Skip to content

REAS Nafarroaren Jaurdunaldiak (I): Eredu neoliberala eta greenwashing-a

Martxoaren 21ean, Nafarroako REAS Ekonomia Solidarioaren Sareak antolaturiko XV. Jardunaldiak abiarazi ziren Katakraken Eredu Energetikoez aritzeko. Lehenik, Greenpeace Nafarroa, Omal (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia), Sustrai Erakuntza eta NEE-TEN (Nafarroako Energía Eraldatzen – Transformando la Energía de Navarra) erakundeak izan genituen hizlari eredu neoliberalaz eta greenwashing-az mintzatzeko.

Omal erakundeko Gonzalo Fernándezek esan zuen egungo egoera ekaitz perfektua dela: klima-aldaketa, energia fosilen agortzea, inflazioa gora, eta hazkunde ekonomiko ahuldua. Aporia hutsa, hau da, konponbiderik gabeko arazoa. Izan ere, kapitalismo berde digitalaren baitan arazo bakoitzari proposatzen zaizkion konponbide posibleak gainerako arazoak oro okertu edo larriagotzen ditu. Zor globala % 353 da (hau da, AEBko eta Txinako BPGren baliokidea) eta 2021ean inoiz baino CO2 eta berotegi-efektuko gas gehiago isuri dira atmosferara; bada, sistema kapitalistak digitalizazioan eta berriztagarrietan bilatzen du hazkunde etengaberako promesa berria.

Ez da zalantzan jartzen, ez hazkunde etengabearen printzipioa, ez enpresa handiak merkatu guztien ardatz izatea, ez merkatu globalak garapen ekonomikoko esparru naturala izatea, eta pilaketaren eta irabaziaren logikari eusten zaio, eragile bakar gisa. Apustua da irtenbide teknologikoak aurkitzea gizarte, ekonomia eta ingurumen arloko arazoentzat, horrela hazkundea, deskarbonizazioa eta ekonomiaren desmaterializazioa bat etor daitezen. Ugaria da greenwashing-a, jakina, baina ez da marketin estrategia hutsa. Arlo digitala eta berdea, gainera, negozio-nitxo handia dira egun inbertsio handientzat. Inoiz ez bezalako dirutza publikoa bideratzen da horretara (hala nola next generation Europako funtsak, enpresa pribatu handiek eskuratutakoak); ondorioz, lehenago baloratzen ez zena ehiza-trofeoa da gaur egun.

Energiaren merkatuetan, non ia jabetza guztia pribatua den eta korporazioen eskuetan dagoen, logika horixe bera aplikatzen ari da eta horixe da megaproiektuen egungo erasoaren arrazoia: hau da, haize eta eguzki parkeak, autopista elektrikoak, etxalde erraldoiak, meatzaritza metalikoa, fosfatoak, potasak eta beste. Mugak lausotzen dira ez soilik hegoalde globalean, baizik eta baita hemen ere. Ekoizpen eta kapital gune handiak hornitzeko proiektuak dira, non ez baitute lekurik, ez tokiko interesak, ez parte-hartze demokratikoak. Merkatu globalak elikatzeko pentsatuak dira, eta ez dago inolako interes demokratikorik, ezta tokiko interesik ere.

Krisi energetikoa azkar eta nabarmen aldatzen ari da geopolitikaren taula, azken hilabeteotan: Ukraina, Sahara, Maroko, Aljeria… Gas naturalen aztarnategiak, lur arraro direlakoen aztarnategiak (funtsezko lehengaia baitira teknologia askotarako), petrolio-aztarnategiak eta beste. Horiek oro daude, zalantzarik gabe, kezkaz dakusagun bide militarista eta autoritarioaren atzean. Pablo Lorentek gogora ekarri du Sustrai Erakuntzak urteak daramatzala funtsezko burujabetzen alde (energia, elikadura eta herria), demokratizazioaren estrategiaren atala baitira. “Kapitalismoa lehoi bat da, eta lehoiak ezindu landarejalea izan. Lehoi horrek natur eta giza baliabideak suntsitzen segituko du”.

Nafarroan, gobernu guztiek legeetan eman dituzten erraztasunen ondorioz, interes pribatuak dira jaun eta jabe, eta haiek planifikatzen dute proiektuak non ezarri. Plangintza hori, ordea, era publikoan eta demokratikoan egin beharko litzateke, interes orokorra inbertsio gune handien interes pribatuen gainetik jarriz, baina gaizki egiten ari da. Nafarroan proiektatzen ari den meatzaritza da horren adibidea. Enpresa batzuk sekulako negozioak egiten ari dira herri-lurren eta gure tokiko burujabetzen bizkar.

NEE – TEN erakundeak ere ez du helburu txikirik, ez horixe: lo dagoen erraldoia iratzarri nahi dute, horrela baitakusate gizartea ekoizpenari eta eredu energetikoari dagokienez, “diruari ez zaizkiolako arazoak gustatzen”. Inposatu nahi den energia-eredu neoliberalak Nafarroan kalteturikoen erakundeen plataforma hori manifestu baten inguruan dago antolatua, eta jarduera eta mobilizazio egutegia ere dute zehaztua.

Horrez gain, ez dugu adorea galdu behar, eta trantsizio-proposamena sakon aldatu beharra dago; eta horretarako, funtsezkoa izanen da lurraren jabetzaren alde borrokatzea, aliantza publiko-komunitarioak bilatzea bizitzeko era tokikoagoak ahalbidetze aldera. Energiaren, ekonomiaren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta abarren plangintza demokratikoa… baliteke beharrezkoak izatea nola halako eskala duten proiektuak, baina baldintzak azpimarratu behar dira.

Funtsezkoa da ditugun baliabideetatik abiatzea behar dugun eredua eraikitzeko eta, ez alderantziz; bestela, baliabideen kudeaketa eko-faxista eta autoritarioaren aurrean gaude. Planeta mugatua delako kontzientziatik abiatu behar dute gutako bakoitzak dakartzagun irtenbideek, eta gure aztarna ekologiko delakoa eta gure kontsumoak murriztu, baina komunitaterik gabe eta politika publikorik gabe, ez da aski izanen. Eredua birmoldatu beharra dago: murriztu, birziklatu eta, batez ere, boterea eta kapitala banatu, kolektibitatearendako ez den pilaketarik gabe. Jabetza deskontzentratu behar da, udalekotu, lankidetzan aritu, estatalizatu… energiaren ekoizpena eta banaketa sozializatuz, eta horrek zoritxarrez talka egiten du azken urteotan garatzen ari diren ereduekin. Mundua neurrigabe baitago korapilatua, baina Silvia Federici filosofo feministak dioen bezala “jakintza beldurraren antidotoa da”. Bai petrolioa, bai petrolioak ahalbidetu duen garapena, anomalia dira gizateriaren historian. Gutako bakoitzaren ekintza, batez ere parametro kolektiboetan oinarriturik, garrantzitsua da, baina funtsezkoa sistema aldatzea da. Ekonomia Solidarioan oinarritutako esperientziek eragin pedagogikoa dute eta lagungarriak dira gero eta tresna ahalduntzaile gehiago eraikitzeko; horrela, tresna gehiago izanen ditugu etorkizunean, agenda izan dadin orain arte egindakoa baino sozialagoa eta, ziurrenera, baita erradikalagoa ere.