Ekonomia Sozial eta Solidarioa ospakizunetan dabil. REAS Nafarroak 20 urte bete ditu eta Geltokik 5. urteurrena ospatuko du.
Lan gogorreko urteak izan diren arren, urte guzti hauek fruituak eman dituztela ospatu nahi dugu eta honen ondorioz, ESS errealitate ukaezina bihurtu dela Nafarroan.
REAS Nafarroa 2003ko abenduan sortu zen, baina 90eko hamarkadatik baziren ESS arloan lan egiten zuten pertsonak eta erakundeak, eta beharrezkotzat jotzen zuten sareko lankidetza helburu eraldatzailea duen sektore ekonomiko gisa eraikitzeko.
Baliabide ekonomikoak baino gogo handiagoz ekin zion REAS Nafarroak bere ibilbideari, erakunde fundazionalen inplikazioari esker. Urte biziak izan ziren, gero Fiare izango zenaren ernamuina sortu zen garai hartan, banku etikoa, pertsona askori oximoron gisa entzuten zitzaien ideia bat. Sortu berri zen finantza taldeak informazio bulego bat ireki zuen kapital soziala biltzeko, gero ESS proiektuak finantzatzeko balioko zuena.
Urte haietan ere ahalegin handiak egin ziren ESS-eko ekimen eta proiektuei mailegu solidarioak emateko.
ESS printzipioei jarraituz, kontsumoaren inguruan lan egiten hasi zen, kontsumo arduratsuaren edo kontsumo kritikoaren kontzeptuetan oinarritutako eragin politikorako tresna gisa. Beste sare batzuekin dugun partaidetzari esker, Nafarroako Parlamentuaren Zero Pobrezia Ituna bultzatu ahal izan genuen 2008an, eta, ondoren, Pobreziaren eta Desberdintasunaren Aurkako Nafarroako Itunaren bidez (2021-2030) eguneratu dena.
Urte horretan bertan, REAS Euskadirekin batera, Auditoretza Soziala jarri zen martxan, Ekonomia Alternatiboaren eta Solidarioaren Sarea osatzen duten erakundeek ESren Printzipioen Gutunarekin duten konpromezu maila neurtu eta frogatzen duen tresna. Ekitatea, lan duina, iraunkortasun ekologikoa, lankidetza, ingurunearekiko konpromisoa eta aberastasunaren bidezko banaketa printzipioak.
Pixkanaka, Nafarroako ESS-ak izen gehiago hartzen hasi zen eta Nafarroako erakundeek kontuan hartzen hasi ziren. Foru Parlamentuak babesa eman zion eta Sarea Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan parte hartzen hasi zen. Era berean, Ekonomia Solidarioa publiko orokorrari ezagutzera ematen hasi ginen, ESS gaietan hausnartu, sakondu eta zabaltzeko antolatzen ditugun urteko jardunaldien bidez, edo, bestela, eraldatzeko eta beste aukera bat emateko ekonomia praktikatzen duten erakundeekin feriak eginez.
Gure ustez, maila globalean eragiteko tokian jardutea premisa ona da praktikan jartzeko, eta, horregatik, hainbat jarduera konbinatu ditugu, hala nola Alterbusa, Iruñeko auzoetara ESSren potentziala eramanez, nazioarteko foroetan parte hartuz, hala nola Munduko Gizarte Foroan, edo nazioarteko lankidetza-proiektuetan parte hartuz.
Urtetan ideia buruan izanda eta pausuak ematen jarraituz, 2018an gaur egungo Geltoki inauguratu zen. Geltoki Nafarroako ESSaren erreferentzia-proiektu bat da, nekazaritzako ekologiarekin eta elikagaien subiranotasunarekin lotutako beste erakunde batzuekin lankidetzan martxan jarritakoa. Proiektu honek beste eredu ekonomiko bat jartzen du Nafarroako hiriburuaren erdigunean, beharrezko eta desiragarria den metamorfosi eko-sozialari esperientziak eta ezagutzak eskainiz.
Azken bi urte hauetan, erakundeen aitorpen handiak jaso ditugu gure lanean: 2021ean, Nafarroako Parlamentuko Urrezko Domina jaso genuen Gizarte Erakundeen Plataforma osatzen dugun gainerako kideekin batera (Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea, Nafarroako GGKEen Koordinakundea eta Cermin Nafarroa), eta 2022an, Nafarroako Gobernuaren Urrezko Domina jaso genuen, oraingoan CEPES Navarra Ekonomia Sozialeko enpresa-konfederazioan parte hartzeagatik, Ekonomia Sozialeko gainerako familiekin batera.
Gaur egun, 61 erakundek osatzen dute REAS Nafarroa. Horietan 680 pertsona eta 1950 boluntario inguruk egiten dute lan, eta urtean 37 milioi euroko diru-sarrerak ditu.
Gainera, Ekonomia Sozial eta Solidarioko mugimendu konfederalaren parte gara, bai Estatuan, bai nazioartean, eta eredu ekonomiko hori finkatzeko erronka dugu, gizarte- eta ingurumen-larrialdiek gaur egun eta etorkizunean dakartzaten erronkei aurre egiteko: erregai fosilekiko eta ekoizpen-gurpilaren hazkunde mugagabearekiko mendekotasuna duen merkatu kapitalista eraldatzea – kontsumoa, metropoliaren ertzetan herri eta lurraldeen beharrezko ustiapenean eta espoliazioan oinarritua; elikadura eta energia burujabetza defendatzea eta garatzea, edo pertsonak eta haien bizitzak ekonomia-jardueraren erdigunean jartzea, naturarekin eta gure komunitatearekin lotutako izaki gisa behar ditugun zainketak bermatzeko.
Hori dela eta, ESS praktikatzen duten erakundeen kopurua handitzen jarraitzea eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen beste sare eta erakunde batzuekiko harremanak estutzea dugu helburu.
Geltokirentzat, erronka nagusia da proiektua ESSren erreferente eta erakusleiho gisa finkatzea, eta, nola ez, beste urte asko betetzen jarraitzea.
2018ko ekainean ireki genuenetik, 663 jarduera programatu dira; horietatik 299 hainbat taldek antolatutakoak eta 364 zentroak berak. Tokiko 255 artistak edo artista-taldek beren lana erakutsi edo antzeztu dute horretarako prestatutako espazio eta ekitaldietan. 234 izan dira espazioa erabili duten gizarte kolektiboak, instituzioak eta/edo taldeak. Eta 343.950 pertsona izan dira 5 urte hauetan programatutako jardueren onuradunak.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, eta lan horrekin guztiarekin eta oraindik egiteke dugun lanarekin, ilusioz ospatzen ditugu urteurren hauek. Eta datorren larunbatean, azaroak 4, egingo dugu, 11:30etik aurrera, Geltokiko gune zentralean. (Programazioa eskuragarri dago)
Gainera, azaroan zehar, eta bosgarren urtez, Geltokiko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren (#mESS) hilabetea ospatuko dugu, era guztietako jarduerekin: tailerrak, hitzaldiak, ikuskizunak… #mESS-aren edizio honek “Ekonomia alternatiboak: hemen eta orain” du leloa, eta erakunde, enpresa eta kooperatibek ESS lortzeko trantsizioan, ekonomia sozial eraldatzaileko sareen esperientzietan eta finantzaketan oinarrituko da.