiontzietan askoz ere hondakin gutxiago sartzea. Ideia erraza da: plastikoa (ez, ontziena) eta gai organikoa “erosi” egiten ditugu edo, haien truke, hobaria ematen dugu, hots, Irati izeneko diru soziala. Irati bat Euro bat da. Irati horien bidez, erosketak ibarreko saltokietan egin ditzakezu. Eragin ezberdina izan du herrietan, baina oso ongi dabil. Oraingoz, billeteetan bakarrik da, baina ez dugu baztertzen diru elektronikora ere jauzi egitea. Izan ere, urtetik urtera, gero eta herritar gehiagok erabiltzen ditu. 2020an, adibidez, Covid-19a izan arren, 1.500 erabiltzailek egin dute bat plastikoarekiko trukearen bidez. Pozgarria da jakitea kilo horiek guztiak salbatzen ditugula plastikoetan, edukiontzietatik ateratzen direnak, itsasotik ateratzen direnak, eta bizitza erabilgarri bat ematen zaie. Plastiko hori xehaturik (Logroñoko enpresa batek egiten du hori), hiri-altzariak sortzeko erabiltzen da (mahaiak, aulkiak, paperontziak, jarlekua) eta 32 aldiz gehiago birzikla daiteke.

Ekhilur: “Interesgarria da, ekonomikoki denek irabazten dutelako eta egungo diruaz bestelako alternatiba delako; egungo dirua finantza-produktu bat baita, eta ez dakar ez zerbitzurik, ez produkturik, baizik eta eskuz aldatu eta haren prezioa igotzen da”.

Eusko: “Anitzetan, jauzi egin eta Euskoa Hegoaldera eraman nahi izan dugu, tokiko eragileak kontuan hartuta, jakina; baina, orain, guretzat, garrantzitsuena da Euskoa proiektu autonomo bat izatea ekonomikoki, bideragarria berez, diru-laguntzetatik at, eta horretan ari gara, orain”.

Irati: “Sistema honi erronka jotzea da Diru Soziala, sistemak uste baitu hark berak bakarrik sor dezakeela dirua. Ziur nago hemendik urte batzuetara Iparraldera joan ahal izanen naizela nire Iratiekin eta Euskotan kontsumitu. Ekhilurrek moldatuko du hori”.