Skip to content

Elikadura burujabetza, feminismoak eta lurraldearen defentsaren aldeko III. Foroa

Mugarik Gabe Nafarroa, Mundubat, IPES eta ARREA erakundeek antolaturik, Elikadura burujabetza, feminismoak eta lurraldearen defentsaren aldeko III. Foroa eginen da, aurten. Foroak, zehazki, bizi dugun krisi multisistemikoa ikertu eta aztertzea izanen du ardatz, krisiak arlo guztiak jo baititu, hala nola osasuna, ingurumena, klima, gizartea, zainketak, etab. Egungo kinkari nola heldu izanen du aztergai, betiere alternatiba kolektiboak eta tokikoak eraikiz, elikadura burujabetza, agroekologia edota ekofeminismoa oinarri harturik.

Ezin da egungo ekoizpen eta elikadura sistema ulertu, Hegoalde eta Iparralde Globalaren arteko harremanez mintzatu gabe. Era berean, ezin gara elikadura burujabetzaz mintzatu, genero-ikuspegirik gabe; ezta feminismoez mintzatu ere, ez bada elikadura burujabetzan oinarriturik. Beraz, globalizazioak eragindako lotura eta harreman ekonomiko, sozial eta kulturalak aztertu beharrean gara, elkarren mendekotasuna eta ekomendekotasuna kontzeptuak oinarri harturik. Kontzeptuok jendea eta natura zaintzea proposatzen dute. Horri loturik, funtsezkoa da kolektiboen arteko elkargunean aurrera jotzen saiatzea, landa inguruneko emakume ekoizleen eta mugimendu feministen arteko aliantzak eta zubiak eraikitzeko, emakumeen eskubideen eta lurraldearen defentsaren aldeko borroketan indarrak batze aldera eta, bide horretan, Hegoaldeko esperientzietatik ikaste aldera.

Bi urte daramatzagu Foroa antolatzen, urtero ikuspegi bat jorratuta. Lehen edizioan, hiri-eremuko eta landa-eremuko emakumeen arteko topaketa bat egin zen. Hainbat erakundek eta ekimenek beren esperientziak azaldu zituzten. Han ziren, adibidez, Emakumeen Mundu Martxa, Etxaldeko Emakumeak, Galiziako nekazarien sindikatua eta Estatu Espainoleko Landa-emakumeen Konfederazioa. Aldi berean, Edcleide da Rocha-k azaldu zigun zer lan egiten duten Brasilgo nekazaritza-feminismo herrikoiaren alde.

Bigarren edizioak feminismoaren eta elikadura burujabetzaren arteko loturak nabarmendu zituen eta, era berean, elikadura burujabetzak antiespezismoarekin izan ditzakeen loturak. Hori gai eztabaidagarria da benetan, baina errespetuz eta era eraikigarrian aztertu zen. Edizio horretako bigarren eguna Elizondon egin zen gai bat jorratzeko, hots, gure inguruko emakumeak lurraldearen alde egituratzeko, proiektu jakin batzuei aurre egite aldera: Erdizko meategiak proiektu estraktibista eta Aroztegia proiektu espekulatiboa. Baina aldi berean tokiko ekoizpena bultzatzeko ekimenak ezagutu genituen, hala nola Baztango Zaporeak.



(Argazkian Bigarren Foroa. Lurra sentituz: Emakumeok elkarrekin ereiten, 2019ko abenduaren 15ean, Iruñeko Plazara Gizarte Zentroa)

Bigarren edizioa martxoaren 27an hasi zen, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, “Emakumeok elkarrekin ereiten” goiburupean. Hura emakume, erakunde eta elkarteendako jardunaldi bat izan zen lurraldearen, ekofeminismoaren eta elikadura burujabetzaren alde lan egiteko eta arlo horiei buruz hausnartzeko, ikuspegi feministatik begiratuta, betiere. Oso dinamikoa izan zen formatuetan: hau da, txostenak, esperientzia-trukeak, sormenezko tailerra eta, bukatzeko, kultur ekitaldi bat. Halaber, askotariko parte-hartzaileak aritu ziren, hala nola Patricia Dopazo, hau da, “Soberanía Alimentaria, Biodiversidad y Culturas” aldizkariko koordinatzailea; Lolita Chávez, Guatemalako K’iché Herrien Kontseiluko ordezkaria; Lucía Loren, artista ekofeminista, eta Virginia Imaz, bere “clownclusiones” delakoengatik ezaguna.

Foroaren bigarren saioa apirilaren 24an eginen da, goizez, Tafallako Kulturgunean, “Haziak pizten” lelopean. Ekofeminismoaz eta elikadura burujabetzaz mintzatuko gara hainbat hizlarirekin eta talderekin. Haien artean, gurekin izanen da Yayo Herrero Brasilgo Lurrarik Gabe Mugimendukoa, Tafallako Lantxurda Taldearekin eta bertako mugimendu feministarekin elkarlanean. Izena apirilaren 20ra arte eman daiteke.

ORAIN INOIZ BAINO GEHIAGO, EKITEKO UNEA DA!!!