Erakunde eta enpresa sorta zabal bat gizarte eta ingurumen arloko helburu esplizituek1 bultzaturik ari dira ondasun eta zerbitzuak ekoizten eta banatzen, betiere lankidetzan, elkartasunean, etikan eta autokudeaketa demokratikoan oinarriturik. Ekonomia Solidarioa, hain zuzen, horri esaten zaio.
Garapen Jasangarriko Helburuetara hurbiltze aldera, beharrezkoa da egungo paradigma aldatzea alde guztietatik begira, hau da, soziala, politikoa eta ekonomikoa, pertsonen bizitza erdigunean jartzeko eta egun gizartean, osasunean eta kliman dugun egoerari premiaz erantzuteko. Horretarako, beharrezkoa da egungo politika sozial eta ekonomikoei beste norabide bat ematea eta garapen jasangarriko ereduetarantz jotzea. Horrek esan nahi du herritar guztien ongizatea sustatuko duten neurriak lehenetsi behar direla politikan eta aurrekontuetan: hau da, hezkuntza, osasuna, enplegua, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, gizarteratzea, etab. Era berean, ingurumenaren kontserbazioa eta sustapena lehenetsi behar dira, beste edozer gauzaren gainetik.
Izan ere, ez dago gizartea eraldatzerik egungo krisiak eragin dituen pentsamolde eta gizarte eredua aldatu gabe, ezta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH)2 lortzerik ere. Ekonomia Solidarioa gizartea eraldatzeko eredu bat da, bizitzaren erreprodukzioaren zerbitzuan dago, eta prozesu demokratikoak, parte-hartzaileak eta inklusiboak ditu oinarri, garapen baztertzailea eta jasanezina atzean uzteko.
Adierazle berriak behar ditugu lurraldeetako garapen eta ongizate maila bere osoan aztertu ahal izateko, begirada ekonomian, gizartean, politikan, etikan, etnietan, ingurumenean eta kulturan pausatuta, eta justizia eta norbanakoen zein guztion askatasunak sustatuta.
Jasangarritasuna: eskura ditugun baliabide fisiko, natural eta sozialen mugen barnean bizitzeko prozesua da, gizakiak murgildurik dauden sistema biziek betirako iraun dezaten3, baliabide horiek berberak etorkizuneko belaunaldiendako ere eskura egon daitezen.
Pobreziari amaiera eman mundu osoan eta forma guztietan
Ekonomia Solidarioak ez du pobrezia berez desagerrarazten, baina egitura komunitarioak sendotzen ditu, erresilienteak eta integratzaileak izan daitezen; halaber, aukera handiagoa eskaintzen du enpleguan sartzeko (laneratu eta gizarteratzeko enpresak) eta enplegu egonkorragoak eskuratzeko, bideratuak bai jendearen ongizatera, bai soberakinak komunitateetan beretan berriz inbertitzera. Ingurunearekiko lotura hori aldaketa politikoetarako erreklamazio-iturria da, Giza Eskubideen eta ingurumeneko jasangarritasunaren garapen sozialaren alde, betiere pobrezia eta desberdintasunak murrizte aldera.
Ekonomia Solidarioan dihardugunok jarduera ekonomikoaren zentzu soziala defenditzen dugu, eta guretzat, jarduera ekonomikoa da jende ororen beharrak jasangarritasunez asetzeko bitarteko bat da, eta ez da berez xede bat gutxi batzuek diru irabazi bat lortzeko; beraz, ezinbestekoa da finantzak eraldatzea, pobrezia egoeran edota bazterturik gelditzeko arriskuan dauden pertsonengan duten eragin kaltegarria murrizteko. Ekonomia komunitarioen balioa nabarmendu behar da, beharrak asetzea baitute xede baina ingurunearekin bat eta huraxe errespetatuz. Esperientzia horiek guztiek hainbat oinarri dituzte, hala nola auto-antolaketa, elkarrekiko laguntza, komunitatearekiko konpromisoa, berdintasuna eta demokrazia, egitura malguagoak, moldakorragoak eta erresilienteagoak erabilita; hortaz, funtsezkoa da esperientzia horiek sustatu eta haien alde egitea.
