Skip to content

Parlamentuak Gizarte Entitateen Plataformako ordezkariei harrera egin die

Pobrezia eta desberdinkeria desagerrarazteko Parlamentuak duen konpromisoa azpimarratu du Plataformak eta 2021-2030 Ituneko neurriak zorrotz beteko direla espero du.

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Gizarte Entitateen Plataformako (GEP) ordezkaritza bati harrera egin dio gaur goizean. Bertan izan dira Mari Luz Sanz CERMINeko lehendakaria, Javier Liras REASeko kidea, Javier Huárriz Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sareko kidea eta Javier Abad Nafarroako GGKEen Koordinakundeko kidea.

Bilkuran Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 Nafarroako Itunaren jarraipena egiteko tresnaren aurkezpenari buruz hitz egin dute GEPeko bozeramaileek, izan ere, tresna horri esker, “zorrotz ebaluatu ahal izango da hartutako konpromisoen betetze-maila, eta, era berean, betearazi ahal izango da, ezarri diren adierazleek emandako emaitza ikusita, egoerak hala eskatzen duenean”.

Plataformako kideen esanetan, azterketarako eta ebaluaziorako tresnak “garrantzi berezia du Parlamentuarentzat eta talde parlamentarioentzat, Nafarroako Gobernuak pobrezia desagerrarazteko ezarritako neurriak betetzen dituen edo ez kontrolatzea ahalbidetuko baitu, hori baita itunaren helburu nagusia, Nafarroako pobrezia desagerraraztea”, berretsi dute.Amaitzeko, eta Itunaren lehen bi urte hauetarako ezarritako neurrien egutegia bete den ala ez egiaztatzearen kontura, plataformako eledunek Ganberarekin eta Lehendakaritzarekin duten hartueman “ona eta erraza” nabarmendu dute.

Unai Hualdek, bere aldetik, Ituna indarrean dagoela azpimarratu du, zeinaren helburua “pobrezia adierazpen ezberdinekin amaitzeko bizibide iraunkorrak bermatzea” den. “Giza eskubideen arazo baten aurrean gaude; izan ere, diskriminazioa, gizarte-bazterketa, gosea, malnutrizioa, etxebizitza duinik eza edo hezkuntza, osasuna eta enplegua bezalako oinarrizko zerbitzuetarako sarbide mugatua giza eskubide kontuak dira”.

Gizarte Entitateen Plataforma honako hauek osatzen dute: Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Entitateen Nafarroako Batzordea (CERMIN), Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea (REAS), Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea (CONGDN) eta Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea.Lau sare hauek Nafarroako 160 gizarte-erakunde baino gehiago ordezkatzen dituzte, garapenerako nazioarteko lankidetzan, gizarte-bazterketan, desgaitasunean, ekonomia sozial eta solidarioan, migrazioan eta osasunean lan egiten dutenak.

Plataformak gizarte-lan garrantzitsua egiten du erakundeekin batera bai Nafarroan eta bai eta herrialde pobretuetan desberdintasun-egoerak hobetzeko.