Oraindik ere sindemia nagusi den honetan, eta ikusirik ezin zela Azoka bermatu, hau da, Ekonomia Sozial eta Solidarioan diharduten erakundeen postuak jarrita, gure erakundeei beraiei eta ESSaren 6 Printzipioei omenaldia egitea erabaki zen. Gure erakundeek, izan ere, printzipio horiek dituzte inspirazio-iturri beren lana egiteko. Printzipioak, gainera, bide-orri ona dira ekonomia eraldatzeko eta, batez ere, ekonomia eraldaketa sozialerako tresna gisa baliatze aldera, betiere hainbat gauza lehenetsita, hala nola pertsonak eta haien komunitateak, zainketak, naturaren sustapena, lan duina, eta lankidetza, lehiaren aurrean. Komunitatea sortzeko eta alternatibak eraikitzeko bide ona dira, gaur egun eta etorkizunean bizi ahal izateko moduko eredu ekonomikoak eta politikoak gauzatzea ahalbidetuko dutenak.
Lankidetzan aritzea eragiteko. Lurraldean eragin nahi badugu, lankidetza da bide bakarra, hau da, sareak sortzea, elkarri laguntzea… Talde edo kolektibo bakoitzaren xede zehatzez haratago doazen ikuspegietan oinarriturik lan egitea, estrategia komunak garatuko dituztenak beharrezkoa dugun trantsizio ekologiko eta soziala ahalbidetzeko. Horretarako, Nafarroako REASen, elkar lankidetzarako guneak sustatu eta bultzatzen dira Batzordeetan, kide diren erakundeen artean (klima larrialdia, sentsibilizazioa eta kontsumo arduratsua, merkatu soziala). Geltokiko Foroek egindako lana ere aurkeztu zen (Ehungintza Foroa, Finantza Etikoen Foroa eta Energia Berriztagarrien Foroa). Lan hori ia duela hiru urtetik hona egiten ari dira, eredu kontsumista eta kapitalista nagusiarekiko alternatibak sortuta, tokiko garapena ardatz hartuta, eta Ekonomia Solidarioaren balioak sustatuta.
ENERGIA BERRIZTAGARRIETAKO FOROA (Goiener, Energia Gara Nafarroa, E+P Energía, Greenpeace)
Energia Foroak energia-eredu jasangarri berriranzko trantsizioa sustatzen du, ingurumena errespetatuko duena eta herritarren eskuetan egonen dena. Horregatik, energia sortu eta kontsumitzeko modu alternatiboei buruzko eztabaida sustatzeaz gain, horri buruzko informazioa ematen du, kooperatibismoan oinarrituak, betiere eraginkortasun energetikoa eta aurrezpena ahaztu gabe. Hori guztia ekonomia alternatibo eta solidarioaren barnean.
EHUNGINTZA FOROA (Emausko Trapuketariak, Setem – Arropa Garbia Kanpaina, Nafarroako ehungintza eta zapatagintza arloko artisautza tailerrak)
Ehungintza Foroak nafar gizartea informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzea du helburu modak ingurumenean nahiz gizartean eragiten dituen ondorioez. Horretarako, gogoeta proposatzen dute arropa eta oinetakoak ekoiztu, merkaturatu eta kontsumitzeko egungo ereduaz, eta halaber, aukerabide etikoagoak eta jasangarriagoak sustatzen dituzte.
FINANTZEN FOROA (Fiare Banca Etica, Oikocredit, Nafarroako REAS ARÇ-ren ordezkaritzan, Setem)
Finantza Etikoen Foroaren helburua da ekintzak Geltokin koordinatzea, finantzek gure sistema ekonomikoan dituzten ondorio sozialak eta ekonomikoak ikustarazteko, eta Finantza Etikoen inguruko alternatibak sustatzea, alternatiba horiek aldaketarako eta garapen jasangarrirako eragileak baitira.