Skip to content

Editoriala: Ekonomia solidario eta subiranotasun energetikoa

Ekonomia Solidarioa aberastasuna sortu eta birbanatzeko modu bat da eta, gainera, eragin onuragarria sortzen du jendearengan, bai eta diharduen komunitate eta gizarteetan ere. Modu asko eta askotarikoak ditu, baina guztiak ere Ekonomia Solidarioaren Printzipioen Gutunarekin bat aritzen dira. Honatx sei printzipioak: Ekitatea, Lan Duina, Jasangarritasun Ekologikoa, Lankidetza, Aberastasunaren Bidezko Banaketa eta Ingurunearekiko Konpromisoa.

Horrekin bat, Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea-REAS osatzen duten erakunde eta enpresok gero eta jende gehiagoren ongizatea dugu xede eta horren alde dihardugu. Larrialdi klimatikoaren aurrean, funtsezkoa da planetaren muga fisikoak errespetatzea ekonomia bestela ulertzeko modu bat eraikitze aldera eta, era berean, ekonomia ahalbidetzen duten giza harremanak eta huraxe eragiten nahiz gauzatzen duten politikak bestela ulertzeko modu bat eraikitze aldera.

Ezin dugu kapitalismoa ulertu (bereziki, azken globalizazio-fasea), erregai fosilen erabilera neurrigabea kontuan hartu gabe, askotan diruz lagundutakoa, edota merkataritza libreko nazioarteko itunak kontuan hartu gabe, edo ekoizpena herrialde jakin batzuetara eramaten dela kontuan hartu gabe, haietan askoz ere errazagoa, merkeagoa eta erosoagoa baita kapital handiarentzat eta korporazioentzat langileak esplotatzea eta ondasun naturalak kutsatzea. Horren guztiaren aurrean, Ekonomia Solidarioan dihardugunok kontsumoaren politizazioan eta funtsezko burujabetzen errespetuan oinarritutako estrategiaren aldekoak gara (besteak beste), horixe delako sistema kapitalistaren berezko krisi sistemikoak eragozteko bidea, bai eta duintasun nahiz zoriontasun mailak birkonkistatzeko modua ere.

Elikadura burujabetza eta burujabetza energetikoa oinarrizko bi zutabe dira funtsezko burujabetza direlakoetan. Oso garrantzitsuak baitira inbertsio-funts handien eta korporazio handien interesei aurre egiteko, batzuek eta besteek ez omen baitute ulertu nahi deshazkundea eta birlokalizazioa funtsezkoak direla etorkizun ez urrunean bizitza duina ziurtatzeko. Ekonomia Solidarioak estrategia argia proposatzen du: ingurunearekin konprometituak dauden tokiko proiektu jasangarriak ehuntzea, gutxiago lan egiteko eta pertsona guztiek lan egiteko, beharrezkoa dena ekoiztu eta kontsumitzeko, eta eskubide guztiak pertsona guztiendako bermatzeko.

Baina, zertan datza Ekonomia Solidarioak burujabetza energetikorako proposatzen duen eredua? Ale honetako orrialdeetan, besteak beste, Nafarroako REAS Ekonomia Solidarioaren Sareak Eredu Energetikoez antolaturiko XV. Jardunaldietan landutako eduki guztia aurkituko duzu.