Gosea amaitzea, elikagai-segurtasuna eta elikadura hobea lortzea, eta nekazaritza jasangarria bultzatzea
Ekonomia Solidarioak agroekologiako printzipioak eta jarduerak sustatzen ditu esplizituki, hau da, dela Bidezko Merkataritza, dela lurrak berreskuratzea, betiere biodibertsitatea errespetatu eta sustatzeko printzipioekin bat, berezko landa-inguruneen suspertzearen garrantzia azpimarratuta. Nekazari txikiak maiz daude kooperatiba motaren batean antolaturik eta maiz ere ari dira agroekologian; beraz, gero eta eragile garrantzitsuagoak dira elikadura-sistemetan. Ekimen horien aldeko tokiko kontratazio publikoa medikuntza prebentiboaren osagai da. Elikadura eskubide gisa ulertu beharra dago>; ez, ordea, negozio gisa. Hau da, nekazaritza-elikadura arloko sistemak giza balioak jarri behar ditu interes ekonomikoen gainetik.
Guztiontzat eta adin guztietan bizimodu osasungarria bermatzea eta ongizatea sustatzea.
Kontu handiz begiratu behar da beti Estatuak osasun arreta emateari dagokion arduran izan daitekeen murrizketa oro eta, gainera, Ekonomia Solidarioaren ekimenak ez dira hauteman behar estatuko osasun zerbitzuaren ordezko gisa. Hala ere, ESko erakundeak posizio onean daude osasun zerbitzuak osagarritasunez emateko, zerbitzatzen dituzten komunitateengandik eta beren kideengandik hurbil daudelako.
Airearen kutsadura eta populazioa bereziki kezkagarria izan beharko litzaiguke, AEMET-Estatuko Metereologia Agentziaren txosten batean argitara emandako datuen ondorioz. Datuen arabera, Nafarroako Erriberan altua da substantzia organikoak, hautsa, kedarra, metalak eta substantzia kimikoak dauzkaten partikulen indizea. Itxura guztien arabera, Ebroko ibarrean diren aldameneko industria eta industrialdeetatik iristen dira.
Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea.
Funtsezkoa da hezkuntza-metodologiak garatzea esparru formalean nahiz ez-formalean, aldaketa eko-sozialera bideratuak, betiere parte-hartzean, elkarlanean eta proiektu kooperatiboen garapenean oinarrituak. Berriz ere, erakunde publikoen inplikazioa funtsezkoa da.
Genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neska guztiak ahalduntzea.
Ekonomia Solidarioak bere egiten ditu Ekonomia Feministaren oinarriak, ekitate sozialarekin duen konpromisoaren bidez. Ekonomiaren xede sozial nagusiak bizitza sostengatu eta ugaltzea izan behar baitu ingurunearekin harmonian. Izan ere, bizitzaren zainketa eta erreprodukzio lanak txertatu behar dira. Horrela, Ekonomia Feministaren diagnosiekin nahiz proposamenekin bat eginez, jendearen bizitza eta planeta erdigunean jartzea aldarrikatzen dugu, hainbat balioaren babesean: elkarrekikotasuna, elkartasuna eta lankidetza. Ekonomiaz ulertzen denaren mugak zabaldu behar dira, diru bihurtzen ez diren prozesuak txertatzeko.
Uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria nahiz guztiontzako saneamendua bermatzea.
