Nafarroako elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduaren ordezkari den batzorde bat Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariarekin bildu da bultzatu duten manifestua eta bertan jasotzen diren proposamenen berri emateko.
Kontuan hartuta Nafarroan nekazaritza sektorea –bereziki txikiena eta iraunkorrena– desagertzeko bide kezkagarrian dagoela, gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen ari dela, errentagarritasun falta dutela, eta nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa areagotzen ari direla, REAS, Nafarroako ekoizleen hainbat elkartek, hala nola Belardi, Habelarte, Plazara!, Etxalde, Bizilur Nafarroa, Hazialdeko edo Ekoalde, ELA edo LAB sindikatuak, Landare bezalako kontsumitzaile elkartek, ingurumen erakundek, ekologistek, lurraldearen aldekoek, hainbat udal eta kontzejuk Nafarroan elikadura burujabetzaren aldeko Manifestua sinatu dute eta Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Jose Maria Ayerdirekin bildu dira honen berri emateko.
Manifestuaren helburua Nafarroan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren desintentsifikazioa sustatzeko proposamenak egitea da. “Horretarako, eskala txiki-ertaineko eredu jasangarri, dibertsifikatu eta agroekologiko baterako trantsizioa sustatzea planteatzen da, lehentasunez tokiko merkaturatze eta kontsumora bideratua, ekoizleentzako eta kontsumitzaileentzako bidezko prezioak izango dituena; kutsadura eta plagizidak murriztu eta larrialdi klimatikoari aurre egiten lagunduko duena; ekoizle txikiei lagunduko diena; burokrazia arinduko duena eta familiako nekazaritza-sektorearen eta landa-munduaren desagerpena geldiaraziko duena”, azaldu dute idatzi honen bultzatzaileek.
Manifestuan, beste 60 proposamen eta aldarrikapen artean, abeltzaintza industrialari berehala moratoria bat ezartzea planteatzen da: ustiategi berririk ez, ez egun daudenak handitzerik, eta abeltzaintza ekoizpen intentsiboa pixkanaka murriztea, 2030ean egungoa baino % 50 txikiagoa izatera iritsi arte. Bestetik, hemendik 2030era bitartean, pestiziden, ongarri kimikoen eta antibiotikoen erabilera % 50 murriztea eta pixkanaka ekoizpen ekologikora aldatzea lurraren % 25era iritsi arte. Aholkularitza, prestakuntza eta laguntza, ustiategi industrialak desintentsifikatzeko eredu agroekologiko baterantz trantsizioa eginez. Beste aldarrikapen bat da ur-aztarna txikia duten nekazaritza- eta abeltzaintza-ereduak babestea eta sustatzea, edota higiene- eta osasun-araudia eskala txikiko ekoizpenetara egokitzea. Bukatzeko, tokiko ekoizpenen erosketa publikoa (eskolak, ospitaleak…), batez ere txikiak, familiarrak, irizpide ekologiko eta sozialen arabera egitea eskatzen dute.
Eredu agroekologikoa
Errentagarritasun faltak nekazaritzaren sektorean mobilizazio handiak eragin ditu, azkenak egun hauetan Nafarroan ikusi ahal izan dira. “Egoera hori azken hamarkadetan mundu osoan aplikatutako politika neoliberalen, merkataritza askearen eta globalizazio ekonomikoaren ondorio” dela baieztatzen dute manifestu honen sinatzaileek. “Horietan dago gakoa eta erantzukizuna, horiek dira tokiko biztanleentzako elikagaiak ekoizteari utzi eta agronegozioak kontrolatutako merkatu global espekulatibora bideratutako salgaiak ekoiztearen erantzuleak; horien ondorioz, nekazariak mundu osoan etengabe desagertzen ari dira, eta bizitza (eta lurrari lotutako nekazaritza) ahalbidetzen duten baliabide naturalak suntsitzen ari dira, hemen zein planeta osoan”.
Nekazaritza eta elikadura politiken norabidea aldatzea eta elikadura burujabetzan oinarritutako eredu baten aldeko apustua egitea da eman beharreko urratsa, manifestu honen bultzatzaileen esanetan., “tokiko nekazaritza eta elikadura sistema justuak eta iraunkorrak sortzen indarra jartzea, egun bizi dugun nekazaritza, landa eremu, gizarte, ingurumen eta larrialdi krisiari aurre eginen diona eta bizitza erdigunean jarriko duena”. Politika hauek norabide bereko merkataritza politikez lagunduak izan behar dutela “merkataritza askeko negoziazio denak geldituz eta merkatuak erregulatuz, nekazariek ekoizpen prezio justuak izan ditzaten eta ekoizpen kostuen azpitik saltzea debeka dezaten”.