Skip to content

Estellerriko Denendako Elkartea berpiztu da eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzaileko proiektuak sustatzeko eta kohesionatzeko

Lizarran eta Merindadeko herrietan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzen du sareak, eta ekonomia pertsonen zerbitzura egongo den eredu ekonomikoa bultzatu nahi du. 30 proiektu baino gehiagoren babesa duen erakundeak bulego bat izango du Lizarrako autobus geltokian.

Denendako Ekonomia Sozial Eraldatzailearen proiektu-sarea indartsu aktibatuko da Lizarran eta haren Merindadean proiektu berriak sor daitezen bultzatzeko. Aurkezpen-ekitaldian sareko zenbait proiektu izan dira, eta Estellerriko gizarte-ekonomiaren aldeko adierazpena irakurri da. Halaber, elkarteak Lizarrako autobus-geltokian (Koroatze plazan) izanen duen bulegoa aurkeztu da; espazio hori Lizarrako Udalak eskaini dio elkarteari.

Hauspotu programaren bidez berpiztu den Denendako elkartearen helburua da ekonomia pertsonen zerbitzura egonen den eredu ekonomiko bat bultzatzea Estellerrian. Era berean, gizarte justuagoa eta solidarioagoa sortzen lagundu nahi du, interes sozial eta kolektiboko ekimenen garapena sustatuz eta bultzatuz.

Ildo horretatik, Lizarran eta Merindadeari bizia ematen dioten udalerrietan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzen du. Halaber, Lizarran etorkizuna eraiki nahi duten ekintzaileen ekimenak indartu eta bultzatu nahi ditu, belaunaldien arteko erreleboa sustatu, eta, Merindadean saltokien eta zerbitzuen galerari aurre egin. Hori guztia ingurumena errespetatuz eta ekonomia berde eta feministaren balioen babespean sustatu nahi du.

Helburu horiek lortzen saiatzeko, Denendako elkartea ibilbide-orri bat marrazten hasi da, eta bertan epe ertainera begira zenbait helburu jaso ditu:

  • Lizarran eta Estellerrian dauden ekintzaileen eta gizarte-proiektuen arteko sarea, lankidetza eta interkooperazioa sustatzea eta garatzea.
    • Komunitatearen aldeko proiektuak garatzea.
  • Sarea osatzen duten proiektuei laguntza eta zerbitzuak eskaintzea.
  • Ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako proiektu berriak sustatzea.
    • Ekonomia sozial eraldatzailean oinarrituta, jarduera ekonomikoen bideragarritasuna aztertzen saiatzea, eragileekin lan egitea eta proiektuak abian jartzeko lan operatiboa antolatzea eta gauzatzea.
  • Ekonomia sozial eraldatzailearen balioak dibulgatzea.
  • Lizarrako eta Estellerriko bizilagunen beharrak identifikatzea eta horiek asetzeko tresnak pentsatzen eta garatzen hastea.
  • Behar horiei erantzuteko espazio fisiko bat eskaintzea (gaur egun Lizarrako autobus geltokian).

2013tik ingurunea aldatzen

Aurkezpen-ekitaldia gaur egin den arren, erakundea 2013. urtean jaio zen, Lizarrako lagun-talde batek, krisi ekonomikoaren erdian, eskualdean bizitzen eta lanean jarraitzeko apustua egin zuenean, hots, migrazio ekonomikoari aurre eginez, eta euren bizitzak eta etorkizuna beren herrietan eraikitzearen aldeko apustua eginez. Testuinguru hartan, gure merindadean erreferentziazkoak izaten jarraitzen duten proiektuak sortu ziren, hala nola Mugitu Abentura, Uztaldi, Lur Soinuak edo Txiritinga.

Denendako elkartearen fase berri honetan, Lizarrako eta eskualdeko hogei proiektu baino gehiago batu dira: Isoki, Kukuta Ludolab, Lezaun Upategia, Ametsa Produkzioak, Dragon Cómics, Iñaki Luthier, Baku Barrikupel, Zunbeltz egurrak, Aritzaleku Kanpina, Axier LizarrArtesanias, Axuribeltza Gasnategia, Eureka zientziaren dibulgaziorako gunea, BE&lab, Txandia Landaetxea, Berhezi, Ametsa Taberna, Katxetas Jatetxea, BioLizarra, Laket Bio, Artean, La Panpinela, Extrucutras Unai Torregrosa, Gailu, Arro ardikiak, Ekolore, eta aipaturiko Mugitu Abentura, Uztaldi, Lur Soinuak eta Txiritinga. Helburua da indarrak metatze jarraitzea eta sarea sendo ehuntzen jarraitzea.

Horrekin guztiarekin batera, Denendako sareak harremanak indartu nahi ditu tokiko erakundeekin, baita udalez gaindiko eragile eta entitateekin. Izan ere, argi du Estellerriak behar duen eraldaketa sozioekonomikoa bultzatzeko, ezberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa dela eta guztien artean lan eginez bihurtuko dutela eskualdea bizitzeko, lan egiteko eta bizitza proiektuak eraikitzeko. Guztientzako aukerak eskaintzeko. Aukerak, Denendako.