Skip to content

Konektibitatea: alternatiba komunitarioak

Logo Güifinet y Pangea

“Hurrengo gauza handia gauza txiki asko izanen dira.”

Definitzen badugu konektibitatea dela azken 3 hilabetean interneterako sarbidea eduki izana, munduko bizilagunen %50ek bakarrik du sarbidea hartan. Telekomunikazioetan nagusitu den negozio ereduaren logika bakarra da inbertsioaren itzulkina lortzea, konexioa zabaltzerakoan. Munduko jende erdiarentzat ez da errentagarria kostuak ordaintzea. Kapitalak 5G-a nahiago du konektibitatea zabaltzea baino, eta horrek arrakala digitala areagotzen du.

Konfinamenduetan, biztanleriaren zati handi batek ez zuen sarbiderik izan urrutiko zerbitzuetan: hezkuntzan, telelanean, osasunean edota kulturan. Carlos Rey Moreno APC erakundekoa da (hots, IKTk garatzen diharduen erakundea da, pertsona guztiendako justizia soziala sustatuta eta interneterako sarbide librea eta eskuragarria bultzatuta) eta eredu horrekiko alternatibak aurkeztu zituen. “Telekomunikazioetako enpresa handiek behin eta berriz esaten dute ezinezkoa dela komunitateek beren azpiegiturak sortzea. Erakutsi dugu sor daitezkeela alternatiba komunitarioekin, ezagutzak eta esperientziak trukatuz”.

“Gaur egun, ahalduntze kolektiborako eta sare komunitarioei buruzko gailurrak egiten dira kontinente guztietan, bai eta elkarri laguntzeko ere. Arrakala digitala genero-kontua ere bada, patriarkatua toki guztietan baitago, eta lortu beharra dago emakumeek eta genero anitza duten pertsonek ahalduntzea, gu erditik kenduz. Inklusio digitalak esan nahi du pertsona guztiei eman behar zaiela beren konektibitateaz hornitzeko aukera, hori egiteko borondatea badute”.

Esperientziak Nafarroan

Guifi.net Katalunian hasi zen, 2004an, eta 38 milatik gora nodo aktibo ditu eta 200 mila erabiltzaile baino gehiago lurralde askotan. Miguel Ángel Irigoyenek aipatu zuen zer nolako desberdintasunak diren konektibitatean arlo urbanoaren eta landa arloaren artean. “Erauzketa ereduaren aurkako borroka da, eta interes ekonomiko aunitz daude; administrazio publikoak guztion ongiaren alde jokatu beharko luke. Nazio Batuen erakundeak aitortu du funtsezko eskubidea dela interneterako sarbidea izatea eta, oso korapilatsua denez konpainia handiek beren filosofia aldatzea, hau da, kosta ahala kosta ahalik eta irabazirik handiena eskuratzeko filosofia hori aldatzea, administrazioek dute herritar guztiei konektibitaterako irtenbideak eskaintzeko ardura”.

Landa eremuetako konexioa bideragarri egitea, konektibitate ratioak %14ra jaisteko, ez da ezinezkoa. “Inbertsioa geure baliabideekin egiten dugu, bai eta udalen, herritarren eta, are, entitate pribatuen baliabideekin ere; gero, tokiko instalatzaile eta operadoreekin jartzen gara harremanetan. Urte gutxitan, inbertsioa amortizatzen da, eta bakoitza da bere komunikazio-azpiegituren jabea. Gure filosofia kostuak murriztera eta beharrei erantzunak ematera dago bideratua. Sareek jasangarriak izan behar dute, mantentze logikengatik, eta hori egingarria da merkatuak eskaintzen dituenak baino askoz ere prezio apalagoetan. Despopulazioaren aurrean, hori funtsezkoa da; ez badago internetik, jendeak ere alde egiten du”.

Guifi.net-ek, adibidez, Erroibarko herrietara eraman du internet, eta Oltzan, Goñerrin eta Sakanan ari da lanean. Lurraldearen desagregazioa gakoetako bat da konektibitatea demokratizatzeko. “Lehenago, udalerrien arabera egiten zen, eta edonork zuen lizitazio publiko horietarako aukera; iaz, ordea, probintzia mailan egin zen, eta ondorioz, operadora handienendako soilik dago lekua”.