Duela bi urtetik hona, Mugarik Gabe Nafarroa, SOS Arrazakeria, SODEPAZ eta Nafarroako REAS Sarea elkarren artean antolatu dira jatorri, profil eta adin ezberdineko pertsonen arteko topaguneak sustatzeko asmoz eta, era berean, aniztasunean eta kulturen arteko nahiz belaunaldien arteko aberastasunean oinarritutako prozesuak eraikitzeko. Bi urtean, Hegoalde Globalaren ikuspegia Hezkuntza Ez Formala lantzen duten gune komunitario batzuetan txertatu nahi izan dugu, kontzientzia kritikoa sustatze aldera. Horrela, hainbat gizarte talde gaitu nahi ditugu mundu solidarioago eta bidezkoagoaren aldeko borrokan eta, era berean, komunitatearekin eta ingurumena zaintzearekin konprometituak dauden alternatibak bilatzeko ere.

Beraz, bi urtez, hainbat elkarterekin aritu gara lankidetzan. Hona hemen: Aldezar, Buztintxureando Txuri, Errefuxiatuari Laguntzeko Espainiako Batzordea (CEAR), Nafarroako Eskaut Katolikoak, Kulturarteko Hezkuntza Zerbitzua (SEI) eta Yoar gazte elkartea. Elkarte horietako hainbat taldek (11 urtetik 60ra bitartekoak) Eskola horretan parte hartu dute, hezkuntza eraldatzailearen eta herritartasun globalaren inguruko hainbat gaitan prestakuntza jasotzeko. Dinamika, jolas eta talde gogoeten bidez, aztertu dugu nola funtzionatzen duen sistema desberdin eta bidegabe horrek Deshilachar izenburuko saioan; bizitza zaindu eta aldatzeko alternatibak ikasi ditugu, arrazakeriaren kontrako jarreran oinarriturik; GGEEen defendatzaileen adibidea, elikadura burujabetza, kontsumo arduratsua eta ekonomia solidarioa, Hilvanar saioan; eta hurrengo asteetan, talde bakoitzak bere eragin-ekintza sortuko du, hainbat proposamen bidez, hala nola antzerki soziala Teatrolari-rekin, batukada Niarawa-rekin, fanzine soziala, eta baratzea Iruñeko baratze komunitarioekin, Tejer saioan.

Maiatzean egindako elkartaratzea.

Prestakuntza jasotzeko lekua izateaz gain, Eskola ere gune egokia da ehun soziala sendotzeko, elkar ezagutuz eta elkarte, adin eta jatorri guztien artean partekatuz, bai eta hiriko gizarte mugimenduak ezagutuz ere. Horretarako, lehen topaketa hori egin genuen, maiatzaren 8ko goizean ginkana batean aritzeko Iruñeko Alde Zaharreko karriketan, Santa Ana plazatik abiaturik eta han bertan bukaturik. Parte-hartzaileak hainbat lekutan barna ibili ziren eta ikusi zuten «non dagoen gure hiria kapitalismoak, matxismoak, arrazakeriak eta abarrek jota, eta non sendatzen den bizitza zaintzen duten alternatiben bidez, hots, feminismoak, bizitza komunitarioa, kontsumo arduratsua, energia garbiak eta abar», hori guztia pista, joko eta gainditu beharreko proben bitartez. Erakunde franko aritu zen elkarlanean, hala nola Piparrika Alde Zaharreko baratze komunitarioa, Zabaldi Elkartasunaren Etxea, Teatrolari antzerki eskola eta Alde Zaharreko AZ ekimena. Parte-hartzaileek, gainera, Goiener Taldea, Geltoki eta PIM-Pertsona Migratuendako Informazio Gunea ezagutu zituzten. Bukatzeko, Iruñean erein baina munduko beste alde batzuetan fruituak ematen dituzten hazi magikoak bildu eta eraman genituen. Fruituak, hala nola nazioarteko elkartasuna, ekitatea, energia garbiak, bizitza komunitarioa, kultur dibertsitatea, justizia soziala, etab., Iparra-Hegoa lotura sinbolizatuta, bai eta eraiki nahi dugun mundua ere.

Erakunde bateko kide bazara eta gai horiek landu nahi badituzu, ez izan zalantzarik eta jo ezazu guregana elkarlanean aritzeko, proiektuak segida baitu.

Teatrolarirekin batera, “Flores de Papel” lana ondu da klase eta genero arloko harremanez, elikadura burujabetzaz edota migrazioaz hausnartzeko. Talde lanean sortu da, erakundeetako publiko kritikoarekin batera.

Antzerkiaren kartela