Skip to content

Merkatu Soziala. On Line Azoka.

Aurten, REAS Nafarroako Ekonomia Solidarioaren VIII. Azoka online soilik izan da ezinbestean, indarrean zeuden neurrien ondorioz. Izan ere, oso mugatuak zeuden aurrez aurreko topaketak eta, horren eraginez, oso zaila zen ohiko azoka egitea; gainera, entitateek sekulako ahalegina egin beharko zuten azokan izateko eta, neurriak zirela-eta, ahalegin horrek nekez jasoko zuen saririk. Horra, nagusiki, zergatik utzi zen bertan behera azoka, inauguratu eta hiru egunera doi.

Orduan, gure webaren bidez, Azokarako errefortzu hutsa izan behar zena indartu genuen, hots, online mapa bat, parte hartzeko izena eman zuten entitate guztiak aurkitzeko. Tresna hori oraindik ere eskura dago eta, Nafarroako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren entitateen Katalogoarekin batera, oso ona da horrelako entitate eta erakundeei ikusgaitasuna emateko, guztiak ere lanean ari baitira Ekonomia Sozialaren Gutunaren balioetan oinarritutako eredu ekonomikoaren alde.

  1. EKITATEA
    Bidezko gizarte batean, pertsona guztiek aitortzen diote elkarri aukera eta eskubide berberak dituztela, eta pertsonen eta taldeen artean dauden desberdintasunak aintzat hartzen dira. Horregatik, pertsona guztien interesak modu ekitatiboan bete behar ditu.
    Berdintasun-ezak duintasun-defizita ekartzen duen tokietan, berdintasuna funtsezko helburu soziala.
  2. LANA
    Gure iritziz, lana funtsezko elementua da pertsonen eta komunitatearen bizi-kalitaterako, eta hiritarren, herrien eta Estatuen arteko harreman ekonomikoetarako. Horregatik, REASek gizarte- eta erakunde-testuinguru zabal batean kokatzen du lana ulertzeko modua; hots, ekonomian eta komunitatean parte hartzeko modu gisa.
    Gure iritziz, garrantzitsua da lanaren giza dimentsioa berreskuratzea, lanaren alderdi soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala, hartara pertsonen gaitasunak garatu ahal izateko, ondasun eta zerbitzuak ekoitzita eta, modu horretan, biztanleen egiazko beharrak bete ahal izateko (gureak, gure hurbileko ingurukoenak eta, oro har, komunitatearenak). Horregatik, guretzat lana enplegu bat edo okupazio soil bat baino askoz ere gehiago da.
    Jarduera horiek banaka edo taldean egin ditzakegu, ordainduak egon daitezke ala ez (borondatezko lana), eta langilea kontratatuta egon daiteke, edo ondare eta zerbitzuak ekoizteko erantzukizuna bere gain har dezake (autoenplegua).
    Dimentsio sozial horren barruan, ez dugu ahaztu behar pertsonak zaintzeko egiten den eta nagusiki emakumeek egiten duten lanagatik izango ez balitz, gure gizartea ezingo litzatekeela sostengatu. Lan hori, gainera, ez da gizartean behar adina errekonozitzen, ez eta modu ekitatiboan banatzen ere.
  3. INGURUGIRO-IRAUNKARTASUNA
    Gure iritziz, gure ekoizpen- eta ekonomia-jarduera guztia naturarekin lotuta dago, eta horregatik eduki behar dugu aliantza naturarekin; haren eskubideak aitortzea gure abiapuntua da.
    Gure iritziz, Naturarekiko harreman ona edukitzea aberastasun-iturri da, eta guztiontzako osasungarria. Horregatik da beharrezkoa ingurumen-iraunkortasuna gure ekintza guzti-guztietan txertatzea, eta etengabe gure ingurumen-eragina (aztarna ekologikoa) ebaluatzea.
    Gure jarduera guztietan gizakiaren aztarna ekologikoa nabarmen murriztu nahi dugu, ekoitzi eta kontsumitzeko modu iraunkor eta ekitatiboetara jo, eta nahikotasun eta soiltasunean oinarritutako etika bultzatu.
  4. LANKIDETZA
    Lehiaren ordez, lankidetza sustatu nahi dugu, Sarearekin lotuta dauden erakundeen barruan eta haietatik kanpo. Horretarako, beste erakunde eta organismo publiko zein pribatu batzuekin lankidetzan hasi nahi dugu, besteak beste.
    Guztion artean, gizarte-eredu jakin bat eraiki nahidugu, abiapuntu hauetan oinarrituta: tokiko garapen harmonikoa, bidezko harreman komertzialak, berdintasuna, konfiantza, erantzukizun partekatua, gardentasuna, errespetua…
    Ekonomia Solidarioa etika parte-hartzaile eta demokratikoan oinarrituta dago; etika horrek ikaskuntza sustatzea du helburu, eta pertsona eta erakundeen arteko lan kooperatiboa bultzatzea; horretarako, kolaborazio-prozesuak proposatzen ditu, erabakiak elkarrekin hartzea, erantzukizun eta eginbeharrak partekatzea eta, hala, ahalik eta horizontaltasun handiena bermatu ahal izatea, bakoitzaren autonomia errespetatuz eta mendekotasunik sortu gabe.
  5. IRABAZI-ASMORIK GABEA
    Guk erabiltzen dugun eta sustatu nahi dugun ekonomia-ereduak pertsonen garapen integrala, kolektiboa eta banakakoa du helburu. Horretarako, ekonomikoki bideragarri eta iraunkorrak diren proiektuak, erabat errentagarriak, modu eraginkorrean kudeatu behar dira, eta haien irabaziak berriro inbertitu eta banatu behar dira.
    “Irabazi asmorik gabeko” jokabide hori oso lotuta dago guk emaitzen balantzea neurtzeko dugun moduarekin; ez ditugu alderdi ekonomikoak bakarrik kontuan hartzen, baizik eta kontuan hartzen ditugu halaber giza alderdiak, sozialak, ingurumenekoak, kulturakoak eta parte-hartzearekin lotutakoak. Azken emaitza, oro har, irabazi integrala da.
    Horrek esan nahi du gure jardueren balizko irabaziak proiektuen xede soziala hobetu edo zabaltzera bideratzen direla, eta guztiontzako onuragarri izan daitezkeen bestelako ekimen solidarioak bultzatzera; hala, gizarte-eredu gizatiar, solidario eta ekitatiboagoa eraikitzen laguntzen da.
  6. INGURUAREKIN KONPROMISOA
    Lurraldearen tokian tokiko garapen iraunkorra eta komunitarioa bultzatuta gauzatzen dugu gure inguruarekiko konpromisoa.
    Gure erakundeak erabat integratuta daude beren jarduerak garatzen dituzten lurralde eta ingurune sozialetan; horretarako, ezinbestean parte hartu behar dute eremu geografiko berean dauden beste erakunde sozial eta ekonomiko hurbileko batzuekin osatutako sareetan, eta lankidetzan aritu behar dute.
    Guretzat lankidetza hori bide bat da, eta, bide horri esker, esperientzia positibo eta solidario zehatzetatik berdintasun-eza, menderakuntza eta bazterketa eragiten duten egiturak eraldatzeko prozesuak sortu ahal izango dira.
    Tokian tokiko eremuarekin konprometituta gaude eta, horregatik, dimentsio zabalagoetan artikulatu behar dugu, irtenbide globalagoak aurkitzeko; halaber, interpretatu behar dugu zer-nolako beharra dugun etengabe mikro eta makro mailen artean ibiltzeko, maila lokaletik globalera aldatzeko.