Skip to content

Makroetxalderik ez: ez Caparroson, ez Noviercasen, ezta inon ere.

Abeltzaintza industrialak kalte larriak eragiten dizkio ingurumenari. Hasteko eta bat, ura eta lurra kutsatzeaz gain, zenbait eremutan kalitate oneko uraren eskuragarritasuna mugatzen du eta biodibertsitateari nabarmen eragiten dio. Hori guztia, jakina, animaliek instalazio horietan pairatzen dituzten tratu txarrak ahaztu gabe, eta haietan ari diren langile askori eragiten dieten lan-baldintza txarrak eta eskubideak ahantzi gabe. Nafarroan ere arazo hori dugu, Caparrosoko makroetxaldea gatazka-gunea baita benetan, gorabehera aunitz baitaude.

Joan den otsailaren 25ean, Greenpeacek SOS bat jaso zuen, Nafarroako Martzilla, Alesbes eta Caparroso herrietako talde ekologistek igorria, ingurunea kaltetzen ari diren minden isurketekin lotuta. Abisu horren ondoren, GKEko hainbat kidek egun batzuk eman genituen bazter haietan, Caparrosoko makroetxaldeak (Valle de Odieta, S.C.L. enpresaren jabetzakoa) eragindako ingurumeneko inpaktua dokumentatzen. Horrela, ederki egiaztatu genuen minden isurketa masibo berriek ingurumenean eragindako kalte larria. Ur-laginak hartu genituen, nitrato-mailak in situ neurtzeko, eta emaitzek erakutsi zuten zenbait tokitako kutsadura kezkagarria dela. Neurketek 50mg/l gainditzen zuten zenbait lekutan, OMEk edateko urarentzat ezarritako muga, alegia. Aipatu behar da 25 mg/l-tik gora, nitratoen kontzentrazioa kaltegarria izan daitekeela uretako organismoentzat.

Berretsi dugu abeltzaintza-eredu horrek, berez, onura oso gutxi dakarzkiola inguruari, eta, aitzitik, larriki eragiten diela inguruneari eta natur baliabideei, baina, horrez gain, enpresa baten esku dagoela. Enpresa horrek jardunbide desegokiak erakusten ditu, hamar zehapen-prozedura baino gehiago ireki zaizkio ingurumen arloko arau-hausteengatik, eta hala ere, oraindik ere isuriak egiten ditu, hau da, ingurumenaren aurkako atentatuak dira. Zoritxarrez, enpresak errekurtsoa jarri die zehapen-prozedurei gehienei, eta horietako asko oraindik ezin izan dira ebatzi. Enpresak, beraz, inpunitatez jokatzen segitzen du.

Ustiapen-eredu horrek sortutako arazoak direla eta, abeltzaintza-ustiapen hori berehala geldiaraztea izanen litzateke irtenbidea. Eta hori gertatzen ez den bitartean, Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak behar diren analisiak egin beharko lituzkete makroetxaldearen inguruko uraren kalitatea kontrolatzeko. Izan ere, Martzillako kontrol-estazio ofizialak ez du nitratorik neurtzen. Funeskoak, bai, baina oso urrun dago kutsadura-gunetik. Horren ondorioz, ezin da garaiz detektatu nitratoek ibilguetan eta akuiferoetan eragindako kutsadura, horiek inguru horretako ur-iturri nagusia izaki.

Egia esan, ekozidio bat gertatzen ari da. Izugarria da Valle de Odieta enpresak ingurumenaren gainean darakutsan mespretxua. Ulertezina da nola egon daitekeen enpresa funtzionamenduan, ingurumenaren arloan egindako hainbeste urraketaren ondorioz. Ingurumen arloan egindako delituek aski eta sobra izan beharko bailukete enpresari ate guztiak ixteko.

Simaurrez betetako sakanak

Greenpeaceko kideok ikusi dugunez, makroetxaldetik hurbil diren nekazaritza-alorrak erabiltzen ari da enpresa ustiategiak eragindako hondakinak botatzeko; beraz, zabortegi gisa. Horren ondorioz, minden isuri handiak daude eta benetako ur-jauziak sortzen dira inguruko sakan eta erreketan. Kasuren batean, gainera, isuriak Aragoi ibairaino bertaraino iristen da zuzenean, Kontserbazio Bereziko Eremuei (KBE) ere erasanda. Zehazki, Aragoi ibaiaren beheko tarteak izeneko KBEn gertatzen da hori eta galzorian dauden espezieen habitata da, bertan bizi baitira bisoi europarra eta apoarmatu istilzalea, eta diru publiko asko eta asko inbertitu da eremu hura babesteko.

Animalien gorotzak oso aberatsak dira nitratoetan. Bada, kopuru izugarrietan ekoizten direnean, abeltzaintza industrialean gertatzen den bezala, eta lursailetan kontrolik gabeko isuriak egiten direnean, nitratoa pozoi hutsa izan daiteke lurzoruentzat, urarentzat, izaki bizidun askori ere eraginda, pertsonei barne. Arazoa oso larria Espainian, hainbesteraino, non, Europako Batzordeak arau-hauste prozedura bat ireki baitu eta irizpen arrazoitua igorri baitio Espainiako Gobernuari. Irizpen horretan ikus daiteke, beste alderdi askoren artean, uren kutsadura mailak “goranzko joera” duela Nafarroan.

Akats bat bost aldiz handiagoa

Valle de Odieta enpresak proiektu bat aurkeztu du beste etxalde erraldoi bat Noviercasen sortzeko (Gaztela eta Leon). Onartzen bada, Caparrosokoa baino ia bost aldiz handiagoa izanen litzateke. Kontuan hartu behar dugu hortxe ari dela Valle de Odieta enpresa harro esaten Noviercasko proiektua interes orokorrekoa dela. Bitartean, Caparroson egiten dituen jarduera txarren ondorioz, funtsezko ondasun bat kutsatzen ari da, guztion ondasuna, ura, alegia. Gero eta gehiago, eta gero eta azkarrago ekoiztu nahi dute, eta kosturik txikienean. Ez dute besterik buruan. Ez zaie axola jarduera horrek zer-nolako ondorioak ekar ditzakeen ingurumenarentzat edota osasun publikoarentzat.

Espainiako Estatuak bezala, Nafarroak aurre egin behar die abeltzaintza industriala sortzen ari den ingurumen, osasun publiko eta gizarte arloko arazoei. Lehenengo urratsa da proiektu berriak ez baimentzea eta daudenak ez zabaltzea, Noviercaskoa eta Caparrosokoa, adibidez. Aldi berean, azienda molde intentsiboan murrizteko prozesua hasi behar da, xede hauekin:

• Klima-larrialdiari aurre egiteko

• Ura zaintzeko, nitratoen Zuzentaraua eta Uren Zuzentaraua betetze aldera

• Amoniako-isurien atalase baimendua betetzeko

• Antibiotikoekiko erresistentzia-arriskua murrizteko

• Animalien ongizatea bermatzeko

• Abeltzaintza ekologikoa eta estentsiboa sendotzeko

• Dieta osasungarriagoak eta jasangarriagoak sustatzeko, animalia-jatorriko elikagai gutxiagorekin eta landare-jatorriko elikagai gehiagorekin

Horregatik guztiagatik, Greenpeacek abeltzaintza industriala bukatzea eskatzen du, ingurumenarentzat eta landa-mundu biziarentzat mehatxu hutsa delako, eta sinadura eskaera bat egin dugu herritarrak Noviercasko makroetxaldearen aurka mintza daitezen: “Makroetxalderik EZ”, garaiz baikaude hori geldiarazteko.