Skip to content

Komunaren defentsan, sare kolektiboak eta elkarrekiko laguntza.

Hainbat saretan, lanean ari dira bizitza erdigunean kokatzeko, bai eta bizitza jasangarria ahalbidetzen duten prozesu guztiak ere, bi helburu gogoan: batetik, ez dadila kapitala izan antolamendu sozioekonomikoaren erdigunea, eta bestetik, antolamendu mota horrek dakartzan bazterketak eta esplotazioa desagerraraztea.

Kooperatibismoa, sindikalismoa, militantzia, zainketak, gizarte bazterkeriaren aurkako eta Eskubide Sozialen aldeko borroka. 4 Sarerekin partekatu genituen gogoetak, proposamenak eta ikuspegiak. Sare haietako bakoitzak hainbat talde eta entitate dituzte beren ingurunean. Komunaren aldeko ikuspegia da oinarri, bai eta gizarte, politika eta ekonomia arloko dinamikak aldatu beharra ere. Oinarri hori bat heldu da Nafarroako Eskubide Sozialen Gutunarekin, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarearekin, Martes Al Sol eta Olatukoop ekimenekin.

Kapital handia krisi bakoitzarekin berrindartzen da. Iduri luke, jendea zenbat eta gehiago estutu, pertsona gehiago sartzen direla pobrezian, eta aberatsik handienak, berriz, gero aberatsagoak dira. 25 urte baino gehiago joan dira Pobreziaren aurkako Nafarroako sarea sortu zenetik. Une hartan esaten zen 6.000 lagun zeudela gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan. Egun, askoz ere kopuru handiagoa da. Une politikoa aprobetxatu behar da; izan ere, botereak ezin du orain saldu ekonomia hobetzearekin batera guztion egoera hobetuko dela, ez baita horrela, horrek ez baitu pobreziaren jaitsiera ekarri; aitzitik, pobrezia areagotu egin da, bai eta gizartean diren arrakala guztiak ere. Ez da kasualitatea 4 Sareen diagnosiak bat egitea: hots, Covid gaitzaz haratago, ez dugu 2008ko krisia gainditu. Eta 12 urte joan dira. Gainerako sare parte-hartzaileak testuinguru hartatik atera ziren, eta ez da kasualitatea. Beharraz baliatu ziren dinamikak sortzeko eta komunitatea sendotzeko, baina ez soilik irakurketa kritiko bat eskaintze aldera, baizik eta alternatibak eta aldaketa ereduak ere eskaintze aldera. Gaur egun, autokritikak dio haratago joan behar dela. Ez baita soilik aski daukaguna. Izan ere, “kapitalismoa edo bizitza” ziklo konplexu berri horri aurre egite aldera, gure erakundeak indartu eta elkar topatu behar dugu, agenda komunak erabili behar ditugu… Batzen gaituen huraxe indartzeko tenorea da, komunaren defentsa, guztioi datxezkiguna, duintasunez bizitzea, alegia. Egun, guztiz premiazkoa da aurrekontua zaintzea, hala diru-sarrera nola gastua. Ez dugu inola ere onartu behar instituzioek bestelako gizarte murrizketak egitea; ezin dugu geldirik egon 2020 osoan aplikatu diren murrizketen aurrean, halako sorginkeria paralizatzailea balute bezala. Gizarteak gehiago parte hartzea lortu behar dugu, dela diskurtsoak eraikitzeko, dela eskubideak eta haien bermea aldarrikatzeko. Azken buruan, elkarrekin lan egitea, ikuspegi ezberdinekin baina oso antzeko ildoekin, pertsona erdigunean jartzen duten mugimenduekin. Beharrezkoa da gizartea etengabe aktibatzen jarraitzea, gizarteak ederki baitaki sistemak arrail asko eta asmotarikoak dituela eta hondoratzen ari dela. Hots, alternatiba berriak sortu eta lehendik daudenei ikusgaitasuna ematea.

Nafarroako Eskubide Sozialen Gutuna: “Alternatibak behar dituen gizartearen harrera aprobetxatzea. Instituzioetan gizarte aldaketa bultzatzen ari direnen lana eta beharrezkoa den kaleko lana bateratzea. Latinoamerika, pobrezia-arrakalaren murrizketaren adibidetzat hartuta.”

Martes al Sol: “Gizartea berrindartu beharra dago eta taldeen arteko sareak ere bai, bakoitza bere ildoan soilik aritzeak dakarren isolamendua gaindituta”.

Olatukoop: “Kooperatibismoak bestelako kontakizuna behar du; emantzipazioaren ideia hurbildu eta kanpo finantzaketen mendekotasunetik atera. Erresilientzia Funtsa; sindikatuen sostengua, pertsonok garapen ekonomikorako zer-nolako eredua behar dugun erabakitzeko eskubidea izan dezagun”.

Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sarea: “Inbertsioa behar dugu bazterketaren gurpila hautsiko duten politika aktibo eta eraginkorretan. Hortik heldu da 2008ko krisiaren iraupena”.