Esan daiteke teknologia teoria eta teknika multzo bat dela, ezagutzaren aprobetxamendu praktikoa ahalbidetzen duena eta ingurunean eragiteko edo aldatzeko nahiari erantzuten diona baldintzak hobetze aldera. Sortzen den testuinguru ekonomiko, kultural eta politikoak oso baldintzatua dago, eta, beraz, inola ere ez da kaltegabea edo neutrala; aitzitik, hura osatzen duten elementuak, bai haren bidez gauzatzen, definitzen eta izendatzen direnak ere, ideologiaz beteta daude.
Mundu digitala gure orainaren funtsezko atal bihurtu da 25 urte pasatxotan. Hala ere, pertsona askori urruna eta nahasia iruditzen zaigu mundu horren funtzionamendua, baia arrotza eta ulertezina ere. Maiz, ez dakigu nola eta nork osatzen dituen, zer-nolako inplikazio pertsonalak, sozialak eta ingurumenekoak dituzten, eta ez dakigu ere, nola egituratzen dituzten gure bizitzak, lana eta kontsumoa. Ezjakintasunez edo mesfidantzaz ari gara sareetan nabigatzen gure tresnen bidez, baina ez dugu behar hainbateko ezagutzarik geure irizpidea osatzeko. Eta agian horietako ezer ere ez da kasualitatea.
Hizkuntzak gure pentsamenduak eta harremanak bideratzen eta osatzen baditu, teknologia digitalak hizkuntza berri bezalako bat dira. Egiten dugun erabilerak pertsonalki definitzen gaitu, baina horrez gain, guk jakinik ala ez, oso modu ezberdinetan eragiten digu. Edozein giza aurrerapen bezala, metaketa historiko baten emaitza baizik ez diren teknologia digital batzuei esaten diegu “teknologia berriak”. Orduan ere, ez dirudi kasualitatea botere-guneek esatea ia era espontaneoan sortu direla, mistifikatu dituzte, eta esaten da kontu korapilatsuegia dela haren azalpena sozializatzeko. Ezagutza boterea bada, ahaldundu gaitezen.
Ekonomiak eta politika neoliberalek gobernatzen duten mundu honetan, ez da harritzekoa kapitalismoak teknologia digitalak monopolizatzea, kapitalismo digitala deitzen duguna, hots, zehazki hizpide dugun eredu ekonomikoaren bilakaera ulertzeko abizen berria. Garrantzitsua da sortzen dituen esplotazio-formula “berriak” identifikatzea, eta identifikatzea ere, irabazi hutsaren premisa kapitalistak dakartzan arrisku globalak, zerga-paradisuak, datu-meatzaritza, hiperzaintza, merkatuen deserregularizatzea… Guztiak balio du nagusitasunaren eta metaketaren aldeko lasterketan. Ez da harritzekoa mundu digitala, orduan, nagusiki esku pribatuetan dagoen mundu bat izatea; eta bertan, administrazio publikoek guztiz bigarren mailako eginkizuna hartu dute. Digitalizazio politikak, gainera, diru publikoa esku pribatuetara transferitzeko molde berriak dira, eta gutxi dira etikoki eta ekosozialki jasangarriak diren aukerak, baina are gutxiago administrazio publikoek halako eredu bat eraikitzeko sortzen dituzten aukerak, guztion ongiaren alde.
REAS Nafarroan uste dugu garrantzitsua dela eredu hori zalantzan jartzea, bai eta alternatibak ezagutzera ematea ere, askotan ez baitira oso ezagunak. Kontuan hartu behar baita, sindemiak ezarritako baldintzen ondorioz, teknologia digitalak inoiz baino garrantzitsuagoak izan direla eta inoiz baino leku handiagoa izan dutela.