Skip to content

REAS Nafarroaren Jaurdunaldiak (II): Burujabetza energetikoa  eta energia eskubide gisa. Arlo indibidualetik kolektibora. 

Energia ez da edozein baliabide. Jarduera ekonomiko ororen elementu aitzindaria da. Energia, gainera, eskubide gisa aitortua izatea lortuko bada, lurraldeek beren burujabetza gauzatu beharko dute herritarren interes orokorrekin bat. Ekologistak Martxan erakundeak eta Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren aurkako Nafarroako Sareak, Antonio Aretxabala adituarekin batera, gauzak argi azaldu zituzten burujabetza energetikoak energia eskubide gisa aitortua izatearekin duen loturaz, Nafarroako REASek energia ereduez antolatutako Ekonomia Solidarioaren XV. Jardunaldiaren bigarren saioan.    

2019an, Ekologistak Martxak erakundeak De la vulnerabilidad energética al derecho a la energía (Kalteberatasun energetikotik energiarako eskubidera) txostena argitaratu zuen, eta egilea, Cecilia Sánchez Suárez, gurekin mintzatu zen telematikoki eta hauxe defenditu zuen: energiarako eskubidea aintzakotzat hartu beharra, horrek gizartean eta ingurumenean izanen lituzkeen eraginengatik. Gaur egun,  NBEk 2015ean sinatutako Garapen Jasangarrirako Helburuek energia eskuragarri, fidagarri, jasangarri eta modernorako eskubidea bildua dute. Baina eskubide hori praktika egokien eta desiragarrien zerrenda batean jasotzea ez da aski egiazki aitortua izan dadin. Izan ere, hornigai energetikoen ikuskera merkantilistaren aurrean, energiarako eskubidea aitortzea funtsezkoa da bizitza duina bermatzeko, bai energia eskuratzeko arazoak dituen eta izanen dituen gero eta jende gehiagorentzat, bai horrek dakarren gastu ekonomikoari aurre egiteko. Munduan, 2.100 milioi pertsonak ez dute elektrizitatea eskuratzerik eta, Europan, kalkuluen arabera, herritarren % 11 inguru da. Gaur egun, bonu sozialen bidez saiatzen ari dira gabezia horiek arintzen. Sistema hori, ordea, ez da batere birbanatzailea eta, gainera, bukatzeko zorian dago. Izan ere, Europak sistema hori berrikusi nahi du 2025erako, zeren, energia salgaitzat jotzen den bitartean, ulertzen baita neurri sozial horiek enpresen lehia librea mugatu edo higatzen dutela. Inbertsiorako eta merkataritza librerako nazioarteko itunak dira energia eskubide gisa aitortuko duen araudi sozial, egokia eta bidezkoa egiteko dauden oztopo nagusiak eta ez, ordea, estatuetako barne araudia. Hori izan liteke energia salgai gisa ikusteak dakartzan arazo horiek eta beste batzuk (pobrezia energetikoa, estraktibismoa, kolonialismoa, etekinak lehenestea…) konpontzeko osagaietako bat. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, antza, ikuskera horrekin egin du bat, baina horretarako garrantzitsua da legeak aintzakotzat jaso eta zehaztea, hainbat herrialdek egin duten bezala, hala nola Nikaraguak eta Boliviak; eta oroz gain, nazioarteko merkataritza itun mota horietatik datozen jurisdikzio pribatuak bukatu behar dira, ilunak baitira, interes pribatuaren interesen aldeko egiturak dira eta.

Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea ez da pobreziari abizenak jartzearen aldekoa (pobrezia energetikoa). Kontu konplexua da, hots, bizitza duinerako oinarrizko elementuak eskuratzeko dagoen zailtasuna edo, zuzenean, horrelako elementurik ez izatea. Energiari eta oinarrizko hornigaiei dagokienez, Jon Etxeberriak -gure Sarean kide diren 34 erakundeen izenean- erronka energetikoaz mintzatzea nahiago du.

Nafarroan, 18 mila familia dira kalteberatasun energetikoan. Bi bonu sozial mota daude: argiarena eta berokuntzarena. Pertsona batzuek eskuratu ezin badituzte ere, balorazioa oro har ona da. Hainbat arazo daude energiarik ezari lotuta, hala nola bihotz-hodietako gaixotasunak, arnasketa gaixotasunak, eraikinetako hezetasunak eta onddoak, eta sute arriskua. Familia horiek, maiz, gurasobakarrak dira, gehienak emakumezkoak. Hona zer proposamen egin diren epe laburrera: bonuak sofistikatzea, eraikinen eraginkortasunean sakontzea edota birgaitze logikak aldatzea.

Antonio Aretxabala ere bat dator esaterakoan arazoaren parte bat dela energia jotzea eskaintzaren eta eskariaren legearen menpean dagoen salgaitzat. Berarentzat, merkatu marginalista gauza larria izanik ere, ekoizpen garestienak (gasa, gaur egun) energia guztiaren azken prezioa ezartzen baitu, are larriagoak dira ate birakariak, alderdi politikoen eta energia-konpainia handien arteko sinergia ez-demokratikoen eta ustelkerien erakusgarri. Eta ñabartu duenez, hori preseski ez da aurreikusi Klima Aldaketari buruzko Foru Lege berriaren zehapen-araubidean.  

Gizateriaren historian, erregai fosilen erabilera anomalia da, bai eta erregai mota horri loturiko garapen ekonomikoa eta teknologikoa ere. Gaur egun, kalkuluen arabera, eta egile batzuek diotenez, ekoizten dugun energiaren % 20 eta 15 artean erabiltzen dugu energia berria sortzeko. Itzulkin energetikoaren tasa 1:1era iritsiko da 2040ko hamarkadan (hau da, upel baten energiarekin beste bat erauziko genuke). Tasa hori 1:100 izan zen, baina murriztuz joan da, energia fosilerako sarbidea korapilatzen joan den neurrian, hainbesteraino, non, errentagarri izateari utzi baitio (batez ere, kalitate handieneko petrolioa, 2014tik hona). Datozen urteak kritikoak izanen dira, galdarari “denetarik botatzeko” nahia izanen delako, gero eta energia gutxiago lortzeko, horrek ingurumenerako dakarren arazo izugarriarekin. Gaur egun, itzulkin energetikoaren tasa % 15 eta 20 artean legoke, eta % 20 hori gainditzean (1:5) ez da bideragarria gurea bezalako gizarte teknologiko eta industriala.  

Konponbideak sozialak dira; ez, ordea, teknologikoak. Konponbideek hainbat gauza izan behar dituzte ardatz, hala nola konplexutasuna kentzea, ekoizpen deszentralizatua eta tokikoa, betiere desazkunde materialean oinarrituta eta energia gutxiago kontsumituta.  Desazkundea ez da aukera bat, erran nahi baita, kontua da ea antolatua eta bidezkoa izanen ote den, edo politika autoritarioetan oinarriturik eginen ote den. Baliteke ideiak beldurra eragitea, baina medikuarenera joan eta murrizketa batzuk egiten dizkizunean bezala da, hau da, emaitza onuragarria da eta osasuna eta bizi-kalitatea sustatzen ditu. Etorkizuna kooperatiboa, integratzailea eta feminista da. Gihar soziala indartzeaz gain, topaketak, proposamenak eta herri-ekintzak egituratu behar dira; batez ere, datorkiguna bezalako testuinguruan eskuin muturrak dakarren egiazko mehatxuaren aurrean.