Skip to content

ELIKADURA-BURUJABETZA, ETA BEREN LURRAREN JABE DIREN EMAKUMEAK (Oxfam Intermon)

Elikagaiak salerosteko sistemak oinarri duen nekazaritza ereduan ustiategi handiak dira nagusi; eta oro har, jasangarritasun maila txikiagoa dute gizarteari eta ingurumenari begira, eskala txikiko nekazaritzak baino. Gakoa banaketa kontrolatzen duten enpresak dira1. Gaur egun, Nekazaritza Ministerioaren arabera, bost banaketa talde handik biltzen dute txikizkako salmenten %40tik gora. Mercadonak, Carrefourrek, Díak, Eroskik, Auchan-Alcampok, Lidlek eta El Corte Inglés elikadura sailak txikizkako salmenten 40.000 milioi baino gehiago fakturatzen dituzte.

Kate handiek ahalik eta gehien irabaztea dute xede. Batetik, ekoizle asko dira, eta bestetik, erosketa zentral gutxi eta handiak. Erlazio desorekatu horren ondorioz, zentralek baldintza gogor-gogorrak paratzen dizkiete ekoizleei, hala nola jatorrizko erosketa-prezioak jaistea, eskaintza-prezioak eta, are gehiago, ekoizpen-kostutik beherako salmentak ere, ekoizleen bizkar gain. Halaber, gutxien kostatzen duen lekuan ekoizten dute, inolako axola gabe ez lan baldintzek, ez horrek tokiko nekazaritzan dituen ondorioek, ezta urruntasunak ere. Gainera, horrek dakartzan kostu ekologikoak denok ordaintzen ditugu, ez baitira prezioaren barnean sartzen.

Elikadura-menpekotasunaren aurrean, elikadura-burujabetzaz edo segurtasunaz mintzo gara, 6 zutabetan oinarrituta2:

1.   Ikuspegi honetan datza: Herriarendako elikagaia. Elikadura-burujabetzak elikadura nahiko, osasungarri eta kulturalki egokirako eskubidea planteatzen du gizabanako guztientzat, […] eta errefusatzen du elikagaia beste pieza salerosgarri huts bat delako proposamena nazioarteko nekazaritza-negoziorako.

2.    Elikagai hornitzaileak hartzen ditu aintzat:  Elikadura-burujabetzak ekarpenak aintzat hartu eta bermatzen ditu, eta gizon-emakumeen eskubideak errespetatzen ditu, […] hau da, elikagaiak landu, hazi, bildu eta prozesatzen dituztenen eskubideak; elikadura-burujabetzak errefusatu egiten ditu gizon-emakume horien bizimoduak gutxiesten, mehatxatzen eta ezabatzen dituzten politikak, ekintzak eta programak.

3.    Elikadura Sistemak aurkitzen ditu: elikadura-burujabetzak topaketak eragiten ditu elikagai ekoizleen eta kontsumitzaileen artean; eta erabakien erdigunean jartzen ditu hornitzaileak eta kontsumitzaileak, elikadurarekin zerikusia duten gaietan; gobernu-egiturei egiten die aurre, eta aurre egin ere, nazioarteko merkataritza jasangaitza eta bidegabea sustatzen dituzten kontratu eta praktikei. Merkataritza molde horrek urrutiko korporazioei ematen baitie boterea eta ez dute inolako erantzukizunik beren ekintzen gainean.

4.    Tokikoa ahalduntzen du: elikadura-burujabetzak gauza askoren gaineko kontrola ematen die tokiko elikagai hornitzaileei, haien eskubideak errespetatuta. Halaber, errefusatu egiten du natur baliabideen pribatizazioa legeen, merkataritza-kontratuen eta jabetza intelektualeko eskubide-araubideen bitartez.  

5.    Ezagutza eta Trebezia garatzen ditu: elikadura-burujabetza tokiko elikagai hornitzaileen trebezian eta ezagutzan oinarritua dago, bai eta haien tokiko erakundeetan ere, erakunde horiek tokiko ekoizpen eta uzta sistemak mantendu, garatu eta erabiltzen baitituzte, eta ikerketa-sistema egokiak garatzen dituzte hornitzaileak bermatzeko eta hornitzaileen jakinduria etorkizuneko belaunaldiei emateko; era berean, errefusatu egiten ditu teknologia hondatzaileak, mehatxatzaileak eta kutsagarriak: ingeniaritza genetikoa, adibidez. 

