Skip to content

Kontsumitzen al zaitu kontsumoak?

Bai, bai, bai. Eguberriak heldu dira, berrikitan joan zaigun Black Friday ekimenaren ondotik, urteko zirkulu kontsumista ixtera. Ekonomia Sozial eta Solidarioa askoz ere gehiago da arlo horretan ari diren entitate eta enpresek eskaintzen dituzten kontsumo kritiko eta kontzientearen aukerak ikustaraztea baino; baina hala ere, egunotan eta antzeko garaietan garrantzitsua da gogoraraztea kontsumitzea egintza politikoa dela.

Ekonomia Sozial eta Solidarioak tokiko ekonomiari egiten dio nagusiki erreferentzia, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Gutuneko 6 Printzipioak ardatz hartuta: ekitatea, lana, jasangarritasun ekologikoa, lankidetza, irabazi-asmorik gabea eta ingurunearekiko konpromisoa.

Gustatu edo ez, horretaz hausnartu edo ez, kontsumoaren gizartean bizi gara, kapitalismoan. Eta kapitalismoa, hasieran, merkataritzazkoa izan zen; gero, industriala, eta orain, globala eta digitala. Errealitate horrek planeta arpilatu eta kutsatzen du; jende gehiena dauka esplotaturik eta pobrezian; pribilegioak eta zapalkuntzak erreproduzitzen ditu gizartean, eta geure bizitzak gauza bihurtzen ditu merkatu-logikak erabiliz. Bada, errealitate horren aurrean, kontsumoa politizatzea, geure kontsumoa zalantzan jartzea, garrantzitsua izateaz gain, eskura dugun tresna ere bada, eta tresna hori nahikoa ahaltsua da, bere ondorioak eta efektuak direla-eta, bai eta bere egunerokotasuna dela-eta ere.

Baina, zer esan nahi du kontsumoa politizatzeak?

Lehenbizi argitu behar da kontua ez dela jartzea merkatuaren arduraren pisua gizabanako bakoitzarengan, baizik eta, ahal dugun neurrian, galdetzea geure buruari zer kontsumo aukera mantendu nahi eta ahal ditugun, zer kontsumo aukera berrikusi, hobetu eta aldatu nahi eta ahal ditugun. Ezinbestean lehen pauso bat eman behar dugu, hots, behar dugun huraxe kontsumitu behar dugu; ez gehiago. Eta horretarako, publizitate-mezuak alde batera utzi behar ditugu, behar ez ditugun gauzak erostera bultzatzen gaituztelako. Halaber, autokritika egin beharra dago, hein handiagoan edo txikiagoan ditugun ohiturak aldatu ahal izateko. Horrenbestez, gure kontsumoa hobetzera animatu nahi zaituztegu, hiru gakotan oinarriturik, garrantziaren hurrenkerarekin bat: lehenik, gure kontsumoa murriztea; bigarrenik, erosi gabe kontsumitzea eta, hirugarrenik, kontsumitzeko premiarik ezinbestean izanez gero eta erosketaz bestelako aukerarik ez badago, gizarte eta ingurumeneko irizpidearekin bat erostea.

Kontsumoa politizatzea kapitalismoa bera bezain praktika zaharra da ia. Era dokumentatuan ikus daiteke produktu jakin batzuei boikota egin zitzaiela, baita izen hori eman baino lehen ere. Bada, kontsumo kontziente, kritiko eta arduratsuak printzipio berbera du oinarri: ez utzi zure dirua gaitzesgarriak edo ez etikoak gertatzen zaizkizun egintzak egiten dituztenen eskuetan. Gutako bakoitzak kontsumoan oinarritutako ekintza bat egin dezakegu ikuspegi kolektibo batetik, marka edo produktu jakin hau edo hura gure kontsumotik bazter utzirik; beraz, gure idealekin bat datozen produktuak edo zerbitzuak kontsumitu ditzakegu.

Kontsumoa politizatzea eredu sozial eta politikoa aldatzearen alde agertzea da, jende gehienaren alde jokatzeko. XXI. mende honetan, gizarteak erronka asko ditu, bai sozialak, bai ingurumenekoak, aspalditik datoz, eta erronka horiei aurre eginen badiegu, aldaketak egin beharko dira duela gutxi arte askoz ere egonkorragotzat jotzen genituen sistemetan. Desazkundea gertatu eginen da kontsumo materialean eta energetikoan. Eta agertoki horretan, kontsumo-eredua erabakigarria izanen da. Gure artean antola gaitezke edota, bestela, elite ekonomikoek eredu hori inposatu eginen digute shockaren doktrinaren bidez.

Kontsumoari dagokion lehen kontsigna desazkundea bada, hala produktuetan nola energian, bigarrenak informazioa izan behar du, hau da, inork ordaintzen ez dituen kanpo-gaiak ezagutzea (lan eskubideak eta ingurumen inpaktua, batez ere). Orduan, hirugarrena koherentziaren bilaketa litzateke, betiere norberaren aukerak abiaburu hartuta, eta jakinki ezin dela erabateko koherentziaz jokatu (bost kontraesan baino gutxiago fundamentalismoa da). Horretarako, ohituretan aldaketa bultzatzen saiatzen ari gara, tokiko tresnen eta tresna kolektiboen bidez, ingurunean inpaktu onuragarriak eragite aldera. Tokikotik globalera, gure eredu alternatiboa izan badela erakusteko eta, horrez gain, fidagarria dela eta desberdintasunak jatorrian murrizteko gai dela erakusteko; ekosistema egoki bat sustatuta, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren printzipioekin bat heldu diren gizarte eta ingurumen arloko proiektu eraldatzaileek aurrera egiteko aukera izan dezaten. Eta arlo horretan, administrazio publikoek eginkizun nagusia dute, baina zoritxarrez ez diete gizartearen beharrei erantzuten eta ez dituzte zerbitzu publikoak babesten, eta era berean, ez dago lobby kapitalista handien kontra jendea lehenetsiko duen estrategiarik.

REAS sarean sarturiko entitate eta enpresak gizartearekin eta ingurumenarekin daude konprometiturik, baina baita ingurunearekin ere, gizartearen onerako dinamika bertutetsuen balioa nabarmenduta. Dinamika horiek, gainera, halako moldez daude elkartuta, non, elkar elikatzeko gauza baitira eta, horren ondorioz, inpaktu handiagoa dute, eta indar handiagoa ere gizartea eraldatzeko. Auditoria Sozialak, Merkatu Sozialak eta gisako tresnek bermaturik, entitate eta enpresa kideak bat datoz haiengandik espero denarekin, eta kontsumo kritikoa eta kontzientea egiteko sarbidea errazten dute.