Bai klima-aldaketa, bai natur ondasunen nahiz biodibertsitatearen agortzea gizakiak egun dituen erronkarik handienetakoak dira. Premiazkoa da tokikotik gizarte osoarentzako trantsizio bidezko eta demokratiko baterantz jotzea eta, era berean, premiazkoa da egungo natur ondasunak hobeki eta eraginkortasun handiagoz birbanatzea. Ura oinarrizko ondasuna da gizakiaren biziraupenerako eta duintasunerako eta, erakunde publiko orok halakotzat tratatu behar du, eta babestu behar du inork ere haren kudeaketa pribatizatu ez dezan eta espekulaziorako erabil ez dezan. a
Energia eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat
Nahitaezkoa dugu trantsizio energetikoa egitea, baina horrek hainbat oinarri izan behar ditu, hala nola aurrezpena eta eraginkortasuna, eskariaren kudeaketa, autokontsumoa, tokiko banaketa-sareak, eta sorkuntza garbia, hurbila, berriztagarria eta demokratikoa. Era berean, beharrezkoa da pobrezia energetikoa desagerraraztea, eta energiaren eskurapena giza eskubide gisa bermatzea4. Ezin dugu segitu baliabideak xahutzen lan faraonikoetan, eta ezin da proposatu elektrizitatea sortzeko megazentral berrien eraikuntza (nuklearra, termikoa…) polo industrial eta hiri handiak hornitzeko, trantsizio energetikoak egun irtenbide bideragarriak bezain jasangarriak eskaintzen dituenean. Soiltasunaren alde egin behar dugu eta eskala maila gizatiarrago batera ekarri, bai eta eskualdeko nahiz tokiko maila batera ere. Ez da finantzatu behar erregai fosiletako proiektu berririk. Klima-larrialdiaren larritasuna ikusirik, eta hondamendia eragozteko zeinen denbora gutxi gelditzen zaigun kontuan harturik, inbertsio guztiak energi garbi, berriztagarri eta eraginkorretara bideratu behar dira.
Gure kontsumo eta energia eredua aldatzeko aukera historikoa dugu ingurumena zentzu zabalean errespetatuko duen eredu deskarbonizatu, banatu eta merke baterantz jotzeko, hau da, Trantsizio Ekologiko Bidezko bat eta, horretarako, oinarrizkoa da tokiko eragileen ezagutzak kontuan hartzea.
Guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria, osoko enplegu produktiboa eta lan duina sustatzea.
Ekonomia sortu eta sustatu behar da, ingurumena kaltetu gabe. Horra garapen ekonomiko jasangarriaren erronka; beraz, horra ere kalitatezko lana sortzearen erronka. Azterlan askok lotzen dute BPGa bai estraktibismoarekin bai produktibismoarekin. Adierazle berriak behar ditugu eta, gainera, lan ez produktiboak duindu behar ditugu (duindu, kasu honetan, aseguratzea, babestea, estaltzea, ordaintzea da), hau da, lan erreproduktiboak, zainketa lanak, horiei esker egiten baitira lan produktiboak. Lan erreproduktiboak ikusezin bihurtuta egon dira mendez mende, familia arloan zokoratuta; beraz, arlo pribatuan zokoratuta. 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik, lana malgutzearekin batera, kaleratzeak merkatu eta lan eskubideak galdu dira pixkanaka. Horren ondorioz, egungo lan errealitate formala prekarietate sozialaren iturri da.
Ekonomia Solidarioak behar bezalako bitartekoak eskaintzen ditu enplegu zaurgarriari ekiteko eta ekonomia informaletik ekonomia formaleranzko trantsizioa estaltzeko, lan duina ziurtatzeko baldintzak eskainita. ESk azaleratzen dituen enpresa-moduek guztion ondasunak eta elkarlanerako ekonomia balorizatu eta etikan nahiz elkartasunean ainguratzen dituzte. Mikrofinantziaziorako erakunde solidarioak eta autolaguntza taldeak lagungarriak dira funtsezko baliabideak eskuratze aldera, diru-sarrerak sortzeko jarduerak abiatu eta garatzeko. Ekonomia Solidarioa bide osagarri eta eraginkorra da enplegu prekarioaren igoerari aurre egiteko, bai eta ekonomia informalarekin nahiz arautuarekin lotutako lan duinean dagoen defizit larriari aurre egiteko ere. Ekonomia Solidariotik sortzen diren lan egituretako errealitate/premia sozial berriak berritzeko eta egokitzeko gaitasunak ingurunea eraldatzeko ikuskera ekonomikoaren ondorioa da (ingurune soziala, lanekoa eta ingurumenekoa), eta erresilientzia eta sostengatze gaitasun bat erakusten du, halako egitura birtuosoak sortzeko gauza dena tokiko garapenaren, ingurumeneko jasangarritasunaren eta lan duinaren artean. ES barnean, funtsezkoa da jendea gizarteratu eta laneratzeko zentroek egiten duten lana. Esaten da ESko entitateek krisi garaian erakusten duten erresilientzia kapitala epe luzera metatzeko ikuspegiari zor zaiola, eta horrekin batera, zorra kontrolatzeko gaitasunari, bai eta tokiko ekonomietan sustraitua egoteari ere.
Azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusibo eta jasangarria bultzatzea eta berrikuntza sustatzea
Egungo hazkunde ekonomikoa ez da jasangarria, ezta eraginkorra ere. Ekonomia Solidarioan diharduten entitate sozialak eta enpresak bereziki erresilienteak dira krisi garaian, eta berritzaileak dira berez, eta printzipio jakin batzuei jarraikiz ari dira lehian dirua irabazteko asmo hutsez ari diren dinamika kapitalisten araupek merkatu ekonomikoan. Merkatu hori nolakoa den ikusirik, ESko entitate sozialek eta enpresek bestelako merkataritza estrategiak asmatu behar izaten dituzte, elkarrekiko laguntzak eta kapital sortzaile eta berritzailean oinarriturik, ekonomiaz eta gizarteaz duten ikuskerarekin bat. ESak, berrikuntza eusteari utzi gabe, hurbiltasunean, autonomian eta lankidetzan oinarritutako loturak mantentzen ditu. Funtsezkoa da zer garapen eredu nahi dugun birplanteatzea eta, horrez gain, zer eredu behar dugun egiazki gizarte osoa sendotuko badugu. Berrikuntza bereziki da beharrezkoa garapen adierazleetan, gizartea eta ekonomia birbanatzaileagoa eta jasangarriagoa eginda. Era berean, desberdintasunak sakonduko ez dituzten eta arrakala digitala murriztuko duten tresna digitalak bultzatu behar dira.
Herrialde bakoitzaren barneko eta herrialdeen arteko desberdintasunak murriztea
Ekonomia Solidarioa alternatiba bideragarri eta jasangarria da norbanakoen eta jende guztiaren beharrak asetzeko; xede horrekin proposatzen da. Gainera, gizartea eraldatzeko tresna sendo bat izan nahi du, egungo sisteman gertatzen diren desberdintasunak nabarmen murrizteko. Egungo sistemak honakoak baititu oinarri: hazkunde ekonomiko etengabea, lehiakortasuna nola edo hala, eta kapital metaketa. Ekitateak printzipio etiko edo justiziazko bat dakar berdintasunaren baitara, hots, pertsona guztiak duintasun berdineko norbanakoak direla aitortzen duen balioa, eta babesten du norbanakoen duten eskubidea mendetasunezko harremanen mendean ez egoteko. ES bereziki da eraginkorra desberdintasunak murrizteko, hala tokian-tokian nola maila globalean (jendea gizarteratu eta laneratzeko entitateak, zeharkako genero ikuspegia, parte-hartzea eta demokrazia entitateen barne funtzionamenduan, irabazi-asmorik eza eta etekinak berriz ere inbertitzea…).
Hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea
Lurraldean itxuratzen diren ekimen ekonomiko eta sozialetatik abiatuta pentsatu behar dira egungo erronkak. Ekonomia Solidarioaren ekimenak tokiko ekonomian sustraiturik daudenez, ESk eginkizun garrantzitsua bete dezake tokiko garapena inklusiboa eta jasangarria izan dadin, ez soilik bere jardueren bidez, baizik eta bere sare eta berariazko ezagutzen bidez. Hiriei lotutako kontsumo ereduak jasangarritasunaren erronkaren funtsezko elementuetako batzuk dira; hortik heldu da garapen eredu integratzaile eta jasangarrien beharra, honakoak sustatuko dituztenak: tokiko kultura, hurbiltasunezko zerbitzuak (osasun arreta, hezkuntza eta prestakuntza barne), hiriko eta hiri inguruko nekazaritza (ekologikoa), komunitatearen berrikuntza, etxebizitza eskuragarria eta ondasun komunak eskuratzeko aukera, energia berriztagarria, hondakinen kudeaketa birziklapena, ekoizpen eta kontsumo formak karbono-isuri txikiekin, eta bizi-bideen segurtasun handiagoa.
ESk, halaber, hiri-landa loturak susta ditzake, elkarrekiko onuragarriak; adibidez, nekazaritza eta elikadura arloko balio-kateen sistemen bidez, bai eta merkataritza, garraio eta beste zerbitzu batzuen zirkuituen bidez ere. Horrek guztiak diagnosiak, aurreikuspenak eta aurrekontua behar ditu.
