Zer gertatuko litzateke, Ekonomia Solidarioak Ekonomia Solidarioaren barnean kontsumituko balu ahalik eta gehien?
Barne kontsumoak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren baitan duen indar eraldatzailea agertzea da kanpainaren helburua, kontuan harturik gaur egun sekulan baino garrantzitsuagoa dela bai elkarrekiko laguntza, bai sareak indartzea. Horrenbestez, gure ohiko kontsumoak mantentzen jarraitzea da kide gaituen sare horri eusteko gakoa. Eta horrez gain, batez ere, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren enpresa, produktu eta zerbitzu berrien alde egitea. Izan ere, ESS barneko entitateren bateko langileek, laguntzaileek, bazkideek eta bezeroek ahalik eta gehien kontsumituko balute gure ekonomia-zirkuitu alternatiboaren barnean, hau da, Merkatu Sozialaren barnean, gure kontsumo kolektiboak sekulako eragina izanen luke geure erakundeetan (hau da, lan gehiago, enplegu gehiago, proiektu gehiago eta eragin-ahalmen handiagoa), eta orduan, gure kontsumoa egiazki izanen litzateke indar eraldatzaile handiko tresna bat, eragin handikoa, gainera.
Horregatik, REAS Sareen Sareak, bai eta Sarean dagoen Merkatu Sozialeko Batzordeak ere, dei berezia egin nahi die sarean eta mugimenduan kide diren pertsona guztiei “Kontsumitu Barnean” kanpainari indarra emateko. Kanpainak, izan ere, barne kontsumoa sustatu nahi du Ekonomia Sozialaren barnean, sinetsita baikaude sekulan baino beharrezkoagoa dela bai geure zirkuitu ekonomikoak indartzea, bai geure entitateetan ekoiztu eta kontsumitzea.
Horrela, eskaintzen diren produktu eta zerbitzu etiko, solidario eta jasangarriak zabaldu nahi ditugu, sorta zabala baita benetan, gure ohiko kontsumoak erregistratuta haiei ikusgaitasuna emateko, eta gure laguntza agertzen jarraitzeko oinarrizko produktuz eta zerbitzuz hornitzen gaituztenei. Baina, bereziki, sareko entitate berriak eta haien eskaintzak ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu, gure kontsumoa ahalik eta gehien egin dadin ekonomia sozial eta solidarioaren baitan. Horrela, bide berriak irekiko ditugu helburu eta balio berdinak dituzten enpresen eta pertsonen arteko harremanetarako, komunitate handi guztien baitan sortzen diren elkar lankidetzarako esperientzia berriak eta elkarri laguntzeko praktika berriak ahalbidetuz.
Hori dela eta, “Kontsumitu Barnean” ekimena kanpaina huts bat baino askoz ere gehiago da. Gonbidapen bat baita, pertsona eta entitate kontzientziadunek Ekonomia Solidarioaren ekonomia-zirkuitu komuna indartu dezaten, enpresa eta kontsumitzaile arduratsuak lotuko dituen Merkatu Sozial bat sortzen lagunduta, eta gure eguneroko kontsumotik abiaturik, ekonomia-eredu bidezkoago, jasangarriago eta solidarioago bat sortze aldera.
Horrenbestez, kontsumo kontziente eta arduratsua, Ekonomia Solidarioaren Merkatu Sozialaren baitan, gizartea eraldatzeko tresna da, gizartean eta ingurumenean eragin handia duten enpresak saritu eta sustatzen dituena.
Batasunak indarra dakar, eta horixe da ESSk osatutako ekonomia-zirkuitu alternatiboaren oinarria. Krisi garaietan, indartu ditzagun lankidetza eta elkarrekiko laguntza. Komunitatea gara eta, denon artean osatzen dugun subjektu kolektiboa garen aldetik, elkarri lagundu behar diogu, eta eutsi ere egin behar diogu guri eusten digun sareari. Barne kontsumoaren bidez, sarea ere egiten dugu, eta hori Merkatu Sozialerako proposamenaren jatorria da, zertarako eta ekonomia-zirkuitu alternatiboa, demokratikoa, bidezkoa, jasangarria eta solidarioa osatzeko.
Auzoko denda aukeratzea izan daiteke kontsumo-ohitura berriak eskuratzen hasteko modua, hurbila eta irisgarria baita. Beraz, azalera handien ordez, beste merkataritza molde hori aukeratzea aurrerapauso garrantzitsua da, zalantzarik gabe. Ekonomia Solidarioan ere gauzak erraztu nahi ditugu eta, horregatik, REAS Sareen Sarean 850 alternatiba baino gehiago sailkatu ditugu katalogoetan, lurraldearen eta sektoreen arabera. Guztiak webean daude eskura. Weba, izan ere, baliatzen ari garen azken komunikazio-tresnetako bat da kontsumo kritikoa, arduratsua eta eraldatzailea egiteko ditugun aukerei ikusgaitasun emate aldera. Gure ustez, horren bidez, gauzak oso erraz jartzen ditugu, eta horixe du ona kontsumo kontzienteak, hots, zure beharrak moldatzeaz gain, onura-prozesu oso bat eragiten duela bai gizarterako bai ingurumenerako, hala nola energia gutxiago kontsumitzea, eragin txikiagoa ingurumenean, eta horrez gain, kalitateko enpleguak sortzen dira, generoan dagoen arrakala hauste aldera…
Irabazi-asmorik gabeko entitateetatik heldu diren milaka produktu eta zerbitzu horiek, gainera, Balantze Sozialak abalatuak dira, eta ESSaren balioak daude baieztaturik, hau da, ekitatea, ingurumeneko jasangarritasuna, lankidetza, enplegu duina, etab. Eta gure iritziz, balio horiek dira egiazki garrantzitsuak (prezioaren eta deskontuen gainetik) eta kontuan hartu beharko genituzke guk kontsumitzaileok produktu edo zerbitzu bat eskuratzean, gure erosketak etikoak eta jasangarriak ere izan daitezen, erabilgarriak izateaz gainera.
“Diotenez, irudimena da armarik ahaltsuena, eta ESSean bestelako merkataritza-estrategien alde ari gara”. Beraz, bonbardaketa kontsumistak goia jotzen duen hilabete honetan, merkatu sozialetatik eskaintzen ditugun alternatiba guztiak nabarmendu eta sustatu nahi ditugu REASen. Ez pentsatu gehiago, erraza eta dibertigarria baita. Sartu esperientzia pilotu honetarako sortu dugun webean, erregistratu zure ohiko kontsumoak eta kuxkuxeatu beste entitate batzuen eskaintzak, Ekonomia Solidarioan are gehiago sakontzeko. Sekulako bidaia da eta, gainera, ustekabe bat baino gehiago jasoko duzu… Izan ere, ez baldin bada dibertigarria eta eraldatzailea, hau ez da nire kanpaina.
Aurrera eta #KontsumituBarnean!