6.    Naturarekin bat lan egiten du: Elikadura-burujabetzak era askotara baliatzen ditu naturaren ekarpenak, nekazaritza era ekologikoan ekoizteko eta uzta ere molde berean biltzeko metodoen bidez; horri esker, ekosistemen ekarpenak ahalik eta hobekien baliatzen dira eta, era berean, doitu eta egokitzeko gaitasuna hobetzen dira; bereziki, klima-aldaketaren aurrean. Hau da, planeta sendatzen saiatzen da planetak ere gu senda gaitzan; eta, ez ditu erabiltzen ekosistema onuragarrien funtzioak kaltetzen dituzten metodoak, hau da, energia intentsiboko monolaborantzen eta abere-fabriken mendean dauden metodoak, ezta arrantza-praktika suntsitzaileak eta beste ekoizpen metodo industrializatuak ere, kaltegarriak baitira ingurumenarentzat eta berotze globala ere eragiten baitute.

Oxfamek “Cultivar un futuro mejor” (Etorkizun hobea lantzea) izenburuko txostena egin zuen3, eta hartan agerian jarri zen ustiategi txikietan oinarritutako nekazaritza ereduak askoz ere gaitasun handiagoa zuela honako ekuazio hau ebazteko, hots, nola elikatu 9 mila milioi lagun 2050ean, planetaren muga ekologikoak gainditu gabe? Eta hori, ziur aski, egun gertatzen ari da, klima-aldaketa erakusten ari den bezala.

Egia da eskala handiko nekazaritza sail eta ustiategi guztiek ez dituztela praktika kaltegarriak garatzen, baina, oro har, esan daiteke eskala txikiko nekazaritza jasangarriagoa dela gizarteari eta ingurumenari dagokienez, pertsona gehiagok lan egiten dutelako hektarea bakoitzeko eta ez delako hain onuragarria ingurumena eta gizakien osasuna kaltetzen duten ongarri eta herbiziden erabilera. Gainera, eredu horrek hainbat eskubide garatzeko aukera ematen du, hala nola lurra eskuratzeko eskubidea  –eta, bereziki, emakumeena– eta elikagai-segurtasuna.

Lursail txiki batek nahikoa izan dezake bertako animalia gutxik sortzen duten ongarri organikoarekin edota etxeko hondakinekin sor dezaketen konpostarekin. Eskala handian, hori pentsaezina da. Nekazaritza ekologikoaren produktibitatean aurrerapenak nabariagoak dira ustiategi txiki horietan.

Bidezko Merkataritza eredu bat da eta ekoizleentzako joko-arauak hiru ikuspegitan aldatzen ditu: balio-katearen banaketa bidezkoagoa da; jarduera ekonomikoak komunitate desabantailatsuenen garapena sustatzen du eta, bereziki, eskala txikiko nekazaritxa-familiena; eta nekazaritza ekoizpen ekologikoak jasangarritasunaren eta pertsonen osasunaren aldeko apustua egiten du; hau da, ekoizleen eta kontsumitzaileen osasunaren alde. Eta alternatiba ere bada. Norentzat eta Bidezko Merkataritzan eredu ekitatiboagoa eta jasangarriagoa aldarrikatzeko aukera aurkitzen duten kontsumitzaileentzat.

Produktuaren katean. Kontsumitzaileak bukaeran daude, produktuaren ibilbideari jarraikiz4, –industria batzuetan, produktu suntsitzaile deritze–. Dena den, merkataritza jotzen denean tresna baliosa dela bazterturik bizi diren pertsonei garapenerako aukerak emateko, kontsumitzaileak prozesuaren hasiera dira egiazki. Makineriak kontsumitzaileei esker funtzionatzen baitu.

