Ekonomia alternatibo eta solidarioaren REAS Nafarroa sareak, eta Goiener energia berriztagarrien kontsumo eta sorkuntza kooperatibak elkarlan hitzarmena sinatu dute.
Goiener kooperatibak eratu zen unetik parte hartu izan du REASek antolatutako ekonomia solidarioaren azoka, hitzaldi, mahai-inguru eta abarretan. Aldi berean hasieratik bere egin du REAS Nafarroaren ekonomia ulertzeko modua, alegia, ekonomiak bizitzaren iraunkortasunaren zerbitzura dagoen bitarteko izan behar du bere alderdi guztietan, bai ekoizpenean, finantziazioan, merkataritzan, salerosketan zein kontsumoan. «Interes ekonomikoei erreparatu aurretik, pertsonei entzun eta hauek erdigunean jartzen dituen gizarte baten aldeko apustua egiten du REASek. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu erreferente gisa edukitzea eta beraiekin harremanak indartzea» azpimarratu du Goienerreko Xabier Lozano Eciolazak.
REAS Nafarroak kontuan hartzen ditu, era berean, Goienerrek energia berriztagarrien sektorean duen esperientzia, herritarren energia-kontrola sustatzeko ahalegina eta egungo energia-eredua aldatzeko konpromisoa. «Funtsezkoa da proiektu hau laguntzea, ekonomia soziala aukera berrietara iritsi dadin». REAS Nafarroako June San Millan Garciak adierazi duenez, «Goienerrekin bat egiten eta eurekin lankidetzan aritzera gonbidatzen ditugu gure sareko entitateak ere, uste baitugu oso garrantzitsua dela horrelako ekimenak babestea».
Orain arte elkarrekin egindako bidea berretsi eta etorkizunean urrats berriak emateko konpromisoa adierazi dute azkenik talde bateko zein besteko ordezkariek.
