2020. urtea mugarri izan da benetan. Ekonomia Solidarioan ari garenok egungo ekonomia-eredua aldatu beharra aldarrikatzen dugu, haren oinarriak kaltegarriak baitira, hots, erauzketa hutsa, natur ondasunak neurri gabe eta gaizki erabiltzea, jendearen esplotazioa, eta hainbat arlotan eragiten den zapalketa, hala nola generoan, klasean eta arrazan. Horrez gain, aldaketa sozial eta politikoaren aldekoak gara, zertarako eta egungoa bezalako krisien aurrean gizarte babesa eta jende guztiarendako zerbitzu publikoak indartzeko, edozein delarik ere jatorria, estatusa edo egoera administratiboa. Horretarako, Hala REAS Sareen Sareak (Ekonomia Solidarioaren estatu plataforma) nola REAS Nafarroak ahalegin berezia egin dugu presente egoteko eta, gure printzipioekin bat, gizarte solidario eta erresiliente bat eraikitzeko nahiz haren alde ekiteko, inor ere atzean utziko ez duena. Hori dela eta, hainbat plataformatan ari gara, bai aurretik ari ziren batzuetan, bai udaberri honetan sortu direnetan.

Haiekin guztiekin batera, guk ere uste dugu guztiz beharrezkoa dela gizartea eraldatzea eta garapen-eredua aldatzea, jakinik ere aldaketak lehenik gutako bakoitzarengan egin behar direla, guk aldatu behar dugula. Dena den, pertsonok gure ekintzez eta omisioez arduratzen garen bezala, ezinbestekoa da botere publikoek behar diren neurriak hartu behar izatea jende gehienengan eragin onuragarria izateko.

REAS Sareen Sarea Talka Sozialeko Planean gaude sarturik. Izan ere, ehunka erakunde, kolektibo eta plataforma ari gara lanean langileriaren eta gehiengo sozialaren erantzuna eraikitzeko, pandemiak eragindako gertakariek nahiz krisi ekonomikoak zein sozialak zer norabide hartu duten ikusirik. Beste behin ere, botere ekonomikoek eta mediatikoek langileriaren bizkar gainean ezarri nahi dituzte ondorio ekonomikoak eta sozialak, bazter utzirik justizia sozialeko eta ingurumen arloko irizpide guztiak. Langileriak eta gehiengo sozialak garbi utzi beharko lukete behingoan ez dugula berriz ere krisia gure osasunarekin eta gure eskubideekin ordaindu nahi, ezta gure bizi-baldintzekin eta gure lurraldearekin ere. Argibideetarako, jo haien webera: plandechoquesocial.org

Talde antolaketaren beharra ikusirik, Nafarroako Eskubide Sozialen Gutunak askoz ere leku handiagoa dauka Nafarroan, eta helburu oso antzekoak ditu. Izan ere, hainbat sindikatuk eta gizarte erakundek osaturik, zerbitzu publikoen aldeko plataforma da, bai eta eskubide sozialen eta politikoen aldekoa ere, eta sistema aldatzea dute aldarri, bizitza eta zainketak egiazki erdigunean jartzeko. Berrikitan azpimarratu dutenez, funtsezkoa da behar bezalako aurrekontuak prestatzea eredu aldaketa ahalbidetzeko, betiere oinarri harturik, batetik, zerbitzu publikoak indartzea, eta bestetik, zerga berrikuntza egitea, gehiago duenak egiazki ekarpen handiagoa egin dezan, zerbitzu publikoei euste aldera. Era berean, salatu da milioi askotako diru-partidak agertzea aurrekontuetan, adibidez Abiadura Handiko Trenarentzat, kostua izugarria denean eta ingurumenean sekulako eragina duenean; ahaztu gabe egungoa bezalako egoeran ez dela jasangarria, ezta lehentasunezkoa ere. Halaber, lurralde subiranotasuna aldarrikatzen da, subiranotasuna ere hainbat arlotan garatuko bada, hala nola herri-subiranotasunean, energian, elikagaietan, baliabideetan, hondakinetan, etab. Argibideak: eskubidesozialenkarta.com

Egungo krisi sozial eta ekonomikoa, dena den, ez da soilik Covid19aren ondorio, eta batez ere, beste arrazoi batzuk aipatu behar dira, hala nola neurri liberal autoritario kezkagarriak, baina azpian, klima-larrialdia dago. Horrela, 2019ko irailean jada, mundu mailako lehen mobilizazio handia egitearekin batera (Klimaren aldeko Greba, 2019ko irailaren 29a), REASek Klimaren aldeko plataformarekin egin zuen bat, gizarte eta ekologia arloko hainbat talderekin batera. Herritarrak klima-larrialdiaz ohartu zitezela izan genuen helburu, botere publikoek itxuraz ez baitute huraxe aintzat hartu nahi edo, bestela, ostrukarena eginez erantzun nahi dute. Orain, herabeki proposatzen hasi den trantsizio ekologikoaren ardatza erregai fosilak poliki-poliki baztertzea da oraingoz, eta natur ondasunak neurrigabe ez ustiatzea, baina kontsumo eta ekoizpen eredua zalantzan jarri gabe. Azken buruan, premiazko erantzunik eman gabe eta premiazko neurririk hartu gabe, klima-larrialdiak ekarritako arazo kopuru izugarriak saihesteko, eta klima-larrialdiaz ari garenean, berotze globalaz, biodibertsitatearen galeraz, natur ondasunen ustiapen neurrigabeaz ari gara, edota abeltzaintza arloko industria intentsiboaz, monolaborantzez, etab.

“COVID-19aren pandemiak gure sistemaren zimenduak jarri ditu kolokan. Agerian gelditu dira ekonomia harrapariaren ahuldadeak eta kontraesanak, eta orain kolapsoaren mugan dago, eta ekonomia molde horretan, hortxe dago zerbitzu publikoak prekarizatu eta desberdintasun handiak sortzen dituen sistema neoliberala; bizitzarako behar diren zainketa lanak ikusezin bihurtu eta gutxiesten dituen sistema patriarkala; lurraldearen eta jendearen esplotazioaren gainean datzan globalizazioa; hots, hondamendia ere globalizatzen duena, dela pandemiaren bidez, dela klima-aldaketaren bidez, dela ezegonkortasun ekonomikoaren bidez, eta gainera, mundu osoan areagotzen du kalteberatasuna. Birusa ez baita ezeren eragilea, baizik eta sistemaren krisi sakon baten ondorioa, eta oraindik ere nekez ulertzen hasi garen paradigma-aldaketa bat dakar berarekin. Alde batera utzi beharra daukagu pertsonak baztertzen eta planeta suntsitzen duen sistema bat, eta justizia sozial eta klimatikorantz jo, erdigunean talderik kalteberenak jartzeko eta bizitza duinerako eskubidea bermatzeko. Argibideak webean: https://alianza-clima.blogspot.com/