Diru sozialen sistemak tokiko garapen jasangarrirako tresna izan daitezke, eta bereziki dira eraginkorrak ezegonkortasun ekonomikoko garaietan, hainbat arrazoi direla medio. Lehenik, espazio zehatz batean baizik erabiltzen ez direlako, eta tokiko garapen ekonomikoa nahiz tokiko gobernagarritasun demokratikoa sendotu dezaketelako; bigarrenik, ekoizpena etab trukea suspertu ets sustatu dezakete; eta hirugarrenik, gizarte harremanak susta ditzakete. Diru sozialek komunitatea sortzen dute diru hori erabiliz, portaera kooperatiboa sortuta, gizarteratzea sustatuta eta tokiko parte-hartzea bultzatuta. Plan horiek potentziala eskaintzen dute finantzazioa helburu sozialetarantz bideratzeko, eta erresilientzia finantziariorako gaitasuna hobetzeko.
Kontsumo eta ekoizpen modalitate jasangarriak bermatzea
Hiru helburu orokor eta ezinbesteko baldintza dira garapen jasangarrirako, eta horietako bat kontsumo eta ekoizpen jarraibide jasangarriak sustatzea da.5 Horrela, kontsumoa eta ekoizpena jasangarriak izanen badira, baliabideen erabilera eraginkorra sustatu beharko da, eta era berean, eraginkortasun energetikoa, enplegu duina eta bizi-kalitate hobea jende guztiarendako. Garrantzitsua da natur ondasunen erabilera murriztea, haien degradazioa eta kutsadura bizi-ziklo guztian murriztuta eta, aldi berean, ingurunean bizi-kalitate hobea lortuta. Kontsumitzaileak kontsumo-aukeretan eta bizimodu jasangarrietan inplikatuta, informazio egokia emanda. Beste GJH askotan bezala, kontratazio publiko jasangarria funtsezkoa da alternatibak ezartzeko eta ekimen onuragarriei eusteko.
Bere ikuskeraren arabera, Ekonomia Solidarioak hainbat logikarekin bat dihardu, hala nola ekoizpen kooperatiboa, bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta finantza etikoak. Horrela sortu da REASen oinarrizko tresnetako bat, ESn diharduten entitateen sare baten gisara, hots, Merkatu Sozialak. Kate egonkorrak dira ekoizpen, banaketa, kontsumo eta finantzaketarako, ESren printzipioekin konprometituak dauden entitateen eta kontsumitzaileen arteko lankidetza errazten dutenak, fluxuen pixkanakako zuzenketa eraginda, kate-begi guztiek gizarte eta ingurumen arloko justizia horrekin bat jardun dezaten. Eredu horren lurralde-esparrua tokikoa da, konfiantzazko harremanetan oinarritua baitago.6
Premiazko neurriak hartzea klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka egiteko.
2015eko abenduan, Parisen, mundu mailako akordio bat egin zen. Berotegi-efektuko gas isuriak (BEI) murrizteko behar ziren neurriak hartze aldera, zertarako eta planetako batez besteko tenperatura 2ºC baino gehiago ez igotzeko. Hori itzuliezineko unea baita, eta orduan, planetako batez besteko tenperaturak oreka berri bat bilatuko du eta etengabe igoko da harik eta 4 edo 6 gradu gehiago igo arte.
Irtenbide bideragarriak ditugu gure eskura, ingurumena gehiago errespetatuko duten jarduera ekonomiko jasangarriagoa sustatuko dutenak. Egungo egoera ikusirik, helburu anbiziotsuak dira eta ahalegin handia egin beharko da, egungo joera aldatuko badugu.
Ekonomia Soziala GJH honen abangoardian dago, Ekonomia Ekologikoarekin konpromiso argia duelako eta giza eskalaren araberako toki garapena sustatzeko logikarekin bat diharduelako. Gure ustez, ez da alferrekoa GJH honetan “premiazko” hitza agertzea; horrenbestez, premiazkoa da oso erakunde publikoek lurralde maila guztietan neurriak hartzeas.7
Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak mantentzea eta modu jasangarrian erabiltzea, garapen jasangarriari begira.
Lurreko ekosistemak babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabil daitezela sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea, eta biodibertsitatearen galera gelditzea.