Herritartasunez arduraz jokatzea askoz ere gehiago da gaur egun lau urtetik behin botoa ematea baino eta, era berean, ulertzea giza eskubideak ez direla negoziagarri. Hori horrela, gaur egun, ekintzailetza mota berriak agertu dira, sare sozialak eta komunikazio fluxu berriak baliatuta, eta horiei esker, jendeak sentitzen du askoz ere gehiago egin dezakeela mundu zuzenago bat lortzearren. Eta hain zuzen ere, litekeena da erosketa bezain gauza eguneroko batek zuzeneko ondorioak eragin ahal izatea munduko beste leku batzuetan.

Ibilbide luzea egin bada ere, oraindik ere bada zer hobetu handia eta emakumearen aldeko lanean jarraitu beharra dago5Sozietate kooperatiboek horren aldeko apustua egin dute eta borrokan ari dira emakumeari ikusgaitasuna emateko, askotariko ekintzailetza edo dinamizazio planak ari baitira abian jartzen. Plan horiek lagungarriak dira gizonen estatus, aukera eta eskubide berberak lortu ahal izan ditzaten, aurrerapausoak emanda gizarte aurreratuago, askeago eta berdinzaleago baterantz, sexu arloko bazterketarik gabe, eta gizonek nahiz emakumeek komunitateari balioa emanda.

Aldea Global sozietate kooperatiboaren lana jarri nahi dugu adibidetzat, azkenean gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen ari baitira egiazki, beste sozietate kooperatibo batzuetan bezala.

Tierra Madre kafea, urrin arabiarrekoa, beren lurraren jabe diren emakumeek landua.

Nikaraguako lurrak gizonen eskuetan egon ohi dira. Senarrak edo aitak lurren jabeak ziren, baina emakumeek lantzen zituzten, egunero. Emakumeak baztertuak zeuden, sexu kontu hutsagatik.Aldea Globalek aurrerapauso garrantzitsu bat eman zuen emakumea ahalduntzearen alde, borroka egin baitzuen emakumeak izan zitezen lantzen zituzten lurren jabeak, lursailen jabetza aldatzen lagunduta. 

Zuk Tierra Madre kafea hartzearen ondorioz, Luz Eveliak, Lourdesek eta Victoriak beren bizitzen jabe izateko aukera izaten jarraituko dute; eta, halaber, Nikaraguako beste komunitate batzuetako emakumeek gizonen eskubide berberak izanen dituzte, eta hurrengo belaunaldiak (haien alabak) beren bizitzari buruz erabakitzen segitu ahalko dute aukera berdintasunean.

Laburbilduz, Bidezko Merkataritza alternatiba egokia da ohiko merkataritza-zirkuituen aurrean, maila gutxiagoko ibilbidea proposatzen baitu ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean3, eta horri esker, ekoizleen eragin-gaitasun handiagoa dute produktuen prezioan eta merkaturatze baldintzetan.

Gainera, komunitatearen garapena sustatzen duten neurriak aplikatzen ditu, eta ekoizpen jasangarri eta osasungarria bermatzen duen nekazaritza ekologikoaren alde egiten du. Adibidez, Suitzako erremolatxaren aldean, Paraguaiko azukre kanabera ekologikoaren ekoizpenak ia %50 CO2 isuri gutxiago sortzen ditu. Eta gainera, ez da ekoizpenean erabili, ez herbizidarik, ez produktu kimikorik.

Azken buruan, Bidezko Merkataritzako produktuak bestelako istorioa kontatuko digu ekoizten denetik kontsumitzen den arte. Istorio horretan, izan ere, ardatz dira baldintza duinak, komunitatearen garapena, eta ekoizpen jasangarri eta osasungarria. Hitz batez, merezi du merezi duenez istorio hori deskubritzea.

  1. Txostena: “Lo que nuestra nevera esconde”. Globalexpress 19. 2013ko martxoa

2. Aldizkaria:Soberanía Alimentariahttp://revistasoberaniaalimentaria.wordpress.com/

3. Txostena: OXFAM INTERMÓN 45. “Cadena de Valores. Comercio justo: la historia que querrás comprar”

4. Bloga: Tierra Madre “La fuerza de los consumidores” 2020/07/15

5. Bloga: Ingredientes que suman “las sociedades cooperativas y su lucha a favor de la mujer”