Valle de Odieta SCL enpresak esnetarako behi-aziendarentzako ustiategi industrial handi bat dauka Caparrosoko udal dermioan. Etxalde Erraldoi horrek 3.500 behi inguru edukitzeko baimena jaso du, harik eta, berrikitan, Nafarroako Gobernuak 7.200 behi izateko baimena eman dion arte. Aldi berean, Hibridación Termosolar Navarra SL haren enpresa filiala arduratzen da etxalde erraldoiak sortzen dituen hondakin organikoen (mindak) biokudeaketaz, beste enpresa batzuetatik eta hiri hondakinen mankomunitateetatik datozen beste hondakin batzuekin batera. Prozesu horretan, biogasa sortzen da, eta erregai hori elektrizitatea sortzeko erabiltzen du. Prozesuan, gainera, hondakin likido kantitate handia sortzen da.
Enpresa horiek hondakinak kudeatzeko erabiltzen duten prozesuak nekazaritza-alor aunitz eta aunitz behar ditu, digestato deritzon likido hori haietara botatzeko. Likidoak kontzentrazio handia dauka gai ongarrietan; batez ere, nitrogenotik eratorritakoetan. Orain arte, era horretako hondakin kopuru handia sortu eta isuri da eta, ondorioz, arazoak larriagotu dira lurzoru, akuifero eta ur-ibilguetan, nitrato maila handiak baitituzte.
Gaur egun, prozesu horietan aldaketa garrantzitsua baimentzeko eskaria egin diote enpresek Nafarroako Gobernuari. Enpresen iritziz, aldaketa horren bidez, azken digestato hori ur bihurtuko litzateke eta behar adinako kalitatea izanen luke alorrak eta soroak ureztatzeko, arazketa-prozesuaren bidez.
Etxalde Erraldoien aurkako Nafarroako Plataforman uste dugu prozesua aldatzea ez dela irtenbidea, hau da, araztegi bat egitea. Batetik, proiektuaren deskribapenean ez delako aski bermerik ematen egiazki funtziona dezan; hau da, ez dago bermatua digestato kantitate ikaragarri hori kalitatezko ur bihurtuko denik ureztaketarako. Eta bestetik, ez dago behar adina bermerik, lehenago aipatu ditugun ingurumen-arazoak eragotziko dituela frogatzeko, ezta jarduerari loturiko beste eragin kaltegarri batzuk ere. Plataforma osatzen dugun taldeon iritziz, irtenbide bakarra dago ustiapen industrialeko eredu horrek ingurumenean, gizartean eta ekonomian sortzen dituen arazoak konpontzeko, hots, azienda karga murriztea. Hori dela eta, alegazioak aurkeztu dizkiogu Caparrosoko Etxalde Erraldoiari eman zaion Ingurumen Baimen Integratuari. Honatx alegazioak, laburbildurik:
• Plantak ez du nahikoa dimentsiorik (kalkulu okerrak, zehatzeko modukoak izan daitezkeenak)
• Ez dago bermatua laboreetarako erabili nahi den uraren kalitatea.
• Behitegian sortzen diren beste hondakin solido batzuk ongarri gisa saltzea proposatu da
• Hondakin Solidoetarako Plana nahitaezkoa da. Hondakinak botatzen diren eremu asko kalteberak dira, nitratoen ondorioz.
• Ez dago behar adinako informaziorik tratamenduaz, ezta erantsitako idoi baten erabileraz ere.
• Behitegiak ez du CHE erakundearen emakidarik egungo tamainarako; behi kopuru txikiagorako baizik ez.