REAS Nafarroak, Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako Greba Feminista Orokorraren deialdiaren aurrean, atxikimendua adierazi nahi dio mobilizazio honi, zaintza sistema publiko baten alde.

Ekonomia Sozial eta Solidarioa Ekonomia Feminista bat da, eta, praktikan, pertsonak eta natura jarduera ekonomikoaren erdigunean jartzeaz gain, azken hamarkadetan hainbat eztabaida eta proposamenetan parte hartu izan du. Eztabaida eta proposamen horiek, hain zuzen ere, zaintzaren inguruko beharrezko gaiak politizatu dituzte, zaintzak eraldatu nahi dituen ekonomia baterako. Ordaindutako lana da gizarte-eraikuntza egituratzen duen jarduera nagusia. Horren inguruan beste guztia berrantolatzen da. Zaintzak erdigunean jartzeak politika publikoen bidez lan-politikak eta -egiturak eraldatzea ez ezik, komunitateei, afektuen eraikuntzari, pertsonen arteko harremanei… eragiten dien paradigma-aldaketa bat ere esan nahi du, eta, batez ere, zaintzak ez uztea lanaren sexu-banaketan eta gure gizarteetan oso errotuta dauden joera klasista eta arrazistetan oinarritutako prekarietatearen gainean eraikitzen.

Ikusezina dena ikusaraztea feminismoaren helburu bat da beti. Horregatik, borroka feminista estrakzio-sistema baten egitura-aldaketaren aldeko borroka gisa ulertzen dugu, arlo politikoan eta ekonomikoan, kide ahulenen esplotaziotik edo ostrazismotik eraikia. Zainketen duintasuna eta zentraltasuna aldarrikatzea beste mundu posible hori eraikitzeko deia da.

Azaroaren 30eko greban hasi eta amaitzen ez den borroka da hau, eta alternatibak eraikitzen jarraitu ahal izateko, Christel Keller Garganté 2017an idatzitako artikulu hau berreskuratu nahi dugu. Gure ustez, oso egokia da gai nabarmen eta konplexu honi heltzeko orduan:

“Azken batean, zaintzak modu justu eta iraunkorrean proposatzen dituen apustu politikoak hainbat gauza bilatu behar ditu. Alde batetik, familiak pisu gutxiago izatea. Bestetik, sektore publikoak erantzukizun handiagoa hartzea. Azkenik, merkatua ez dadila zaintzaren kalitatearen eta zaintzaileen eskubideen kalterako izan. Komunitateari dagokionez, garrantzitsua da zaintzaren gizarte-antolamenduan protagonismo handiagoa ematea, gaitasun performatibo handia baitu komunitatearen politizazioari dagokionez.”