ESn dihardugunok uste dugu gure jarduera produktibo eta ekonomiko guztiak naturarekin duela lotura; hori dela-eta dihardugu harekin bat eginik eta naturaren eskubideak aitortzea dugu abiaburu. Gure iritziz, Naturarekin dugun harreman ona aberastasun ekonomikorako iturri da, bai eta guztiondako osasun onerako iturri ere. Hortik heldu da, ingurumeneko jansagarritasuna txertatu beharra gure ekintza guztietan, eta gure ingurumen inpaktua ere (aztarna ekologikoa) etengabe neurtu behar da. Giza aztarna ekologikoa murriztu nahi dugu nabarmen gure jarduera guztietan, ekoizpen eta kontsumo modu jasangarri eta ekitatiboetarantz joz, eta askitasunaren nahiz soiltasunaren etika bat sustatuz.
Garapen jasangarrirako gizarte baketsu eta inklusiboak sustatzea, guztioi justiziarako sarbidea erraztea, eta euren jarduerak eta kontuak azaltzen dituzten erakunde eraginkorrak eta inklusiboak sortzea maila guztietan.
ESk konpromiso irmo eta etengabea erakutsi du aspaldi handitik garapen jasangarriko helburuekin, hau da, NBE osatzen duten herrialdeek 2015ean lehentasunezko helburutzat hartu baino lehen. Urte hartan, Agenda 20-30 sortu zen, agenda instituzional gehienak gidatzeko asmoz.
Aukera bat da mende honetako erronka sozial askori aurre egiteko, baina ikuspegi gizatiar, feminista eta ekologista batetik, eta jarduera ekonomikorako garatzen diren formek helburu ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak oreka ditzaten, baliabideka eta soberakinak berdintasunez birbana ditzaten, jendearen funtsezko beharrak asetze aldera. Justizia Sozialak ahalbidetzen ditu gizarte baketsu eta inklusiboak, eta horretarako, instituzio sendoak behar dira egiazki, inolako konplexurik gabe ekin diezaieten pobrezia desagerrarazteko politikei, horixe baita egiazko justizia soziala lortzeko lehen maila.
Administrazio publikoek badakite zer-nolako eragin izugarria duen finantza-sistemak bai espazio publikoan bai geruza sozial guztietan; horrenbestez, etikaren ikuspegitik bideratutako finantza-sistema batekin egin behar dute bat.
Garapen Jasangarrirako Mundu Aliantza ezartzeko eta biziberritzeko tresnak sendotzea
Finantza arloko pentsamendu neoliberalak ia xede bakarra duela esan daiteke: ahalik eta denborarik laburrenean kapitalaren etekina ugaritzea. Horregatik, finantza-sistema hori suntsikorra eta estraktiboa da eta, horren ondorioz, gizartea egiturazko krisi etengabearen mendean dago, eta horren ondorioak ezagunak zaizkigu: desberdintasun indizeak gero eta handiagoak, habitatak pixkanaka suntsitzen ari dira, eta lotura sozialak zein kulturalak desegiten.
Nafarroako REASek kontratazio publiko arduratsua akuilatu nahi dugu, haren lurralde maila guztietan, Garapen Jasangarrirako Mundu Aliantza bat gauzatzeko bitartekoetan eragiteko.
1Carta de Principios de la Economía Solidaria: https://www.economiasolidaria.org/carta-de-principios
2Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Mugimendua Rio+20
3(Fallas, G., Chacon, M., & Castro, J. 2010.)
4Ekologistak Martxan: Energiarako Eskubidea Oinarrizko Eskubidetzat literalki eta zehazki aitortzea gure antolamendu juridikoan.
5Nazio Batuen Konferentzia Garapen Jasangarrriari buruz (Rio+20)
6Gaël Carrero Gros. Nafarroako Unibertsitate Autonomoa. Merkatu Sozialak: ekoizpen-ehuna sortzeko tresna, ekonomia eraldatzeko proiektu baten baitan.
7Ecosocial Innovations in Europe How Social and Solidarity Economy Actors Can Promote the Sustainable Development Goals, Grupo de Trabajo Interinstitucionalde las Naciones Unidas sobre ESS (UNTFSSE)