Ekonomia Eraldatzaileak kontzeptuan gizartea eta ekonomia eraldatzeko proposamenak biltzen dira, guztiak ere globalizazioaren aurkako mugimenduei eta aldarrikapen altermundistei oso lotuak, eta bestelako bizimoldeak dakartza berarekin, bai eta bestelako lan moldeak eta kontsumo moldeak ere, eta ekonomia egiteko beste molde batzuk ere bai. Tradizionalki lau talde handi dira: Ekonomia Solidarioa, Ekonomia Feminista, Ekonomia Ekologista eta Komunen Ekonomia. Beren buruaz esaten dute berrerakunde sozio-ekonomikoak direla, teorikoak eta praktikoak. Ekonomia-eredu nagusiari egiten diote kritika, eta proposatzen dituzten aldaketetan jendea jartzen dute erdigunean, bai eta herriak eta ingurumena ere; azken buruan, bizitza prozesu guztien erdigunean, bi ardatz handiren bitartez: bizitzaren jasangarritasuna eta boterearen banaketa berdinzalea. Ekonomia Eraldatzaileok, beraz, guztion bizitza jarri nahi dugu ekonomiaren errotazio-ardatzean, eta behingoan, bukatu nahi dugu inguratzen gaituen eta gainbehera datorren kapitalismoaren nagusitasuna.
Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Soziala Porto Alegreko Munduko Foro Sozialetik heldu da (lehen aldiz Brasilen, 2001ean). 2016an, Ekonomia Eraldatzaileen foro tematiko bat sortzeko proposamena egin zen, betiere RIPESS foroaren (Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Nazioarteko Sarea), REAS Sareen Sarearen eta Xarxa d’Economia Solidària de Catalunyaren konpromisoarekin. 2020ko ekitaldi handia izan behar zen, baina zoritxarrez, bertan behera utzi behar izan zen molde fisikoan, eta haren ordez, online foro bat antolatu da.
Maria Atienzaren iritziz, topaketa handia izan da, hala ekaineko lehen fasean, nola azaroko bigarrenean. FSMET izan dugu harekin solasgai, REAS Sareen Sarearen ordezkaria izan da ekitaldi hartan: “Aberastasun handia izan da taldeetan, sareetan, erakundeetan… 400 bat entitate eta 2.000 lagun inguru aritu ziren ekaineko lehen zatian. Oraindik ere ez ditugu azaroko bigarren faseko datu guztiak, baina zalantzarik gabe antzekoa izan da, eta feminismoak ardatz guztietan izan du leku nabarmena”.
Covid-19a baino lehen ere nabarmena zen premiazkoa zela ekonomia eredua aldatzea eta, orain, begi-bistakoa da botere finantzarioa oinarri duen sistema kapitalista honek ez dituela oinarrizko beharrak estali nahi herritar gehien-gehienak duintasunez bizi daitezen; eta ez da gai ere. Ezin da merkatuaren arauetan sartu osasuna, hezkuntza, zainketak, ingurumenaren jasangarritasuna, etab. Esparru eta tresna berriak behar dira, pertsona guztien ongizatea ardatz hartuta. Horrelako topaketek sortzen dituzten dinamikak eta espazioak egokiak dira ezagutza eta esperientziak trukatzeko, gizateriak egungo garaiotan dituen erronkei aurre egite aldera.
Lorpenen artean, Maríak FSMETen ondorioz sortu den agenda azpimarratu du. Agenda partekatua eta, aldi berean, Munduko hurrengo Foroekin ere lotura izanen duena. Interesgarria da, emaitza ukigarria baita, eta beste topaketa eta egitura batzuekin parte hartu duten subjektu guztien berezko agendetatik abiatzen diren puntu, elementu, estrategia eta ekintza guztiak elkarbiltzen dituelako. Horri interkonfluentzia esaten zaio, guztion arteko elkargunea. Datorren Foro Sozialean erakutsiko da, Mexikon eginen dena, online ere izanen dena.
REAS Nafarroak ere bere harri koxkorra ekarri nahi izan du. Horrela, urriaren 26an, Ekonomia Solidarioaren XIII. jardunaldiak hasi ziren, Ekonomia Eraldatzaileez aritzeko. 3 astez elkarren jarraian, ekonomia molde horiei buruzko hiru gai handi izan ziren aztergai: Komunen Ekonomia, Ekonomia Ekologista eta Tokiko Ekonomia. 3 mahai inguru egin ziren, guztira 12 erakundek parte hartuta, eta 3 tailer, azterturiko gaien puntu zehatzetan sakontzeko.
Deus gehiago jakin nahi baduzu, jo www.reasna.org webgunera. Hiru mahai inguruak grabaturik baitaude eta, era berean, eskura dago Maria Atienzari Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Sozialaren gainean egin genion elkarrizketa. Ondoren, mahai inguruetan esandako gauzarik garrantzitsuenak nabarmenduko ditugu.