Azkenean, aurten, Ekonomia Solidarioaren Azoka egiteko aukera izan dugu, bi urte izan baitira antolatu ahal izan gabe. Beraz, berriz ere elkartu gara Autobus Geltoki zaharreko nasetan eta Geltokin. Pare bat egunez, parada ederra izan dugu berriro topatzeko, ospatzeko eta, batez ere, bestelako jarduera ekonomiko eta sozial bat posible dela ikusarazteko. Azoka, izan ere, Merkatu Sozialaren adierazpen fisikorik handiena da. Baina, zer da Merkatu Soziala? 

… trukaketa ekonomikorako gune bat da, pertsonek eta erakundeek osatua (ondasun eta zerbitzuen ekoizpena, finantzabidea, aurrezpena, banaketa eta kontsumoa), REASek Ekonomia Sozial eta Solidarioaren 6 Printzipioen Gutunarekin bat bultzatua (Ekitatea, Lan Duina, Jasangarritasun Ekologikoa, Lankidetza, Aberastasunaren Banaketa eta Ingurunearekiko Konpromisoa). 

…gune horretan nagusi diren harremanek konfiantza, hurbiltasuna eta elkarrekikotasuna dituzte oinarri, guztion ongizatearen alde eginda.  

… proposamen sozial eta politikoa da, lagungarria proiektu berriak gauzatu eta garatzeko, jendea duinduko duen gizarte bidezkoago bat lortze aldera.  

… gune bat, printzipio etikoak bere egin dituen ekonomian oinarritutako proiektu berriak bultzatu eta sortzeko.

Gure eguneroko ekitaldien gaitasun eraldatzailean sinesten dugu, eta gero eta pertsona gehiago izan nahi dugu kontsumo kritiko eta arduratsuaren inguruan antolatuak. Sektore mota askotako 50etik gora erakundek osatzen dute gaur egun Nafarroako Merkatu Soziala, parte-hartzaileen behar gehienak asetzeko aukera emanda. Kontsumitzaileendako da eta, era berean, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren printzipioekin bat diharduten edo lan egin nahi duten erakunde eta enpresendako, hots, elkar lankidetzarako eta elkarri laguntzeko Sarean sartu nahi dutenendako. Sareak abantaila aunitz baititu: 

Zer ematen die kontsumitzaileei Merkatu Sozialeko parte izateak? 

 • Abantailak (deskontuak, eskaintzak), erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenei esker.

 • Ekonomia Sozial eta Solidarioaren balioekin bat diharduten erakundeen ondasun eta zerbitzu sorta zabalerako sarbidea.

 • Kontsumo arduratsua eta kontzientea: logika ekonomiko etiko eta arduratsuak darabiltza Auditoretza Sozialak bermaturiko erakundeekin.

 • Ekonomia Solidarioko erakunde, proiektu eta jardueren gaineko informazioa

Ikusi azken katalogoa.

Zer ematen die kide diren erakundeei?

 • Ikusgaitasuna, sare lana, lankidetzarako eta elkarri laguntzeko gunea, kudeaketarako eta komunikaziorako tresna kolektiboak, sustapena, parte-hartze abantailatsua azoketan, Auditoretza Soziala.

 • Sektorearekiko kohesioa, haren legitimitatea, ikaskuntza kolektiboa eta berrikuntza sustatuta.

 • Erakundeen katalogoa, bilaketa-eragilea, estatuko eta tokiko weberako sarbidea.

 • Merkataritza zirkuitu egonkorrean sarturik egotea.

 • Erosketa eta inbertsio publiko etikoaren bultzada.

Txanpon

Ekonomia Solidarioaren IX. Azokan, gure txapon soziala erabili genuen: Txapona, alegia. Txanpon sozialerako ekimenak, izan ere, REASek sustatu nahi duen Ekonomia Sozialaren eredurako tresna dira. Azoka egunetan, jendeak aukera izan zuen erosketak Txanponarekin egiteko. Horretarako, postu jakin batzuetan, euroak Txapon izeneko diruarekin aldatzen ziren  (euro bat =  Txanpon bat).

Txanpon soziala erabiltzen duzunean, bultzatzen duzu berme etikoak eta sozialak dituen  tokiko merkataritza jasangarria. Iruñean, hainbat tokitan erabil daiteke, hala nola Nafarroako REAS Sarearen Azoketan eta, zenbait saltokitan, hala nola Geltokin, Emausen Trapuketarietan, Setem-en edo Eurolan-en.

Txanpon sozialek bermatzen dute diruak tokian-tokian zirkulatzea, zirkulu bertutetsuetan, norabide guztietan zirkulatu beharrean, eta aukera handiagoa dago onura zuregana itzultzeko. Horrela, tokiko ekonomia indartzen da, negozio txikiak sarituta eta enpresa handien boterea gutxituta.

Txanpon sozialak sortzearen ondorioz, katebegi ekonomiko berri bat sortzen da, giza eta toki eskalakoa, hots, gizarte mugimenduek bultzaturiko eraikuntza paralelo bat. Herritar taldeek eta plataformek demokrazia zuzenerako mekanismo politiko berriak sortzen dituzte, eta bai merkatu soziala, bai txanpon soziala darabilten truke-sareak, berriz, demokrazia zuzenerako guneak dira arlo ekonomikoan, alajaina! 

Azoketan jasotzen duen ikusgaitasunaren bitartez (adibidez, Nafarroako REAS sareak bultzatutakoan), txanpon soziala Merkatu Sozialeko tresna bat da, trukaketa ekonomikorako proiektu bat, lurraldean, estatuan eta nazioartean zabaltzen ari dena, bai ekonomia solidarioaren balioak bere egiten dituzten ekimen ekonomikoen bidez, bai eta kontsumo arduratsuaren balioak bere egiten dituzten pertsonen bidez ere. 

Txanpon sozialei buruz gehiago jakin nahi baduzu, ikusi Nafarroako REASek antolatutako Ekonomia Solidarioaren XIII. Jardunaldian izaniko solasaldi hau, inguruko ereduak eta adibideak baitira solasgai: 

El Txanpon a cuestión. Monedas Sociales e incidencia en el territorio from REAS Nafarroa on Vimeo.