Skip to content

REAS Nafarroaren Jaurdunaldiak (III): Egiazko jasangarritasuna: tokikoa eta dezentralizatua

Ekonomia Solidarioak bultzatzen duen energia-eredua ikustaraztea izan zuen azken saioak ardatz. Energia berriztagarrietan oinarritua, planteamendua tokikoa, birbanatua eta deszentralizatua da, komunitate bakoitzeko beharrak kontuan hartuko dituzten prozesu parte-hartzaileak abiaraziz, eskura diren baliabideak baliatuz. Hainbat ekimen, kooperatiba eta komunitateren berri izan genuen; guztiak ere eredu eta proposamen argiak dira. Zer ibilbide egin duten kontatu ziguten, baita haien indarguneak eta erronkak ere, Greenpeaceko Miriam Sotések moderaturik.

Espartzako Energia Komunitatea.

Espartzako Kontzejuak (Iruñerria) energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko eta kontsumoa partekatzeko esperientzia aitzindaria jarri zuen abian 2019an. Orain, energia komunitatea handitzen ari da, kontsumitzen duten energia guztia sortzeko, Ramon Lakuntzak kontatu zigun bezala.

Ekimen pribatuak nekazaritza-sail jakin batzuk erabiltzea proposatu zuen energiaren arloko beharrak asetzeko, baina ekimenak irtenbide partekagarriak eta errepikagarriak bilatzen zituen. Lakuntzak adierazi zuenez, zailtasunetako bat izan zen ez zegoela eskulibururik energia komunitatea nola sortu jakiteko. Beraz, oinarrizkotik abiatu ziren: hots, kontsumo elektrikoan deshazkuntza eragitea, baina beren elektrizitatea bera sortzeko xedez. Sorkuntza banatuaren eredua darabilte, hau da, instalazio txiki asko izatea. Horrela, fidagarritasuna eta kalitatea hobetzen dira, eta onura herri guztian banatzen da; gainera, ez da elektrizitate galerarik eta ez dira lur emankorrak ezabatzen, sorkuntza metatuko ereduetan gertatzen den bezala (hau da, instalazio gutxi baina handiak).

Gares Energía eta Gares Bide bi ekimen dira eta Carlos Urrak eta Nacho Gonzalezek aurkeztu zituzten, hurrenez hurren. Lehenik, Gares Energía sortu zen. Garesko Udalak lagundurik, hainbat ekintza egin ditu gizarteari eta ingurumenari begira. Are gehiago, herriari argindarra ematen zion zentral hidroelektriko bat berriz martxan jartzea ari dira pentsatzen. Aurtengo otsailean, Gares Bide energia komunitatea sortu zen, irabazi-asmorik gabea eta gizarte-ekimenekoa, trantsizio energetiko, ekonomiko eta soziala bultzatzeko lagungarriak diren ekimen guztiak sustatze aldera, energia-eredu jasangarriagoaz erabiliz. Bi ekimenak prest agertu ziren esperientziak beste ekimen batzuekin edo ekimen berriekin trukatzeko.

Energía Río Ezka komunitate energetikoez haratago doan beste eredu baten adibidea da. Izan ere, elektrizitatea sortu, banatu eta merkaturatzen du hiru enpresa publikoren bidez, eta Izabako Udalaren mendekoa da.

