40 milioi euro eman ditu kredituetan ekonomia sozial eta solidarioaren garapenerako, azken 4 urteetako hazkunde joerari jarraipena emanez
2021eko otsailaren 16a
Fiare Banca Eticaren finantzaketa % 53 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, eta ekonomia erreala sustatu da eta gizartean balio erantsia sortzen duten proiektuak bultzatu dira gizarte, kultura eta ingurumen sektoreetan. Datu horiek ez datoz bat banku sektoreko joerarekin; hain zuzen ere, iturri ofizial guztiek diote kreditua itxi egin dela urteko bigarren seihilekoan.
Fiare Banca Etica erakundeak 40 milioi euro onartu ditu ekonomia sozial eta solidarioaren garapenerako; izan ere, horrek jarraitzen du izaten bankuaren apustu sendoa, Espainian 2014. urtean finantza erakunde gisa abian jarri zenetik. Banca Etica bankuaren joera, azken 4 urteetan, emandako finantziazioaren guztizkoan % 50etik gora haztea izan da.
Finantzaketa osoaren % 75 gizarteratzean eta laneratzean, etxebizitzan, kulturan eta hezkuntzan inbertitu da. Pandemia egoera honetan pertsonen eta iraunkortasunaren zerbitzura dagoen gizarte hobea eraikitzeko lan egiten duten enpresetan, kooperatibetan eta elkarteetan txertatu den zifra esanguratsua da; hain zuzen ere, egoera honetan kreditua inoiz baino beharrezkoagoa da, enpresa eta ekimen askori krisi egoera orokor hau gainditzen laguntzeko.
Laneratzea eta gizarteratzea, finantzaketa alor nagusia
Ekitaldi honetan, kredituaren bidez inbertsio handiena jaso duen alorra pertsonen laneratzea eta gizarteratzea izan da. 19 milioi euro baino gehiago inbertitu dira alor horretan; hau da, guztizko finantzaketaren ia erdia. Zaurgarritasun egoeran daudenen inklusioaren aldeko apustu horren bidez, integrazioa eta askotariko gaitasunak dituzten pertsonen arteko ezagutzen eta esperientzien etengabeko trukea sustatu dira. Finantzatutako proiektuen artean topa ditzakegu, besteak beste, TEB taldea Katalunian, Aspaym Gaztela eta Leonen eta Emaus Euskadin.
Etxebizitza
Etxebizitza sozialaren sektorean ere 7 milioi euro baino gehiago inbertitu dira; hau da, ekitaldiko guztizko finantzaketaren % 21,8. 2020an, bankuak cohousingaren eta etxebizitza kooperatiben eredu alternatiboen aldeko apustua egiten jarraitu du, herritarrek merkatu sistemakoak baino baldintza hobeagoetan eskuratu dezaten etxebizitza. Eredu horren adibide garbiak ditugu honako hauek: Ametxe proiektua Euskadin, Entrepatios proiektuak Madrilen, etxebizitza kooperatiba eta hirigune historikoaren berreskurapena PAX proiektuarekin Kordoban eta hainbat cohousing proiektu Bartzelonan, Sostre Cívic ekimenak eta hiriko udalak bultzatuta.
Kultura eta hezkuntza
Fiare Banca Eticak hezkuntzaren eta kulturaren garapena sustatzen jarraitzen du, eta ekosistema artistikoaren parte diren artistei eta entitateei lagundu nahi die. 2020an, 6 milioitik gora inbertitu zituen erakundeak ekimen artistikoak, kulturalak eta hezkuntza ekimenak finantzatzeko; aurreko urteko zenbatekoak bikoiztu zituen horrela. Aipatzekoak dira, besteak beste, Alavida edo Gredos San Diego hezkuntza proiektuak edo Pabellón nº6 kultura proiektua edo Dédalus cine kultura elkartea.
Beste finantzaketa alor batzuk
Beste finantzaketa alor garrantzitsuak izan dira hauek ere: ingurumen jasangarritasuna eta nekazaritza ekologikoa; 4 milioi euro baino gehiago bideratu dira alor horietara, 2019an bideratu zen kopuruaren bikoitza, eta horrek erakusten du bankuak konpromiso sendoa duela gure planetaren eta bizitzaren etorkizunarekin. Jatorri berriztagarria duten proiektu energetikoak soilik finantzatuta, bankuak argi uzten du zein den bere egitekoa sarea iturri berriztagarriekin soilik hornituko duen sistema energetiko baterako eraldaketan. Horren adibide dira energia berriztagarriko ekimenak, Ecooo edo Goiener kasu, edo kontsumo jasangarriko proiektuak, La Osa Kooperatiba merkatua eta La Veloz taldea, esaterako. Azkenik, Fiare Banca Eticak milioi eta erdi euro baino gehiagorekin finantzatu ditu teknologien eta garapenerako lankidetzaren alorrak ere.
Ekonomia errealaren alde eginez
Juan Garibik, bankuko Estrategia eta Garapeneko zuzendariak, honela azaldu du: “Gure ekonomiari eta gizarteari zentzua eman nahi dieten proiektuen alde egiten jarraituko dugu, haien eskura jarriz beharrezko baliabideak eta dagoeneko finkatuta ditugun sektoreei sendotasuna emanez, gure misioarekiko leialtasunagatik. Hobekuntza energetikoetara bideratutako proiektuak datozen urteetan areagotu egingo direla uste eta espero dugu, eta bertan egotea espero dugu. Pandemiatik eratorritako krisi ekonomikoa gainditzeko datozen ekitaldietan kudeatuko diren Europako funtsen artean daude ildo horietako zenbait”.
Gardentasuna
Fiare Banca Etica da pertsona juridikoei emandako maileguak online argitaratzen dituen munduko banku bakarrenetako bat. Gardentasuna da gure funtsezko zutabea, eta gordailututako dirua non inbertitzen den jakitea eskatzen duenez, emandako finantzazioa argitara ematen dugu. “Nire diruarekin” proiektuaren arloan, bazkideek eta bezeroek egiaztatu dezakete nola erabiltzen diren euren aurrezkiak gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik arduratsuak diren ekimenak sustatzeko.