Elkartasunezko Ekonomiak abiaburu dauka giza jarduera orok naturarekin duela lotura, baita ekoizpenak eta ekonomiak ere. Beraz, funtsezkoa da naturak dituen eskubideak aintzat hartzea, abiapuntu gisa, eta funtsezkoa ere, jasangarritasuna gure ekintza guztietan txertatzea, gure eragina ebaluatuta eta murriztuta, eta zainketaren eta nahikotasunaren etika sustatuta.
Ekonomia Ekologistek zer esan handia dute jasangarritasunaz, delako trantsizio ekologikoaz, kapitalismoaren aurpegi garbiketaz edo greenwashing deritzonaz, bai eta ingurumena errespetatzen duten ereduak egiazki garatzen saiatzen diren alternatibez ere. Egungo egoera ikusirik, premiazko ekintzak behar dira gizabanako kolektiboak garen aldetik eta, batez ere, instituzio publikoek ingurumeneko larrialdiaren tamainako erantzuna eman behar dute. Ez dago energia fosiletatik berriztagarrietarako aldaketaz haratago doan planteamendurik, ezta gehiengo politikorik ere. Ez da kolokan jartzen, ez kontsumo eredua, ez natur nahiz giza baliabideak ustiatzeko eredu ekonomikoa, jakinik ere eredu horrek eragin handia duela gizartean nahiz ingurumenean. Ez da sakontzen ari beharrezkoak diren egiturazko aldaketetan, aspalditik hona iragarri den kolapsoa gutxitzen hasteko.
Kapitalismo neoliberalak finantza-produktuak eta espekulazioa ditu oinarri, eta bere gisara ulertzen du desazkundea, baina hori, jakina, oso urrun dago Ekonomia Ekologistek praktikatzen eta defenditzen duten desazkundearen aldeko proposamenetik. Gutxiagorekin, hobeki bizitzea; behar dugun huraxe kontsumitzea, eta ez besterik; tokikoa eta kalitatekoa kontsumitzea; lana banatzea; zainketak txertatzea; ekoizpenari eskaintzen ez zaion denborari balio berria ematea; eta balioa ematea, halaber, gizartean era aktiboan parte hartzeari, kulturari; oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea… Landu beharreko beste garapen eredu batzuk dira. Ekonomia espantsionistak emaniko ondasun eta zerbitzuek giza ongizatea areagotzen dute, baina parametro jakin batzuetatik haratago, hazkunde horri lotutako kostuek sekulako inpaktua dute, hainbesteraino, non, ongizatea murriztu eta kaltegarri bihurtzen baita.
Ekonomia Ekologistetan elikadura, energia eta herritarren subiranotasunak egituratzen dira, garapen jasangarriko eredu gisa, lurraldeen beharrak ardatz hartuta. Herri mugimenduaren ondarea berreskuratu beharra dago, pandemiarekin edo gabe; eta pandemia, azken finean, mundu osoan gertatutiko biodibertsitate galeraren eta natur ondasunen neurrigabeko ustiapen industrializatuaren (nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa) emaitza iragarria da.
Eta Nafarroan? Gaur egun, oraindik ere bultzatzen dira ingurumena nabarmen kaltetzen duten azpiegitura handiak, duela 30 urte bezala (Nafarroako ubidea, AHT, korridore elektrikoak…), eta meatzaritzarako baimen ugari ere ematen dira.
Abiadura Handiko Trenaren kasua paradigmatikoa da. Planeta halako fabrika global baten gisa ulertzen duen garapenkeriaren zerbitzuko tresna gisa ideiaturik, sekulako kaltea eragiten du, diru publikoetarako ere sekulako kostuak eta gain-kostuak dakartzan bezala. Proiektuaren arabera, errepideko salgaien trafikoa murriztuko zen, baina ez da gisakorik gertatuko, eta era berean, ez da errentagarria, zenbat bidaiari eraman zitzakeen kontuan harturik. Ez da jasangarria ekologiari begira, ezta ekonomiari begira ere. Bitartean, milioika euro bideratzen dira eraikuntza-enpresetara tarte solteak garatzeko (gaur egun, Azkoien – Erriberri eta Alesbes – Martzilla). Hori gutxi balitz, eraikuntza-enpresa horiek eta haien jabeak ustelkeria politikoen sareetan nahasirik agertu dira, hala nola Bárcenasen paperetan, eta inputazioak Trama Punikoa izeneko auzian nahiz Gurtel auzian, Alderdi Popularraren legez kontrako finantzazioari dagokionez.
Botere publikoen eta enpresen arteko loturak oztopo handietako bat dira maila globalean, egiazko jasangarritasunerako. Ezin dugu ahaztu horrek zer-nolako ondorio hilgarriak dituen planetako toki anitzetan, pertsonen kontrako indarkeria maila izugarria baita, gerrak bezalaxe: erailketak, indarrezko desagerpenak, atxiloketak, jazarpenak, espetxeratzeak, zigorgabetasuna… Hainbat kanpainak eta txostenek ausardiaz salatu dituzte horrelako basakeriak, eta salatu ere, lurraren aldeko mugimenduek pairatzen duten kriminalizazioa tokiko oligarkien eta transnazional jakin batzuek aldetik (Florentino Pérezen ACS edo Coca Cola, adibidez). Hala ere, ekimen asko inspirazio-iturriak gertatu behar zaizkigu, hala nola Vía Campesina, edo lurraren aldeko emakumeen ekimena Erdialdeko Amerikan. Nafarroan, hainbat taldek Nafarroa Bizirik Nahi Dugu plataforman batu dituzte beren borrokak.
Sustrai Erakuntza: ”Dagoenekoz, ez dago planetarik milioika eta milioika pertsonarentzat. Ez du merezi ingurumenaren aldeko borrokak, klase borrokarik eta internazionalismorik gabe. Mundu kapitalistan lorezaintza egitea bezalakoa baita”.
AHT Gelditu Elkarlana: “Behar bezalako bizi-baldintzak behar dira planetako jende gehienarentzat. Egoera gaiztotzen joanen da, gero eta gizarte istilu gehiago ikusiko dugu; baita eskuin muturrak manipulatuak ere. Gure bizitza eremu pribatura murriztea kolektibotasunak arlo komunean duen aberastasuna eta hazkundea galtzea da”.
Mugarik Gabe Nafarroa: “kapitala jasangarritasunaren kontzeptu oso zehatz batez ari da jabetzen. Energia berriztagarria alternatiba da, baina ez da alternatiba, baldin eta eredu horrek ez badu haren kontsumo eredua zalantzan jartzen, eta eguzkia eta haizea merkaturatzen baditu, lurrak okupatuz eguzki eta haize parke erraldoiak ezartzeko”.
Lana Banatu Taldea: “Desazkundea heldu da, eta bi modutan etor daiteke: desazkunde duina aukeratu dezakegu, hau da, elkartasunean, austeritate partekatuan eta solidarioan oinarritua; eta inposatuko duten molde ez-duina, hau da, gizarte eta lan arloko eskubideak murriztuz eta desberdinkeria guztiak areagotuz”.
Klimaren aldeko Ekintza: “Hau larrialdia da, eta buelta emanen bazaio, goitik beherako aldaketak egin beharko lirateke energia fosilak erretzea eta kontsumoa oinarri dituen eredu kapitalistan”.