Skip to content

Hegoak furgoneta aparkatu du

Jaia hasi eta hantxe agertu da errepidean Hegoak erakundearen furgoneta berezi-berezia, kolore moreak agerian. Gaur, jende askok festa eginen du eta, ziur aski, alkohola eta drogak kontsumituko ditu. Hegoak erakundeko jendea ez dago hemen ezer ospatzeko, baizik eta anabasa horrek pertsonen osasuna arriskuan ez jartzeko. Horrelaxe esaten dute ibilgailuan idatzita dauden hitzek: “Kontsumoari loturiko arriskuen murrizketan gara adituak”.

Hegoak erakundea herri eta auzoetako jaietan agertu ohi da. Ez dugu gehiago ikusiko, ordea. Izan ere, 28 urteko ibilbidea egin eta gero, erakundeak bere jarduera utzi du bertan behera. Ez da izan jarduera hori jada beharrezkoa ez delako, baizik eta erakunde publikoen laguntzarik ezak jarduera ito egin duelako.

Hegoak elkartea 1994an sortu zen, droga-menpekoen senideek eta lagunek bultzatua, heroinarekiko adikzioen testuinguruan. Ia hiru hamarkadaz aritu da buru-belarri lanean, gazteak, familiak eta profesionalak droga kontsumoaren gainean hezten eta, batez ere, kontsumoari loturiko arazoei aurrea hartzen. Erakundea herritarrak sentsibilizatzen hasi zen, droga kontsumoari loturiko arazo larriak zituzten pertsonei lagun eginda; batez ere, heroina zaleak ziren, baina mendearen aldaketan etorritako egoera berrira egokituz joan zen.

2000. urtean, aro berriari heldu zioten, prebentzioa ardatz harturik, arriskuak eta kalteak murrizteko estrategian oinarriturik. Hau da, kontuan hartu zuen drogak betidanik izan ditugula lagun gure gizartean; beraz, ez dago beste alde batera begiratzerik drogarik ez balego bezala, baizik eta errealitate hori hezkuntzan txertatu behar da, kontsumoak dakartzan arriskuak erakuste aldera. Hegoak, garai hartan, estatu mailako erreferentzia izan zen, aisiako eta jaietako guneetan esku hartzen baitzuen, bai eta etxabeetan ere, gazte jendearekin zuzenean arituta. Azken 20 urtean, Nafarroa osoan ibili dira, prebentzio lana eginda, oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen sarearekin eta gazte erakundeekin elkarlanean. Era berean, azken urteotan, Iruñeko Udalak kontratatu ditu, auzoetan, jaietan eta Sanferminetan esku hartzeko.

2011-2017 aldia oso gogorra izan zen, drogei buruzko politikak Nafarroan aldatu izanaren ondorioz, eta horrek elkartea jo zuen larriki. Pandemiak kolpe gogorra eman dio ahul zebilen erakundeari, elkartearen hezkuntza programaren garapena eragotzita; hortaz, finantzabidea galdu du eta, horrez gain, bi urteotan ez du behar adina laguntzarik jaso erakunde publiko eta pribatuen eskutik.

Pandemiak aisia-esparru guztiak jarri ditu hankaz gora, bai eta haietan esku hartzeko aukera ere. Gainera, erakundearen egitura finantzatzen zuen hezkuntza-programa garatzeko zailtasunak erabakigarriak izan dira jarduera bertan behera uzteko. Azken 10 urtean, gainera, ez da laguntza egonkorrik jaso, gorabehera handiak izan dira diru-sarreretan, eta zailtasun handiak izan dituzte prebentzio-lana egiteko. Ondorioz, izugarri ahuldu da profesionalek eutsitako egitura eta, askotan, boluntarioen parte-hartzeari eta inplikazioari esker funtzionatu eta iraun du bizirik. Indarrak asko ahuldu dira azken urteotan. Eskerrik asko aldez edo moldez laguntza eman duzunoi.

Gizarteak lan handia egindako erakunde bat galdu du, droga kontsumoaz bestelako ikuspegia ekarritakoa, gazteek aintzat hartua eta jaramon egiten ziotena. Hortaz, Ekonomia Solidarioarekin engaiatutako erakunde bat galdu dugu, urte sail luzean konpromisoa agertutakoa. Ziur aski, erein dituen haziek luzaroan emanen dituzte fruituak, inork haren lanari jarraipena emanen diolakoan.