“Tresna elektronikoen kontsumoak kostu izugarriak dakartza berarekin, hala sozialak nola ingurumenekoak.”

Hornigai elektronikoen kate globala enpresa gutxi batzuen mendean dago. Gauza asko azpikontratatzen dituzte eta, are gehiago, kanpora atera. Izugarria da nola urratzen diren Giza Eskubideak ekoizpen katearen fase guztietan, irregulartasunez beteriko merkatu ilun horretaz nor jabetzen den borrokatuta.

“60 bat materialek osatzen dute mugikor bat, eta haietatik, 14 gutxienez gatazkatsuak dira, eragina baitute bai ingurumenean bai gizartean. Lau material nazioarteko araudietan jasorik daude eta ‘odolezko mineralak’ esaten zaie: wolframioa, eztainua, tantalioa eta urrea dira”. Paramilitarrek, gerrillek, mafiek, Estatuek.. elkarren arteko lehian dihardute materialak ustiatzeko eta prezioak merkatzeko, eta hain zuzen, egoera horretaz baliatzen dira Apple, Dell, Microsoft eta beste konpainia handi batzuk. Konpainia teknologikoen %80k ez du esaten beren kobaltoa nondik datorren.

Prozesua gehien merkatzen duen eta irabazirik handienetakoak ematen dituen elementuetako bat haur esplotazioa da. Batez ere, meategietako mineralak ateratzeko eta material horiek berak zabortegi elektronikoetan berreskuratzeko.

Giza Eskubideak ere larriki urratzen dira gailuak fabrikatzeko fasean, hots, soldaten inguruko prekarietatea, lanaldi luzeegiak, derrigorrezko ordu estrak (batez ere, kontsumismo handiko garaietan, hala nola Black Friday egunetan edo Eguberrietan), esklabutza egoerak (pasaportea atxikitzea, kontratazio bidez sortutako ustezko zorrak ordaindu beharra, itzuli gabeko kontratuak…) edota segurtasunik eza: “Gailu mugikorrak fabrikatzeko linean ari diren langileak gai kimiko arriskutsuen eraginpean daude, eta enpresek ez dizkiete langileei behar diren ekipamenduak ematen eta ez dituzte behar bezalako neurriak hartzen”.

Langileen %80 emakumeak dira, gutxiago kobratzen dute beren lanarengatik, ekoizpeneko lehen lerroetan aritzen dira; beraz, gai kimikoen eraginpe handiagoan daude; ez dago kontziliazioa sustatzeko politikarik, sexu jazarpena eta sexu erasoak pairatzen dituzte lan hierarkiaren aldetik, eta ez diete inolako babes eta kontrol mekanismorik ematen; sektore horretako sindikalgintza, gainera, ia klandestinoa da.

“Europan, administrazio publikoek tresna elektrikoen erosketen %20 egiten dituzte; beraz, garrantzitsua da haiei presioa egitea, prozesu horiek guztiak hobetze aldera”. Horrela, administrazio publiko eta entitate pribatu batzuk Electronics Watch erakundean daude kideturik. Erakundeak fabrikazio baldintzen jarraipena eta monitorizazioa egiten du, eta tokiko erakunde gutxi horiekin batera, presioa eragin eta negoziatu egiten dute fabrika eta marka jakin batzuekin.

Marta Anglès eta Judith Talvy, SETEM Catalunya KKEkoak

Ordenagailu baten energiaren %80 baino gehiago bere fabrikazioan gastatzen da. “Lehena xahukeria saihestea da, kontsumoa murriztea. Bigarrena, berrerabiltzea. Ez da etikoa, adibidez, unibertsitate batek bere ordenagailu guztiak zuzenean birziklapenera bideratzea, aurretik berrerabili egin daitezkeelako. Administrazioak, hala ere, oso eroso daude birziklapenarekin, baina birziklapenak azken bidea izan beharko luke”. Garrantzitsua da, halaber, konpongarritasunaren indizea, edota BEZ murritzagoa jartzea berrerabiltzen diren gailuetarako. “Erraustegi batek pertsona bati ematen dio lana; zabortegiak, 6ri; birziklapenak, berriz, 36 pertsonari, baina berrerabilpenak 296 pertsonari eman liezaieke lana”. Behar bezalako politikak egin behar dira egungo xahukeria izugarriari aurre egiteko, berrerabilpena eta konponketa ekonomikoki ere jasangarriak izate aldera.

Ramón Barrenetxea, Reciclanet elkartea.