Feminismoek salatu duten bezala, ikusten ez dena badirudi ez dela existitzen. Hori ikustarazte aldera, izebergaren irudi ospetsua kokatu dute iruditeria kolektiboan, hau da, funtsezko zaintza lanak daude urpean ezkutaturik, eta zaintza lan horiek gabe ezinezkoa da bizitzarik izatea. Azken urteotan gora joan bada ere, Ekonomia Sozial eta Solidarioa ere nola edo hala dago ohiko ekonomiaren praktiken azpian murgildurik, eta badirudi ohiko ekonomiaren irabazi asmoaren “albo efektuek” adiera bakarreko mezu bat hedatzen digutela, hots, enpresa-jarduera oro, berez, jasangarritasunaren eta guztion ongiaren aurkakoa da.

Baina bestelako ekonomia posible izateaz gain, abian ere badago. Izan ere, ekonomia jasangarria, soziala eta solidarioa zabaltzen ari da, era askotako hautabideak eskainiz kontsumo arduratsua egiteko, elikadura beharrak asetzeko edota bestelako arloetan ditugun premiak irizpide etikoekin bat asetzeko (banka, telefonoa, moda, mugikortasuna). Ekonomia molde horrek, gainera, kalitatezko lana sortzen du eta, kooperatibagintza, autokudeaketa eta elkarrekiko laguntza oinarri harturik, soldata arrakala ari da jaisten, langileek parte hartzeko eta erabakitzeko aukerak ari da irekitzen, eta halaber, legeak lan kontziliaziorako ezarri dituen baimenak hobetzen, bai beste pertsona batzuk zaintzeko ardura dugunean, bai geure burua zaindu behar dugunean, edota baimen aktibisten bidez. Enpresa horiek apustu tinkoa egiten dute genero berdintasunaren alde, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatuz lanean, bai eta politika inklusiboak, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna bultzatuz ere.

Hori guztia dela eta, aurtengo Auditoria/Balantze sozialaren kanpainak izebergaren alegoria feminista erabili du, datu-bilketaren lehen faseari jarraipena emanda. Lehen fase hartan, izan ere, Ekonomia Sozial eta Solidarioan ari diren enpresak gonbidatu genituen gardentasunez jokatzeko eta hobetzeko praktika hori egitera, eredu ekonomiko horretan oraindik ere ezkutuan dagoena azaleratzeko. Nafarroan, 33 entitatek parte hartu dute inkestan, eta Estatu osoan, gainera, 600ek baino gehiagok.

Prozesua urtero egiten dugu ekonomia solidarioan dihardugun estatu osoko entitateok eta, entitateen datuak bilduz, 77 adierazle baloratzen ditugu, ekonomia solidarioaren 6 printzipioei erreferentzia eginda:

  1. Ekitatea
  2. Lana
  3. Ingurumeneko Jasangarritasuna
  4. Lankidetza
  5. “Irabazi-asmorik gabea”
  6. Ingurunearekiko Konpromisoa

Honatx zer den auditoria soziala:

  • Gardentasunezko ariketa da, lagungarria kontsumo kontziente eta arduratsua indartzeko. Kontsumitzailearekin konektatzen laguntzen du.
  • Enpresa-praktikei buruz hausnartzen laguntzen du. Gauzak nola hobetu ditzakegun.
  • Ekonomia bestela egiteko moduak ikustarazten eta zabaltzen laguntzen du.
  • Ekonomia Sozial eta Solidarioaren indarra kuantifikatzen du.
  • Kuantifikatzen du zer entitate garen kide REASen eta merkatu sozialean.

Horrela, badakigu soldaten aldea 1,43/1 dela langile guztien soldatarik altuenaren eta apalenaren artean; ardura-postuen %56 emakumeek betetzen dituztela. Badakigu, halaber, zer-nolako apustu irmoa egin duten entitateek (%97) kontsumo arduratsuko irizpideak aplikatzeko produktuak erostean eta zer-nolako apustua ere egin duten energia berriztagarriaren alde (%72k %100 energia berriztagarria darabilte) edo finantza etikoen alde (%69).

Eskerrak eman nahi dizkiegu aurten beren Auditoria/Balantze soziala egin duten enpresa guztiei, horrela ere taldearen argazki finko hori osatu baita. Orain, argazki hori zabaltzera eta partekatzera gonbidatu nahi zaituztegu, harrotzeko modukoa baita praktika horren bidez urtez urte tresna hori eraikitzen aritzea, erreferentzia baita bai estatuan bai nazioartean.

Argibideak: https://reasna.org/auditoria-social-2021/