Skip to content

Pertsonak: Lana eta kontsumoa zure app-aren atzean

Libro Cuando tu jefe... y logo Ziclo-P

Sormena eta antolaketa: plataformako kapitalismoari aurre egiteko tresna kooperatiboak.

“Cuando tu jefe es una App” ( Katakrak Liburuak argitaletxea) liburuko lehen esaldia aski adierazgarria da: “Lana merkantzia hutsa bihurtzea izan da kapitalaren bokazioa bere hastapenetatik”. Egileak Sarah Abdelnour eta Dominique Méda izan dira eta “plataformako kapitalismoa” esaten zaionaren azterketa egin dute, azken urteotan Glovo, Uber, Deliveroo eta beste enpresa batzuen bidez zabaldutakoa.

App horiek erabiltzailetzat jotzen dituzte kontsumitzaileak eta langileak, eufemismoz beteriko eraikuntza erretoriko baten bidez, eta lana, soldata eta gisako kontzeptuak despolitizatzea dute xede. Lan arloko gaiak merkataritza hutsera ekarri nahi dituzte, eta agertoki horretan, iduri duenez, ez dute tokirik borroka kolektiboek, hitzarmen sektorialek edota Langileen Estatutuak. Adibidez, oso era zehaztugabean lotzen da diziplina-mekanismoa soldatarekin, eta horrek ez luke sarbide errazik izanen lan arauketan. Beraz, esplotazio ekonomikoa izateaz gain, langile-izaera bera kentzen diete langileei.

Haien ereduek elkarlanarekin zerikusirik ez badute ere, plataforma horiek ideologia neoliberal handia ezkutatzen duen terminologia erabiltzen ahalegintzen dira. Ekonomia kolaboratibo deritze, baina izena gaizki emana dago. Izan ere, zerikusi handiagoa dute bai kapitalismoarekin, bai teknologiarekin (zerbait egiteko aukera ematen duen software bat sortzen dute), baina era berean, bai arrisku kapitalekin (strartupss-ak dira, jauzi horiek ulertzeak esan nahi du finantza eredu daktualak ulertzen direla, bai eta inbertsio funtsak eta diruaren zirkulazio globala ere), bai merkatu librarekin, bai eta erregularizazioa haustearekin ere. “Ez zara lanean ari, elkarlanean ari zara, beste pertsona batzuk zoriontsu izan daitezen, zure hiriaz gozatu eta diru estra bat ateratzen duzun bitartean”.

Bi erresistentzia-bide daude plataforma horien ugaritzearen auka: bata, bide sindikal klasikoa da, eta bestea, berriz, kooperatiba proiektuak sortzea, Ekonomia Solidarioaren Gutunaren 6 printzipioetan oinarritutako alternatibak eskaintzeko: Ziclo-P izeneko proiektua, adibidez.

Horixe da Ziclo-P ekimenaren apustua. Iruñeak, izan ere, zerbitzu etiko hori abiaraziko du laster ziklo-mezularitzan eta janari banaketan. Ziclo-P kooperatiba 12 lagunek osatua dago, haietako 7 Glovo enpresan rider izandakoak. Beren lan eskubideak bermatzeko sortu dute kooperatiba. Lau helburu dituzte: bizikletaren erabilera sustatzea hiriko garraiobide jasangarri gisa; lan eskubideak bermatzea; banaketa sektorea profesionalizatzea (lanbidea aintzat har dadila lortzea), eta tokiko ekonomian txertatzea, tokiko denda eta jatetxeei sostengua emanez.

Halaber, paketeak banatzen lan egin nahi dute “azken milia” esaten zaion inguruan, horrek sortzen baitu berotegi-efektuko gasik gehien. CoopCycle izeneko software librea eta plataforma ezagutu ondoren sortu da proiektua. CoopCycle paketeak bizikleta bidez banatzeko federazioa da. Izan ere, plataforma horren eta haren app-aren bitartez, bezeroek eskuragarri dituzte harpideturiko kooperatibek eskaintzen dituzten tokiko produktuak eta zerbitzuak. Elkarlanean oinarritutako harremana sortu nahi da, eta ez, ordea, bezero/saltzaile moldeko harremana, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Era berean, banatzaileen eta kooperatiben arteko giza tratua sustatzen da, banaketan sor daitezkeen arazoei eta oztopoei erantzun eta aurre egiteko. Lan eskubideak, tokiko garapena, mugikortasun jasangarria eta lankidetza.