Duela hainbat hamarkadatatik hona, eskura dituen baliabideak ustiatzen ditu Izabak: hidraulikoa eta biomasa, hain zuzen ere. Izan ere, 60ko hamarkadatik ari den zentral hidroelektrikoak sortutako diru-sarrerak herrian berrinbertitzen dira Udalaren bidez. Halaber, badute elektrizitatea banatzeko enpresa, kanpo-zerbitzuan aterata zegoena, baina 2015ean Udalak berriz bere gain hartutakoa. Aitor Pérez udal zinegotziak adierazi zuen une hartan dirua galtzen zela, baina egoerari itzulia eman eta lanpostu bat sortu zela, turismoaren urtarokotasunari loturik ez dagoena. Aurtengo lehen hilabeteetan energiaren prezioak alimaleko igoera izan duenez, enpresa merkaturatzaileak eten egin behar izan zuen martxoan bere jarduera. “Ekoizpena saltzen dugu, eta enpresa merkaturatzailearen bidez, handizkako merkatuari erosten diogu. Urtarrilean, prezioen gaineko zenbatespena egin genuen; altuak baziren ere, egonkorra zen, baina erabat hankaz goratu zen. Martxoan bakarrik 40.000 euroko galerak izateko arriskua genuen”, esan zuen Pérezek. Gainera, udal diru-kutxa kaltetzeko arriskua aipatu zuen. “Goiener, Som Energía eta beste entitate batzuek laguntza handia eman digute; horri esker ez gara desagertu, baizik eta baztertu gara merkatu elektrikoa egonkortu arte”, esan zuen Aitorrek bukatzeko.

Som Energia – Energia Gara Nafarroa

“Energia berdea kontsumitzeko kooperatiba gara, irabazi-asmorik gabea. Gure jarduera nagusia jatorri berriztagarriko energia ekoiztu eta merkaturatzea da, Ekonomia Solidarioarekin bat eginik. Horregatik gaude REAS sarean sarturik”, aditzera eman zuen Borja Barredok. Som Energia erakundeko kide den heinean, Barredok azaldu zuen pertsona gutxi batzuen eskuetan dagoen merkatu zentralizatua aldatu eta beste eredu batera jo behar dela, hots, komunitateen eskuetan dagoen eta tokiko proiektuen bidez banatzen den eredura.

“Asko mintzatzen da oligopolioaren greenwashingaz, eta ez litzaiguke gustatuko gauza bera gertatzea komunitate energetikoetan, hau da, soilik autokontsumoko gaiak jorratzen dituzten proiektuen aurpegi-garbitzea izatea, hau da, komunitate bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartzen ez dituen pack baten gisa”, zehaztu zuen Borjak. Erakunde horrek elkar lankidetza errazten du lehiaren aurrean: “behar diren tresnak ditugu eskura, pertsonak eta zaintzak erdigunean jarriko dituen energia-eredua praktikara eramateko, ingurumena arriskuan jarri gabe”.

GoiEner

Energia sortu eta kontsumitzeko kooperatiba-proiektua den aldetik, GoiEnerrek herritarrentzako berreskuratu nahi du burujabetza energetikoa, egun liberalizaturik dauden sektore elektrikoaren ataletan jardunez: merkaturatzea (energia erostea) eta sortzea (energia ekoiztea). Maria Arretxek esan zuen, 2012tik hona, 16.000 bazkide eta 20.000 kontratu direla. Halaber, ahalduntze lanak egiten ditu, adibidez antzeko kooperatibei laguntza emanez, kontsumo eraginkorragorako jarraibideak emanez, edota merkaturatzaileak ere merkatu-ordezkaritzako zerbitzua ematen du, hori beharrezkoa baita energia sortzeko instalazioa duenarentzat.

Nafarkoop, bestalde, Goiener kooperatibaren hanka da energia sortzeko eta 2016tik hona ari da lanean. Gizarte gaietan, GoiEner Elkarteak 120 boluntarioren lana koordinatzen du, hots, hitzaldiak eman, azoketara joan, edota tailer tematikoak egiten dituzte mugikortasunaz, pobreziaz edo hezkuntzaz, eta energia komunitateak ere laguntzen dituzte.

Korporazio handiak komunitate energetikoen aldeko apustuan ere hasi diren honetan (baina haietatik errentagarritasun ekonomikoa ateratzeko), Arretxek hauxe jarri zuen agerian: “Jardunaldiok argi utzi dute etorkizuna irtenbide kolektiboen eskutik etorriko dela behar dugun burujabetza energetikora iristeko, energia fosilak gainbehera ari diren honetan. Ez dago irtenbide bakarra, asko baizik”.